HITZ BESTE

Esker ona

Anjel Lertxundi -

2017ko otsailak 11
Oliver Sacks neurologo idazleari minbizi terminala diagnostikatu ziotenean, artikulu gogoangarria idatzi zuen bere egoeraren berri emanez. Hil aurretik idatzi zuen beste hainbat testu labur ere, azkena Sabat autobiografiko aparta. Hil eta laster testuok bildu eta Gratitude izeneko liburutxoa argitaratu zuten. Nik dudan edizio gaztelaniazkoak 62 orrialde ditu: lurrin sarkorrenak flasko txikian. Edo Quevedok zioen eran, «badira liburu llaburrak, zeinak merezi bezala gozatzeko luze behar baita bizi».

Jozulin blogariak (hala omen da izatez, Jozulin, nahiz batzuetan Josu Lezameta ere deitzen dioten, hala dio berak Jozulin.eus blogean) Sacksen liburutxoa euskaratu du, baina ez baitu antza paperean argitaratzerik lortu, saretik plazara ateratzen hasi da Esker ona izenburuarekin. Hitzaurrea pausatu du lehenik; datorren astetik gainerako testuak etorriko dira doan debalde. Bizia luze eta gozamena sarkor, irakurle, testu llaburron konpainian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: