Angel Erro.
JIRA

Performancea

2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Terminologiak berebiziko garrantzia du. Lutxo Egiak, ostegunean, egunkari honetako elkarrizketan, hala nabarmendu zuen, bere hilabete osoko performance-a azaltzean kazetariari zehaztu zionean kontua ez zela hilabetez gaztelaniari uko egitea erabaki duela, baizik eta hilabetez uko egingo diola hizkuntza hegemonikoa erabiltzeari. Aurreko egunean, egunkari honetan, Jule Goikoetxeak subalternitatea aurkitu zuen euskalduntasunaren giltza, hots, hegemonikoa ez izatea.

Batzuetan susmoak hartzen nau modako terminoak erabilita ere ez ote garen beti betikoa esaten ari. Beste garai batean Lutxo Egiaren egitasmo berez txalogarria ekintza bat litzateke, edo erronka, edo Euskal Herrian Euskaraz plataformako kanpaina pertsonalizatua. Euskara eta euskalki guztietan bolo-bolo dabilen hegemoniko-subalterno dikotomia, berriz, zentral-periferiko, menperatzaile-menperatu edo kolonizatzaile-kolonizatu izendatuko genuke garai ez urrunegi batean.

Ez dakit performance bat den, baina neure buruari erronka jarri diot hilabete batez «hegemoniko» hitza erabili (eta entzun) gabe egotea. Uste dut Bilbon euskaraz aritzea baino zailagoa izan daitekeela. Beldur naiz hitz fetitxea kenduta zer pentsatu gabe ere geldituko ote naizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.