Albistea entzun

Marisa Fassi. Soziologia Juridikoan doktorea

«Herritik bultzatu behar da erabaki eskubidearen legea»

Erabakitzeko eskubidea nola gauzatu azaltzeko hitzaldi bat eman du Marisa Fassi argentinar irakasleak Oñatin. Berebiziko garrantzia ematen dio aldarri hori gizartetik bideratzeari.
BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2014ko uztailak 8

Marisa N. Fassi (Kordoba, Argentina, 1984) joan den maiatzetik Oñatin (Gipuzkoa) dago, bihar arte; Londresera joango da, hiru bat hilabeterako, eta gero jaioterrira, Kordobara. Lehendik ezagutzen zuen Oñatiko Unibertsitatea, orain dela lau urte han egin baitzuen Soziologia Juridikoaren masterra —doktoretza, Milanen (Italia)—. Zer lege nahi dugu? Erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko proposamen bat izenpean hitzaldi bat eman du Oñatin —argazkian, hango unibertsitatean ageri da Fassi—.

Ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kate handia izan zen Euskal Herrian.

Neu ere egon nintzen! Oso ederra izan zen guztia. Liluratuta geratu nintzen.

Zer egin daiteke aldarri horri jarraipena emateko?

Euskal Herrian egin dudan hilabete pasa honetan Gure Esku Dago pixka bat ezagutzeko aukera izan dut, eta nik uste formula bikaina dela. Herritik sortuko dinamika bat da, ez alderdi politikoetatik. Erabakitzeko eskubideari herritik bultzatu behar zaio, berme bat baita bide hori, aberatsa, parte hartzailea. Sortuko dira aukera zehatzak gero.

Prozesurako metodo bat proposatzen duzu. Zertan datza, funtsean?

Gizartean erabakiak hartzeko —ez soilik politika arlokoak— eztabaida kolektibo eta horizontala proposatzen dut. Hori azaltzen dut tailer edo kongresuetan —Argentinan, Espainian, Italian, Suedian, Brasilen, Ingalaterran, Portugalen, Errusian, Euskal Herrian...-. Jakituria oro da balekoa eta, beraz, jakituaren horizontaltasunean oinarritzen da nire metodoa. Hitza banatzeko etengabeko ariketa egin behar da. Gaur egun instituzioek eta alderdi politikoek sistema itxi bat osatzen dute, eta herritarra nolabait baztertu egiten dute; haiek dira erabakiak hartzen dituztenak. Herritarrei hizketarako espazioak itzuli edo sortu behar zaizkie, eta jarrera proaktiboak sustatu, proposamenak egin ditzaten. Azken batean, aldaketa handia egin behar da kultura politikoan.

Gure Esku Dago-k 170en bat hiri-herri batzorde ditu.

Plataforma ezin hobea da. Pentsa zenbat iritzi eta esperientzia jaso daitezkeen. Euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen alde daudelako bildu dira batzordeetan, euren kabuz, eta gai horri buruzko iritzi guztiak hartu behar dira kontuan. Hortik aterako diren proposamenak, ondorioak eta ekinbideak errazago egingo dituzte bere. Hitza demokratizatu egiten da halako plataformen bidez. Bestea kontuan hartzeko teknikak erabiltzea ere komeni izaten da prozesuetan.

Adibide bat emango?

Rol banaketa izan daiteke ariketa bat. Alegia, agian, ariketa batean estatuaren edo erabakitzeko eskubidearen kontra dagoen alderdi politiko baten paperean jarri behar duzu. Beraz, zuk pentsatzen ez duzuna esateko argudioak bilatu behar dituzu. Nolabait, bestearen arrazoiak ulertzera iristen zara. Ikusten duzu egoera konplexua dela eta elkarrizketaren bidez konpondu behar dituzula gatazkak.

Zuk ekinbide legegileen alde egiten duzu.

Dauzkagun legeak kritikatu egiten ditugu askotan, besterik ez. Legeetako mamien adinako esperientziak eta ideiak dauzkagu herritarrok, baina ez ditugu proposamen zehatze bilakatzen. Zergatik ez gure ideia horiek-eta lege proiektu gisa proposatu? Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldarria gizartean eta agenda politikoan dago. Beraz, uste dut Euskal Herrian behetik, herritik bultzatu behar dela eskubide horren lege proiektu bat.

EAEn Eusko Legebiltzarrak Galdeketa Legea onartu zuen 2008an.

Aintzat hartzeko modukoa izan zen, prozesu demokratiko baten bidez hartutako erabakia izan baitzen. Badakit Espainiako Auzitegi Konstituzionalak gero baliogabe jo zuela, eta lege hark ez zuela aurrera egin. Ez zen izan harritzekoa, baina. Izan ere, instituzio batean sortu zen 2008ko Galdeketa Legea, eta ez zen jendearengana heldu. Ibarretxek-eta ez zuten babes sozialik eduki. Herritarrek bere egiten badute zerbait, horrek mobilizazio handia sorrarazten du. Herri ekinbideetako bat legegilea izan daiteke. Nik horren alde egiten dut. Potentzialitate handia du.

Herritarrek bultzatutako lege bat ere baliogabetzen badute?

Badakigu Espainiako sistema judiziala oso hertsia dela, eta baliteke herri ekinbidetik sortutako erabakitzeko eskubidearen lege bat ere baliogabetzeko aukera legokeela. Baina herri ekinbideek aukera gehiago erabiltzen dituzte garatzeko, ez dira lege batera soilik mugatzen. Zuzenbidearen aukerak asko dira; haietako bat parte hartze politikoa da. Informazio ugari zabaltzea da gakoetako bat, ekinbideen bitartez aldarri bat modu askotara gizartzerako.

Zuk ikusten al diozu aurrerabiderik euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen aldarriari?

Bai, eta, batik bat, herri plataforma bat sortu delako hori aurrera eramateko. Gaitasun handia dauka. Gainera, erabakitzeko eskubidea ez da aldarri abstraktu bat. Ez da eskatzen, gauzatu egiten da, eta ez bakarrik herri baten etorkizun politikoa erabakitzeko; gizarteko edozein arlotan gauzatu behar da; betiere, bakoitza bere erara eta bere momentuan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte gaur Pirinioetako Bidean

Euskal herritarrek 154 gailur piztuko dituzte gaur Pirinioetako Bidean

Jon O. Urain

Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiago argiztatuko dituzte gaur, Euskal Herriaren eta Kataluniaren burujabetzaren alde. Zuzeneko saio bat ere prestatu dute, eta Berria.eus-en ikusgai egongo da: 21:00etatik 22:30era izango da.

Pirinioetako bidea elkarrekin argitzen

Pirinioek batutako aldarria

Lara Madinabeitia - Olatz Artola Apeztegia

Suredak eta Gomezek «sinbologiaz betetako» mobilizaziotzat dute burujabetzaren alde uztailaren 2an egingo dutena. Elkarlana nabarmendu dute: «Parean duguna berdina da».

Gure Esku-k batzarra egin zuen Eibarren ekainaren 15ean, eta bertan banatu zituzten gaur piztuko dituzten argiak. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Burujabetza nahia argiztatzera

Jon O. Urain

Euskal herritarrak eta katalanak Pirinioetako hirurehundik gora gailurretan mobilizatuko dira gaur

 ©Aritz Loiola / Foku

«Herri gogoa berpizteko ekimen bat izango da»

Iosu Alberdi

Gure Esku-k eta Kataluniako zenbait eragilek Pirinioetako 400 tontor argiztatuko dituzte larunbatean. Europari mezu bat bidali nahi diote: «Erabaki nahi dugun bi herri gara». 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...