Angel Erro.
JIRA

Palmira

2015eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Amante des hauts faits que l'univers admire, Muse, chante avec moi la ruine de Palmyre. Horrela hasten da Palmyre conquise olerki luzea, hamabi kantutan banatua, edo ia-ia, Palmiraren hondamendiaren ordez, Zenobia, bertako erregina, abesten laguntzeko eskatzen baitio Musari Claude-Auguste Dorionek. Garai bertsuan, Thomas Love Peacockek ere olerki luze bat idatzi zuen, Palmyra izenburu duena. Gaia (basamortu erdian loratutako zibilizazio handi baten hondakinak, berriro basamortu bilakatzera deituak) oso egokia zen Denborak guztiaren gainean duen nagusigoaz aritzeko, hots, erromantiko jartzeko. Gurean, pixka bat berantago, Josetxo Azkonak baino ez du ahots poetikoa goratu, nik dakidala, Palmira, oi!, Palmira aldarrikatzeko, Patata soro bat liburuan.

Orain jakin dugu Estatu Islamikoak Palmira konkistatu duela, eta susmatzekoa da, beste toki batzuetan bezala, Denborari lagundu nahiko diotela olerki erromantikoak sorrarazten. Beranduegi akaso. Dagoeneko ez gara erromantikoak, XX. mendeko giza eskubideen seme-alabak baizik. Orain lanak izanen nituzke harrien suntsiketari poema bat eskaintzen, jendea hiltzen ari den gatazka baten erdian. Poema baten partez, bihoa zutabe hau, urtuko den zelulosako, ezabatuko diren bytetakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.