Albistea entzun

Itzuli ez zirenentzako dantza

Juan Carlos Perezen musika, Kirmen Uriberen hitzak eta Asier Zabaletaren koreografiak ditu Olaeta balletak ostiralean Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duen 'Itzulera' emanaldiak. Dantza tradizionalak eta garaikideak uztartuz kontatzen du Andima Ibiñagabeitiaren historia.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko azaroak 3 - Bilbo

Zerbait josterakoan orratza agertu eta desagertzen den gisan, hala doaz Olaeta balleteko dantzarien mugimenduak ere agertuz eta desagertuz. Eguzki dantzaren lehen notak entzuten dira orain, eta doinu tradizionalari dagozkion oin mugimendu tradizionalak agertzen dituzte dantzariek, aldaketa txiki bat musikan, ordea, eta ezkutuan dira mugimendu tradizionalak. Airean altxatu du dantzaria bere kideak, eta dantza mugimendu garaikideak azaleratu dira orain. Buelta berriz gero tradizionaletara, eta sartu-irten horretan doa pieza. Entsegu saioa da oraingoa, baina hori da ostiral eta larunbatean Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko duten Itzulera piezaren funtsa: uztarketa hori. Propio ikuskizunerako egokitu du musika Juan Carlos Perezek, piezarako espresuki idatzi ditu testuak Kirmen Uribek, eta Asier Zabaleta koreografoak sortu ditu dantzak. Berak elkartu ditu elementu guztiak, berak egin du dramaturgia, eta bera dabil orain gidari entseguan ere. Jostun.

Andima Ibiñagabeitia idazlearen historia kontatzen du ikuskizunak, eta nahasian doaz errealitate gordina eta ametsen mundua. 1936ko gerran erbestera jo zuen sortzaile bizkaitarrak, eta Caracasen hil zen sekula Euskal Herria itzuli gabe. Horraino errealitatea, baina, hain zuzen ere, haren itzulera kontatzen du emanaldiak; haren ametsezko itzulera, ezinbestean. Uribek prestatu du gidoia, baina Perezen musika da eskeletoa. Bilboko Orkestra Sinfonikoak 2007an estreinatu zuen Bizkaieraz lana izan da ikuskizunaren oinarria hasiera-hasieratik, eta musika horren hariari tiraka sortu da gainontzeko guztia gero. Horri tiraka garatu ditu dantzak Zabaletak, eta musika horri tiraka idatzi ditu Uribek ere Ibiñagabeitiari buruzkoak.

Moldatu egin du jatorrizko pieza Perezek, halere. «Bizkaieraz oinarria da, baina Olaetakoek dantza tradizionalak eta modernoak nahasi nahi zituzten, eta pieza tradizional batzuk ongi etortzen zitzaizkion musikari horregatik. Haien moldaketa batzuk egin, eta Bizkaieraz-en tonua errespetatuz, dantza tradizionaleko Bizkaiko lau pieza ezagunetan sartu eta atera dabil musika, beti erritmoari jarraituz, dantzariek hori behar dutelako». Izan ere, dantza izan du gidari nagusia Perezek. «Horrek izan behar zuen protagonista, eta hori izan dugu buruan etengabe». Zuzenean joko dute musika emanaldietan, eta Andres Juncos zuzendariak gidatuko ditu emanaldiak.

Bidaia bat imajinatu zuen Uribek musika entzutean. «Nik imajinatu nuen Bizkaia ikusten zela musika horretan hegazti baten begiarekin: agertzen zela kostaldea, Gorbeia aldea, agertzen zela Bilbo, eta agertzen zela meatzaldea. Orduan irudikatu nuen itzulera bat hegazkinez Bilboko aireportura. Eta galdetu nion neure buruari, nork ikusten du lurralde hori dena hegazkinetik?». Eta hor heldu zitzaion Ibiñagabeitiaren figura. Josu Camara aktoreak jokatuko du oholtzan.

Eskutitzen arkeologo

Ibiñagabeitiaren ahotsa errespetatzea izan da Uribek bere buruari jarri dion erronka, eta haren eskutitz eta testu txatalak baliatuz sortu du testua horregatik. «Oso gutxi da nirea-nirea. Hautaketa eta ideia orokorra dira nireak, baina hitzak eta esaldiak haren testuetatik jasota daude. Ez denak, baina bai neurri handi batean. Ez nuen ahots berri bat asmatu nahi, eta arkeologoaren lana egin dut haren ahotsa errespetatzeko». Gorazarre bat egin nahi izan dio Uribek egileari. «Belaunaldi hura gabe euskararik ez zen egongo. Gerraurreko urrezko aro hori dago, Lauaxeta, Lizardi, Aitzol, Orixe eta abarrekin, eta gero dago bigarren urrezko aroa: Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga... Bi aro horien artean katebegi moduan egin zuen belaunaldiari egin nahi nion gorazarre Ibiñagabeitiaren bidez. Oso oharkabean pasatu den belaunaldia da, baina lan beharrezkoa egin zuen».

Erronka handia izaten ari dela onartu du Jone Goirizelaia Olaeta balleteko kideak. «Guk beti uztartu ditugu folklorea eta ballet klasikoa gure lanetan, baina Perezen musika entzutean beharrezkoa iruditu zitzaigun zerbait ezberdina egitea, eta Asier [Zabaleta] deitu genuen horregatik». Zabaleta aurrez ere aritua da bere konpainiarekin euskal dantzekin esperimentatzen, baina lehen aldia du nagusiki euskal dantzetan aritzen den talde batekin halakorik egiten. Azaldu du bere erronka: «Euskal dantzak atera ditugu pixka bat taldearen orain arteko esparrutik». Agertu eta desagertu, beraz, orratza.

Itzulera ikuskizunarekin batera, balleteko umeekin sortutako Jaietan lana ere eskainiko dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...