Jaiotza tasa. Elkarrizketa. Anna Cabre. Demografian aditua

«Sistemaren egonkortasuna gai politikoa da, ez demografikoa»

Egungo jaiotza tasa apalak ez du kezkatzen Cabre. Ez du uste zenbaki batek zehaztu dezakeenik jaiotza tasa gomendagarria. Azaldu du kalitatea dela etorkizunari eusteko gakoa, ez kopurua.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Asier Arrate Iruskieta -

2017ko urriak 15
Demografia datuek diotena errealitatean irudikatzea ez da lan samurra. Zaila da erlazionatzea populazio piramide batek dioena gizartean jasotako gertakari historikoekin. Anna Cabrerentzat (Bartzelona, 1943), ordea, denak du lotura. Bartzelonak Unibertsitate Autonomoko katedraduna da, eta Ikasketa Demografikoen Zentroko zuzendaria. Urte luzez aztertu ditu Kataluniako gizarteak izandako aldaketak.

Euskal Herriak Europako jaiotza tasa apalenetakoa du. Nola eragin lezake horrek etorkizunean?

Nik, normalean, ez diot garrantzi handia ematen jaiotza tasari. Gakoa kalitatea da, ez kopurua. Jaiotzen diren umeek hezkuntza, ongizate eta osasun maila onena izan behar dute. Gaur egungo umeen batez besteko heriotza adina ehun urtetik gorakoa izango da; beraz, asko izatea baino gehiago, onenak izatea lortu behar dugu.

Jaiotza tasa apala ez da txarra, beraz?

Nire ustez, ez. Gainera, egun jaiotza tasa apala bada ere, etorkizunean igo liteke. Familiei laguntzak emanez gero, adibidez, posible da haiek ume gehiago nahi izatea, nahiz eta ez dagoen argi laguntzek jaiotza tasaren gorakadan eragin zuzena dutenik.

Ume gutxiago izateak ez luke kolokan jarriko egungo sistema?

Arazoa da, noski, bat-batean gizartearen zati handi bat galtzea, baina gizartearen desazkunde txiki eta progresiboa ez da txarra. Bestalde, gaur egun lurralde jakin batek duen populazioa eztabaidagarria da. Pertsonak ez daude beti leku berean. Badira errolda handia duten tokiak, baina gero inor bizi ez dena; edo bisitari asko hartzen dituztenak. Edonola ere, desazkundea, lehenago edo geroago, Europako estatu guztiek izango dute. Hori hala izango bada, lehen aipatu dudan bezala, gure helburu nagusia izan behar da pertsonek ahalik eta bizi kalitate oparoena izatea. Edonola ere, orokorrean, sistemaren etorkizuneko egonkortasuna gai politikoa da, ez demografikoa. Ume gehiago izatea ez da soluzioa. Pentsioena da horren adibidea.

Lan merkatuan jende gutxiago izateak ez du eragingo pentsioetan?

Erretiratuen errentak modu askotara sostenga daitezke. Egungo pentsioak lan egiten ari direnen kotizazioetatik ordaintzeak ez du esan nahi etorkizunean horrela izan behar duenik. Herrialde batzuetan, zergen bidez ordaintzen dituzte. Gainera, ezin da ziurtasun osoz esan etorkizunean jende gutxiago egongo dela lanean. Posible da populazio gutxiago izatea, baina aktiboagoa, produktibitate handiagokoa eta soldata altuagoak jasotzen dituela. Ez al da kotizatzen irabazitakoaren arabera? Soldata handiagoak kotizazio handiagoa dakar, eta, beraz, diru gehiago. Kotizazioak ere hobetu daitezke. Irtenbideak badaude sistema egokitzeko, baina borondatea behar da.

Borondate falta da sistema kolokan jar dezakeena, beraz?

Batzuen helburua ez da sistemari eustea. Alderantziz, euren nahia da dagoena kendu, eta sistema pribatuak eta indibidualak ezartzea. Hori lortzeko, agintariek argudio gisa erabiltzen dute jaiotza tasa apalek sistemaren iraunkortasun falta ekarriko duten ideia. Egia da, baby boom belaunaldikoak erretiratzen direnean desoreka sor litekeela, baina hori konpon daiteke beste bitarteko batzuen bidez: izan zergak edo estatuaren ondarea. Norvegian, esaterako, pentsioen zati handi bat gasarekin finantzatzen da, eta Alemanian, gaindikin komertzialekin. Kasu horietan, sistema eusteko gakoa ez da jende aktibo asko edukitzea, pertsona helduen diru sarrerak bermatzeko aberastasun nahikoa izatea baino. Enpleguarekin, berdin. Nork daki zenbat lan egongo den etorkizunean edo nora joan beharko den lanera. Alde horretatik, etorkizuneko ekonomia da jakin beharrekoa, ez demografia.

Pentsioen diru iturria aldatzea litzateke populazio aktiboaren murrizketari aurre egiteko modua?

Orain arteko sistema ondo dago, baina eredu hori barreiatuz joango da. Lehenik eta behin, inork ez dakielako zein izango den etorkizuneko populazioa, eta egungo sistema kalkulu horretan dago oinarrituta. Bigarrenik, erretiro adin arbitrario bat ezartzea ez da etorkizuneko egoera ebaluatzeko lagungarria. Posible izan daiteke etorkizunean 67 urteko pertsonek egun 50 urte dituztenen ahalmen bera izatea lanerako.

Mendebaldeko herrialdeen kezkak ez du oinarririk?

Gai horren inguruan ikuspegi bakarra ezarri da, eta ikusmolde apokaliptiko hori baliatu dute, besteak beste, pentsioak murrizteko. Urte batzuk barru defizita egongo dela argudiatzen dutenez, gobernuek, badaezpada, pentsioak murriztera jo dute. Helburua ez da etorkizunerako prestatzea, baizik eta pentsioen sistema publikoa desagertzea.

Ez dago gomendagarria litzatekeen jaiotza tasarik?

Nire ustez, ez. Jaiotza tasak gurasoek nahi dutena izan behar du, ez sistemak ustez behar duena. Gizarte osoa kontuan hartuta ere ezin daiteke esan hamabi bider milako jaiotza tasa bat zortzi bider milakoa baino hobea denik. Ez dago demografia hobe bat.

Aldaketa demografikoak aurreikusiz gero, errazagoa litzateke arazoei aurre egitea?

Ezinezkoa da halako zerbait aurreikustea, bereziki bat-bateko aldaketak gertatzen badira. Hala ere, ez dut uste etorkizunean aldaketa handirik izango denik.

Aldaketa edo ez, moldatzeko gaitasuna du gizarteak?

Noski. Egungoa baino hondamendi demografiko handiagoak pairatu ditugu. Mundu gerretan gizonezko gazteen belaunaldiak oso murriztuta geratu ziren, Erdi Aroko izurriteek populazio erdia suntsitu zuten... Eta, hala ere, gizarteak beti egin du aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna