Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia «Sindikatua sindikaturik bako sektoreetan berrituko da»

Publizitatea

Ekonomia

Maiatzaren Lehena. Elkarrizketa. Jon Bernat Zubiri Rey. Ekonomia aplikatuko EHUko irakaslea

«Sindikatua sindikaturik bako sektoreetan berrituko da»

Zubiri Reyk uste du sindikatuek eragile sozialekin batera lan egin beharko luketela sindikatu gabeko sektore ugaritan. Horretarako mahai horizontal bat sortu beharko litzatekeela dio.
Argazkia: ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Sindikatuak egungo testuinguruan hartu beharko luketen jarreraren inguruan jardunaldi bat antolatu zuten joan den astean EHUren Lan Harreman eta Langintza fakultatean. Han hartu zuen parte Jon Bernat Zubiri Rey Ekonomia Aplikatuko EHUko irakasleak. Gazte enplegua eta zerbitzuetako soldatapeko sindikalismoa izeneko ikerketa egin du, egungo sektore berriak sindikatzeko dauden zailtasunen inguruan. Gazteak presente dauden sektore berri askotan ez dira sartu sindikatuak, baina horietan sartzeko zailtasunak ere badauzkate. Zein bideri jarraitu beharko lioketen proposatu du Zubiri Reyk. Horretaz gainera, sindikatuen eta unibertsitatearen arteko harremanak gehiago estutu beharko liratekeela ere uste du.

Gazteen sindikatzearen eta hirugarren sektoreko sindikatzearen inguruan egin duzu ikerketa. Zein harreman daukate gazteek sindikatuekin?

Nik uste dut sindikatuek nahiko harremana heterogeneoa dutela gazteekin, eta sektorez sektorekoa. Hau da, sektore batzuetan gazte gutxi daude, eta, orduan, sindikatuak nahiko zaharkituta geratu dira. Ez dute lortzen harremanetan jartzerik sektoreotan sartzen diren gazte apur horiekin. Kultura sindikaletik urrun dauden gazteek ez dute antolakuntza eredu moduan ikusten. Baina horrekin batera, gazte askoko sektoreak daude, eta aukera egongo litzateke sindikatuaren barruan berrikuntza prozesuak egiteko; baina, sindikatuak ez daude sektore horietan, edo sindikatze maila oso txikia da. Leku horietan sindikatuen jardunerako baldintzarik ez dago, ekintza sindikalerako mugak daudelako eta enpresek trabak jartzen dituztelako.

Esan daiteke sindikatuak geldo dabiltzala garai berrietara egokitzen?

Bai. Nik ez nuke esango egokitu ez direnik, eta saiatzen ari dira merkataritzan eta zaintza zerbitzuetan praktika berriak egiten. Baina egoera oso zaila da, eta oso kaskarra, ekintza sindikala aurrera eramateko. Sektore horietara inguratzen direnean, jendea horretan jartzen dute lanean, eta, azkenean, sindikatuen egiturek sektore horietako gazteen planteamenduak hartzen dituzte. Horrek praktika berriak egitera bideratu dezake sindikatua.

Pentsatzen duzu kapitalak sindikatuei boterea kentzea lortu duela?

Bai. Sektoreen berrantolaketa horretan, kapitalak belaunaldien arteko aldeak baliatu ditu sindikatuei atea ixteko edo jarduera sindikala mugatzeko. Hain justu, gazteen lan iturri diren sektore hauetan. Sindikatuen barne antolakuntza arazotik haratago, hori izan daiteke sindikatuen indar galeraren arrazoietako bat.

Sindikatu gabeko sektoreetan nola egin beharko litzateke lan? Sindikatuek euren antolaketaren barruan txertatu beharko lituzkete borroka horiek, edo beste modu baten jokatu beharko lukete borroka horietan?

Nik uste dut sektore horietan dagoela sindikatuen berrikuntzarako iturri nagusia. Sindikatuen arteko lehiatik haratago joan, eta gai dira soldata txikiko eta aldizkako enpleguan oinarritutako sektore batean eragiteko edo laguntzeko. Zertarako sortu sindikatu egitura zehatz bat, eta ez bideratu sindikatu eta eragileen arteko harreman horizontal bat bultzatzera? Azkenean, sindikatuak dituen jakintzak eta baliabideak halako antolaketetarako baliatu daitezke, eta aberasgarria izango litzateke.

Etxeko langileen kasua da horietako bat: sindikatu gabe dagoen sektorea da. Sindikatuek, adibidez, sail bat sortu beharko lukete?

Ez daude kontrajarriak. Sindikatuek ahalmena dute sektore horiei eskura dauzkaten baliabideak eskaintzeko. Hor aritzen diren talde batzuek plantea dezakete sindikatzea, eta euren antolakuntza sindikatuen baitan egitea. Ikuspegi intersindikal batetik, sektore horiei laguntzeko beharra dago, eta erabakigarria izan daiteke sektore horietan aurrera egiteko.

Horrek nola aldatuko luke sindikatuen barruko antolaketa?

Ariketa eraginkor bat izango litzateke egitura sindikalaren berrikuntza bat bultzatzeko. Goranzko joera izan dezaketen sektoreetan sekzio sektoriala sortuta, lortuko litzateke sindikatuetan lekua egitea langile kolektiboei eta ekintza bereziei. Sindikatuaren adarretan egoten diren hausnarketak oso beharrezkoak dira kapitalarekiko harremanean. Lan egoera kaskarrei aurre egiteko, sindikatuek eta eragile sozialek pausoak eman behar dituzte.

Lehia sindikaletik aparte?

Sindikatuen arteko lehia dagoenean, langileekin tratuan aritzea bezala izan daiteke, nork eskaintzen duen zerbitzu hoberena, norekin eduki dezakeen aukera gehiago enpresarekiko harreman hobea izateko... Orduan, sindikatuen arteko lehiak eta, bereziki, sindikatu abertzaleen eta ez abertzaleen arteko lehiak, ez du ematen sindikatu gabeko sektore horietan antolakuntza eraginkor bat egiteko aukerarik duenik.

Unibertsitatearekin harremanak berrikusi beharko liratekeela ere badiozu. Zergatik?

Enpresa eredu batean oinarritutako gizarte batean gaude, eta langileek zailtasunak dauzkate erabilgarriak diren hausnarketak sortzeko, eta bereziki sindikatuek. Sindikatuek galdu egin dute aurreko belaunaldietako unibertsitateko irakasleekin eduki zezaketen harremana, eta hori berreskuratu beharko luketela uste dut, gizartearen analisi zehatzago bat egiteko bidean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak