Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Haserreak eraman ninduen banderak kentzera»

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma. Angels Martinez. Catalunya Si Que Es Poteko diputatua

«Haserreak eraman ninduen banderak kentzera»

PPk azken osoko bilkuran «kolonizatzaileek bezala» jokatu zuela uste du Martinezek. Kritikoa da bere taldearekin ere:«Inork sekula ez zidan abisatu ez nuela izango boto askatasunik».
Argazkia: DANI CODINA

2017-09-14 / Saioa Baleztena

Joan den astean Erreferendumaren Legea onartu zen osoko bilkuran ezagutu zuen batek baino gehiagok Angels Martinez Castells Catalunya Si Que Es Pot-eko diputatua (1948, Mollet, Herrialde Katalanak). Gehienbat, Kataluniatik kanpo. PSUC Kataluniako alderdi sozialista historikoko militantea izan zen 1968tik 1982ra, eta Bartzelonako Unibertsitateko ekonomia irakaslea 1976tik 2008ra. Parlamentuan bildu da BERRIArekin, Kataluniako momentu historikoaren gailurrean.

Gerrako galtzaileen alaba zarela erran izan duzu noizbait. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Grisa. Iluna. Hotza eta isilunez betea. Gogoratzen naiz guda ez nuela ulertzen eta horren inguruan galdetzen nuenean ez zegoen sekula erantzunik. Errepresioa ikaragarria zen zentzu guztietan. Inork merezi ez duen haurtzaro hori bizi izan nuen nik.

Iraultza batzuen lekuko izan zara. Lisboan izan zinen Krabelinen Iraultzan [1974ko apirilean].

Zoragarria izan zen. Gogoratzen dut hara iritsi, eta ezagun bat gaixorik zegoela, hiltzear. Baina, jendea mobilizatu eta kaleko zarata entzuten hasi zenean, bizitzen jarraitu nahi zuela erabaki zuen. Tira, nik hegazkin bat hartu nuen eta hara joan nintzen. Han izan nintzen lehen Maiatzaren Lehenean, mobilizazioaren lehen ilaran. Sekulako giroa zegoen. Denak zeuden pozik.

Badago iraultza hura hemengo M15arekin alderatzen duenik.

Nire amaginarrebakideak paralelismo hori egiten zuen. Portugaldarra zen, eta tristura zuen Krabelinen Iraultza galdu zuelako, baina, aldiz, pozik zegoen 2011ko maiatzaren 15eko mobilizazioan Bartzelonako Katalunia plazan izan zelako. Hala ere, Krabelinen Iraultzak guda kolonial baten amaiera ekarri zuen. Eta hori ikaragarria da: jendea hiltzea amaitu zen. Seme-alabak etxera itzultzen dira... Beraz, ilusioak izango zuen antzekotasunik, baina M15ean ezer gutxi lortu zen, Portugalgo iraultzarekin alderatuta.

PSUC alderdiko militantea izan zinen arren, sekula ez zinen erakunde politikan aritua. Nolakoa ari da izaten esperientzia?

Txarra. Ez zitzaidan joan den asteko osoko bilkura batere gustatu. Urteetan joango nintzateke jardunaldi horregatik barkamena eskatzen. Oso tristea izan zen. Jendeak ez du halakorik behar. Zehazki, politikan egin behar ez dena izan zen joan den asteko jardunaldia.

Han eta hemen zabaldu zen zure argazkia, alderdi popularrak Kataluniako Parlamentuan zintzilikatu zituen Espainiako banderak kentzen. Nolatan erantzun zenuen horrela?

Haserreak eraman ninduen banderak kentzera. Alderdi Popularreko kideek banderak utzi eta alde egin zuten, garai batean kolonizatzaileek egiten zuten modu berean. Nola da posible? Ba, nik joan eta kendu egin nuen. Aitortzen dut: ez nuen pentsatu, sentitu egin nuen, besterik gabe.

Badago jendea irainduta sentitu zena.

Sentitzen dut, ez baita nire helburua, baina ez dut barkamenik eskatuko. Eta prest nago azaltzeko behar den guztietan. Ez da lehendabiziko aldia PPk halako zerbait egiten duena Kataluniako Parlamentuan; baina osoko bilkura hark sinbolismo berezia zuen, eta horregatik altxatu nintzen. Eta argazkia izorratu nien.

Aspalditik antzematen zen banaketa bat azaleratu zen Catalunya Si Que Es Poteko kideen artean. Sekula egon da elkartasunik zuen artean?

Ez, gauzak gaizki egin ziren hasieratik. Niri, adibidez, inork sekula ez zidan abisatu boto askatasunik izango ez nuela. Boto askatasunik izango ez nuela jakin izan banu, ez nintzatekeen zerrendetan sartuko. Ezustean harrapatu nau. Catalunya Si Que Es Pot anomalia historiko bat da. Elkartasunak ezinbestekoa izan beharko luke.

Uste duzu zuen banaketaren atzetik alderdi interesik egon dela?

Bai, seguru. Hemen, patata tortilla ere alderdi interesek mugituta egiten da. Eta hori penagarria da, inoiz baino gehiago behar baita politikariok uste osoz jokatzea, politikoki errentagarriagoa den edo ez pentsatu gabe.

Orain, Catalunya en Comu subjektu politikoa eratzen ari da. Zein gomendio emango zenieke Catalunya Si Que Es Potekoa ez gertatzeko?

Jendeak xumea eta gardena izan behar du. Ez da komeni hainbat jokabide ezartzea gainontzeko guztien gainetik, halako proiektu politikoek berezkoa izan behar baitute pluraltasuna. Bektorea zintzotasunak behar du izan. Hain da garrantzitsua…

Egun guti gelditzen dira urriaren 1eko erreferendumerako, eta Espainiako Estatuaren Justizia gogor ari da Kataluniaren kontra. Noraino irits daiteke Rajoyren gobernua?

Ezin da jakin, ikusi beharko da. Ezin dugu ahaztu frankismoaren oinordekoak direla, eta edozer gauza espero dut haiengandik. Salbuespenezko estatuetan bizi izan naiz, eta hau oraindik hori ez bada ere, Espainiako Gobernuaren jokabideak gogorarazten du garai hura, nagusi den bidegabekeriagatik, batez ere. Nik espero dut demokratak esnatzea eta Europako Batasunaren barruan egoteak zerbaitetarako balio izatea.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak