Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika «Utzi alderdikeriak, egin dezagun presio eraginkor bat»

Publizitatea

Politika

Urtzi Errazkin. Etxerat-eko bozeramailea

«Utzi alderdikeriak, egin dezagun presio eraginkor bat»

«Zoritxarrez, beste behin, aktualitateak arrazoi eman digu». Del Hoyo presoa hil berritan, «kartzela politika suntsitzailearen» aurka «ahots bakarrez» ekiteko garaia dela dio Errazkinek.
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Hodei Iruretagoiena

Ez dira egun errazak izan azken bi asteotakoak euskal preso eta iheslarien senide eta lagunentzat. Kepa del Hoyoren heriotzaren ostean hitz egin du BERRIArekin Etxerat elkarteko bozeramaile Urtzi Errazkinek (Donibane Garazi, 1975), Chateaurouxe espetxera (Frantzia; Euskal Herritik 680 kilometrora) anaia bisitatzera irten aurretik. Presoen eskubideen alde elkarlanean aritzeko garaia dela nabarmendu du.

Joan den astean heldu zen berria: Kepa del Hoyoren heriotza.

Zoritxarrez, denbora daramagu esanez kartzela politika hau suntsitzailea dela, mendekuan oinarritua; bai guretzat, senide garen heinean, baina, bereziki, presoentzat. Zoritxarrez, beste behin, aktualitateak arrazoi eman digu. Kepak 20 urte zeramatzan espetxean, sakabanatua, etxetik 750 kilometrora urrunduta, eta kartzelan bizitako baldintza gogor horiek izan dira bihotzekoak jotzeko arrazoia. Ezin da esan gauza natural bat izan denik. Bakartzeak, jipoiak, mehatxuak... Horrek deuseztatu egiten du pertsona, fisikoki eta psikologikoki. Denbora gure kontra doa. Leku guztietan esaten da denbora behar dela gauza hauek aldatzeko, baina hain justu, denbora da ez daukaguna. Asteburu honetan ere, errepidean jarri beharko gara, presoek egoera berean jarraitzen dute. Ezin dugu gehiago itxaron. Halakorik ezin da berriz gertatu.

Del Hoyok ez zuen gaitz larririk, ez zegoen zerrenda horretan. Eta, hala ere, hilik da. Zer hausnarketa eragiten dizue horrek?

Horrek adierazten du zer krudela den espetxe politika hau, eta zein baldintzatan dituzten euskal preso politikoak. Bizi osorako zigorrak dituzte, ateratzeko aukera izpirik ere ez da ikusten, eta, gainera, baldintza horietan. Politika suntsitzailea da. Egunez egun doa okerrera presoen osasuna; bai fisikoki, bai psikologikoki.

Senideekin egon zarete?

Noski. Notizia jakin bezain pronto, harremanetan jarri ginen, eta, ahal izan dugun neurrian, haiekin egon gara une zail eta gogor hauetan, ahalik eta elkartasun gehiena adierazteko, eta behar zuten guztian laguntzeko. Zoritxarrez, aurreko astean Kepa del Hoyoren senide eta lagunei egokitu zitzaien mina beren gorputzean sentitzea, baina preso guztiek eta senide eta lagun guztiek, hein batean, min hori bera sentitzen dugu, badakigulako edozein egunetan guri egokitu ahal zaigula.

Loiolako elkarretaratzean, Urkullu lehendakariarekin une batez egoteko aukera izan zenuten. Zer helarazi asmo zenioten?

Urtero bezala, Loiolako elkarretaratze horretan beti saiatzen gara lehendakariari, edo Eusko Jaurlaritzako ordezkariari, azken hilabeteetako txosten bat edo eskuartean dugun gaia helarazten. Asmoa genuen azken hilabeteetako datuak emateko: azaltzeko preso eta senideentzat egoera ez dela batere aldatu. Ez aldatzeak ez du esan nahi berdin gaudenik, egoera okertzen ari dela baizik; egunak aurrera doazen heinean, gure egoera okertuz joaten delako. Larritasun hori helarazi nahi genion, pausoak azkartzeko.

Testuingurua berezia izan da aurten: preso bat hil eta hurrengo egunean izan da ekitaldia.

Zoritxarrez, bai. Oraindik eta indar gehiago hartu zuen eman nahi genion urgentziazko mezu horrek. Aitortu genion pausoak ematen hasi direla, eta Euskal Herrian ikusten dela alderdi politikoen, sindikatuen, eta, batez ere, gizartearen aldetik, eskakizun zehatzak daudela mahai gainean. Baina, hori onartuta ere, denboraren auzia jarri genion mahai gainean: guk ere nahiko genuke iraganean hitz egin, honi guztiari atea itxi, eta beste perspektiba batekin hasi hau guztia ikusten.

Erantzunik-edo eman zizuen?

Esan zigun guk ere bagenekiela lanean ari direla, denbora daramatela horrekin, eta azken hilabeteotan pauso berriak ematen ari direla, ahal duten guztia egiten ari direla. Esan genion guk: argi dago, oraingoz, ez dela nahikoa.

Bestelakoan, baduzue harremanik erakundeekin-eta?

Iazko udazkenean hasi ginen harremanak egiten alderdi eta sindikatu guztiekin, akordio sozial bat ateratzeko aurrera, gutxieneko neurrietan oinarrituta. Ez gara ari beste munduko ezer eskatzen: legea betetzea. Gaitz larriak dituztenak etxeratzea, eta sakabanaketa, urruntzea amaitzea. Hor, kontsentsu zabala dago; batez ere, euskal gizartean. Baina baita sindikatu eta alderdien artean ere; PP kenduta, beste guztiak ados daude. Baina hori aurrera eraman behar da, Euskal Herritik ahots bakarrarekin joan gaitezen Madrilera eta Parisera.

Parisera joan zineten talde bat duela gutxi, ezta?

Hor ere antzeko zerbait bilatu genuen. Denok ahots bakarrarekin, helburu batekin joan ginen eskakizun bat egitera. Hori da Hegoaldean ere bultzatu nahi genukeena, eta horretan ari gara.

Armagabetzea gauzatu ondoren, aipatu da balio dezakeela hango formulak. Parisen, goi mailako harremanak ere izan zenituzten. Zer sumatu zenuten?

Prozesua luzea izan da. Aieteko Konferentziaren egunean hasi zen hau. Han, Hegoaldeko eta Iparraldeko hainbat alderdi politikotako jendea egon zen. Egia da apirilaren 8ko armagabetzeak hori guztia bultzatu duela. Ordezkari talde horretan, aipatzen zen baikorra zela Frantziak hura ez oztopatu izana, eta bide berean segitzeko eskatu genion.

Nork osatu zenuten taldea?

Aipatu beharra dago alderdi politiko guztietako ordezkariak egon zirela, Iparraldeko erakundeetan ordezkaritza dutenak. Baita eragile sozialak ere: Bagoaz, Bake Bidean, Etxerat, Bakegileak... Jean Rene Etxegarai zen denen buru, eta denek ahots batez hitz egin genuen: bakea nahi dugu, bake prozesu hau bukaeraraino eraman nahi dugu, eta hurrengo ezinbesteko pausoa presoen gaiari heltzea da. Hasteko, gaixo dauden presoek kaleratzea, presoak etxetik ahalik eta gertuena egotea, eta baldintzapeko askatasunak ematen hastea. Eta, hortik aurrera, hasi beharko gara pentsatzen nola egin guztiak etxeratzeko epe motz-ertain batean.

Norekin bildu zineten?

Bilera mordoxka bat izan genuen: giza eskubideen aldeko taldeekin —Frantzian garrantzia handia dute—, eta baita politikariekin ere. Barne Ministerioko talde batekin ere egon ginen.

Harrera ona izan zen?

Bai. Entzun gintuzten, eta asko agertu ziren laguntzeko prest. Ikusiko dugu datozen hilabeteetan pausoak ematen hasten diren. Espero dugu Frantzia Espainiarengandik aldentzen hasiko dela.

Abenduaren 9an dago hitzordu bat Parisen. Zer garrantzia du?

Guri gustatuko litzaiguke abenduaren 9rako pauso batzuk emanak izatea Frantzian, baina, zoritxarrez, badakigu estatuei kosta egiten zaiela, ez badute benetan presio handia nabaritzen. Garrantzitsua da egun hori, Parisen egingo den mobilizazio handi bat izango delako. Lanean ari gara horretarako, Frantziako hainbat eragilerekin bilkurak eginez, Euskal Herriaren hitz hori Frantziako askok ere har dezaten. Estatuei argi eta garbi esan behar diegu horrela ezin dugula jarraitu. Data hori gorde behar dugu, denok joan behar dugu Parisera.

Hegoaldean ere adostasun bat lortzen ari dela esan duzu. Madrilen aurrean ahots bakarrez aritzeko baldintzak badaude?

Gero eta argiago ikusten dugu, Hego Euskal Herrian ere, presoen eskubideen eta Espainiak eta Frantziak erabilitako salbuespen legeen inguruko egoera horiek gainditzeko garaia badela. Hor, PP kenduta, ados gaude beste guztiak. Orain, ordua da hori praktikara eramateko. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da, zeren, azkenean, atzean dagoena sufrimendua da. Giza eskubideak urratzen ari dira, ez gara gauza arinez ari. Utz ditzagun alderdikeriak, eta egin diezaiogun benetan presio eraginkor bat Madrili.

Denbora pasatzen ari da, eta, Espainiako Barne ministroaren adierazpenak entzunda, baldintzak gehitzen ari dela dirudi.

