Angel Erro.
JIRA

Euliak

2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Zeuxis margolariaren bikaintasunaren marka pasadizo txiki batean laburtzen da: berak mahatsak pintatu, eta txoriak, benazkoak, margolanera hurbiltzen ziren mahats aleak hartzen saiatzera. Txori horiek, urteekin, margolanen barrura sartu ziren, euli bilakatuta.

Milaka margolarik euli bat sartu dute, ikusleak engainatu nahian. Lore edo haragiaren gainean, euli iruzurgile horrek, artisten maisutasuna erakusteaz gain, iragankortasuna ere adierazi du, memento mori txiki, mugikor eta ikuslearentzat gertukoaren bidez, edo baliabide ironikoarena egin du, solemnitatea kenduz dena delako eszenari, edo alde ilunaren itzala sartuz, gauza jakina baita deabrua bestizenez eulien jauna ere badela.

Bada dioenik margolanetako eulia telebistako platoetara aldatu dela, hortik gauza bera ez bada, antzekoa gogorarazteko: «Ez sinetsi gehiegi hemen esandakoak, hau guztia galkorra da, kazetari honek egiatzat pasarazitakoari ustel usaina dariolako nago ni hemen».

Abisu handiak eman dizkigute mendeetan euliek. Oraindik nabari ez arren, udaberria hemen da, laster itzuliko dira euliak gurera, edo ez. Gogoan dut amatxiren azken urteetako kezka errepikakorra izan zela eulirik ez zuela ikusten. «Batek daki zer botatzen dioten haizeari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.