Angel Erro.
JIRA

Loteria

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Aurrekoan, Burlatan, inoiz harekin hitz egin ez arren, betidanik herrian ikusteaz ezagutzen dudan emakume bati, beste batekin hizketan, aditu diot, eginahalak aginahal, ez zaiola dirua loteria erosteko ere iristen. Hasieran, ustekabean umoretsu iritzi diot kexuari, artotarako ere ez duela esan nahi, baina, hiperbolearen eraginez, gastu erabat alferrikako bat, ez beharrezkoa, hizpideraaterata. Pixkanaka ohartu naiz beharbada oker nabilela.

Loteria bulegoetara ez dira bakarrik ludopatak eta diruzalekeriak itsututakoak. Soldata tentuz kudeatu eta oso kostata luzatu behar duten askok, ezin konta ahala neskame, zaintzaile edo garbitzaile hegoamerikarrek, gaztetan joko zaleak izan gabeko zahar askok osatzen dituzte gehienbat ilarak. Lagun batek kokainari autoestimu gramoa deitzen dio. Jende askok estualdia gainditzeko itxaropena (ezen ez aukera) erosten du loteria txartelarekin batera.

Baina urritasunean, Danteren infernuan bezala, beheranzko zirkulu bat baino gehiago egon badago. Zorrotz epaitu dut auzokidea, harik eta ohartu naizen arte edonori gerta dakiokeela erosketa saskitik itxaropena ezabatu behar izatea ere. Lehenago horixe erosi behar izateko estualdira iritsi izana baino ez da behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.