PPen immobilismoa eta mendeku gosea erakusten du horrek. Pauso batzuk eskatzen ziren, horiek bete, eta segidan beste batzuk. Gero ere izango dira gehiago. Azkenean, aitzakiak baino ez dira. Hori puskatu beharra dago, eta horretarako denok batera joan behar dugu. PP bakarrik utzi behar dugu Espainian ere. Horretarako, politikari eta sindikatuek badute indarra, baina gizarteak ere bai. Guk gizartearengan sinesten dugu. Hari egiten diogu dei, bultza dezan, ahalik eta presio gehiena egiteko; bai hemengoei, baina, batez ere, Espainiakoei. Sufrimendua bultzatzen segitu nahi dute, ez digute utzi nahi bakean bizitzen Euskal Herrian.

Aktibazio sozial hori nola ikusten duzu? Badaude dinamika berriak — Ireki, Kalera—...

Ikusten da mugimendu handiak sortzen ari direla. Ireki-rena garrantzitsua izan da: langile mugimenduan 80.000 sinadura jaso zituzten, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eman, Foro Sozialaren bidez. Foroaren lana ere oso garrantzitsua da; eragile eta norbanako ugari ari gara hor lanean, eta konfiantza osoa daukagu gizartean. Gizarteak argi dauka zer nahi duen: bake justu eta iraunkor bat. Horretarako, presio egiten jarraitu beharko dugu, benetan aukera daukatenek hori aurrera eraman dezaten. Foro Sozialak hartu du indarra, eta aurrera jarraituko du, nik uste, gero eta indar gehiagorekin. Horrek guztiak eramango gaitu bake justu eta iraunkorrera. Argi daukagu iritsi, iritsiko dela. Galdera da: zergatik atzeratu, atzeratze horrek hainbeste sufrimendu sortzen duenean?

EPPK-ren gogoetak aldaketa esanguratsuak ekarri ditu. Zer nabarmenduko zenukete zuek?

Pauso bat gehiago eman duela kolektiboak, pauso garrantzitsu bat. Guztiek ikusi dute hori. Baina argi utzi beharra daukagu: hori praktikara eraman ahal izateko, salbuespen legedia amaitu behar da, bestela ez dago zer eginik. Horretarako, kolektiboari lagundu egin behar zaio, esparru guztietatik, pauso horiek egingarriak izan daitezen. Oraintxe, ez dira. Lehen ere eskatzen ziren baldintzapeko askatasunak. Gaitz larriak dituzten presoak hor daude: eskatzen eta eskatzen ari dira, legedia guztia betetzen, eta, hala ere, ez dituzte onartzen. Espetxean hiltzen uzten ari dira. Horretan, argi dago estatuek dutela zerikusi handia, baina besteok ere asko lagun dezakegu. Jar gaitezen denak bide berean, behingoz, eta gara dezagun bide orri bat.

Bide orri horrek zer jaso behar luke zuen ustez?

Etxerat elkartea hain plurala eta zabala izanik, ez gara sartzen gai politikoetan-eta. Guk exijitzen dugu konponbidea, baina hori adosteko badaude alderdiak, sindikatuak... Kolektiboarekin batera, jar daitezela lanean; batez ere, elkarlanean. Ez bakoitza bere bidetik. Guk mahai gainean jartzen dugu gaitz larriak dituzten presoena, sakabanaketa politikarena, urgentziazko gaiak direla. Baina, aurrera begira, beste arazo batzuei ere eman beharko zaie soluzioa, eta hori da preso eta iheslari guztiak etxean egotea.

Zer lan ildo nagusi dituzue aurrera begira?

Senide eta lagunen asistentzia, preso eta iheslarien eskubide urratzeak salatzea eta guk bizi ditugun sufrimenduak mahai gainean jartzea. Azken urte honetan, gehienbat, urruntzea eta preso gaixoen gaiarekin ari gara. Adingabeei urruntzeak dakarkiena landu dugu, eta orain adineko pertsonengan eta gaixo daudenengan dituen ondorioak lantzen ari gara. Eta, noski, bake prozesu honetan aurrera jarraitzea. Etxerat-ek, ahal duen neurrian, jarraituko du horretan: Foro Sozialean, Bagoaz-en... Memoria historikoaz-eta hitz egiten da hemen, baina sufrimendu batzuk ez dira aitortzen. Errepidean hildako hamasei senide eta lagunak biktimatzat hartzea nahi dugu, bi xederekin: bat, sakabanaketa amaitzeko, eta bi, berriz gerta ez dadin.

Zer moduz doaz Europako bidaietan egindako harremanak?

Europarlamentariak hemen egon ondoren atera zuten txostenetik abiatuta, ikusi genuen gaitz larriak dituzten presoen egoerak sortu zuen harridura, larritasuna. Haiek esan zuten interesgarria zela hori Europan gehiago zabaltzea, eta horretan gabiltza. Guk gure bidean jarraituko dugu, eta espero dugu guk ere, laster, iraganean hitz egitea.

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena Hodei Iruretagoiena

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak