Noiz sortua: 2017-09-27 00:30:00

Kataluniako erreferenduma. Euskal Herriko erreakzioak. Lur Albizu. Ernaiko kidea

«Katalanak dauden puntuan daude sinetsi egin dutelako»

Kataluniari elkartasuna adierazi eta independentzia aldarrikatzeko mobilizazioak egingo ditu Ernai gazte erakundeak bihar; Lur Albizuk azaldu du ez dela baimenik behar «aske» izateko.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2017ko irailak 27
Ernai gazte erakundeak ekitaldi ugari antolatu ditu Baimenik ez aske izateko lelopean abian jarri duten dinamika dela eta. Horren helburua da urriaren 1eko erreferendumari babesa ematea eta independentziaren beharra aldarrikatzea, Lur Albizu (Artazu, Nafarroa, 1993) gazte erakunde horretako kideak azaldu duenez.

Bihar izango dira kanpainaren ekitaldi nagusiak. Arratsaldez herri eta auzoetan egingo diren mobilizazioez gain, manifestazioak egongo dira Donostian (12:00etan Bulebarrean), Gasteizen (12:30ean Andra Mari Zuria plazan), Bilbon (12:30ean Plaza Eliptikoan) eta Iruñean (18:00etan, Ajos plazan).

Zer irizten diezue Espainiako Estatua Kataluniako erreferenduma galarazteko hartzen ari den neurriei?

Guk duela hilabete batzuk hausnartu genuen Kataluniarekiko elkartasun dinamika bat abiarazi behar genuela, argi genuelako urriaren 1aren inguruan zerbait gertatuko zela; inork ez zekien zehazki nolakoa izango zen, baina bai [Espainiako] Estatuak erantzun gogorren bat emango zuela. Azken egunotako gertaerak ikusita, argi dago Espainiak estatu kolpe bat eman duela Katalunian, eta ahal duten guztia egingo dutela erreferenduma egin ez dadin.

Urriaren 1aren ondoren, 1978ko erregimenaren erorialdiaren aurrean egon gaitezke, edo behintzat esan dezakegu gauza asko aldatuko direla, eta horretarako prest egon behar dugula.

Badirudi Katalunia garai erabakigarrian dagoela, baina hona ekarri duen prozesua lehenagotik dator. Zer iruditu zaizue prozesu hori?

Nabarmentzekoa da nolako gaitasuna izan duen herri mobilizazioak eta nolako indarra hartu duten herriaren dinamikak eta aldarrikapenek. Diadaren azken urteetako mobilizazioetan ikusi da hori. Jakin dute herriaren eskakizunei prozesu indartsu baten bidez erantzuten.

Baimenik ez aske izateko leloa aukeratu duzue abian jarri duzuen dinamika iragartzeko. Zergatik?

Dinamikaren aurkezpen agerraldian esan genuen bezala, inork ez du inoiz baimenik eskatu aske izateko. Ideia horretatik abiatzen ginen: guk geuk geure determinazioz hartuko ditugu nahi ditugun erabakiak, eta inori baimenik eskatu gabe joango gara herri honentzat dugun proiektua eraikiz, beste herri eredu bat nahi eta behar dugulako eta horretarako aukera dugulako. Hau Kataluniari elkartasunez egiten diogun ekarpen bat da, baina, era berean, aldarrikatzen dugu Euskal Herriak ere behar duela askatasunera eramango duen prozesu bat.

Eta zertan gauzatzen da kanpaina hori?

Hainbat ekitaldi ari gara egiten, baina mugarriak izango dira irailaren 28an egingo ditugun mobilizazioak. Horiekin, gazteok aldarrikatuko dugu ez dugula baimenik eskatuko aske izateko, historia idazteko, gure proiektua eraikitzeko eta Euskal Herria independentziara eramateko.

Katalunian gertatzen ari den guztiak zein eragin izan dezake Euskal Herrian?

Ez da galdera erraza, zenbait aldagai daudelako: esaterako, EAJk zein jarrera hartuko duen, eta nola den posible PPrekin duen hitzarmenari oraindik ere eustea, egiten ari direna eta lehendik ere bagenekiena kontuan harturik. Bestalde, Hego Euskal Herrian argi izan beharko genuke honek guztiak nolako aukerak irekitzen dituen.

Zeintzuk dira aukera horiek?

Inor gutxik espero zuen duela urte batzuk Katalunian hau dena gertatuko zela. Eta duela hilabete batzuk ere nahiko hotz zegoen giroa, baina orain ari gara ikusten benetan badoazela eta Kataluniak dagoeneko deskonektatu duela; urriaren 1ean gertatzen dena gertatzen dela ere, Katalunia aldatu da. Apurketa hori de facto gertatu da. Elkartasunaz gain eta Kataluniaren aldeko babesa lantzeaz gain, guk uste dugu aukera ezin hobea dela, alde batetik, [Francisco Franco] diktadoreak hain ongi lotuta utzi zuen 1978ko erregimena apurtzeko, eta, beste aldetik, independentzia prozesuak abian jartzeko. Eta hor gure proiektua jarri nahi dugu mahai gainean: estatu bat behar dugu sozialismoan eta feminismoan oinarrituriko egitasmoa gauzatzeko.

Arnaldo Otegik aspaldi esan zuen Euskal Herriak egin zezakeen ekarpenik onena Katalunian une erabakigarria iristen zenerako «bigarren fronte bat» zabaltzea zela. Baina une hori iritsi da, eta Euskal Herrian ez dago prozesu independentistarik. Zergatik?

Nik uste dut independentziaren nahia subjektibitateei oso lotuta dagoela. Katalunian ere hala izan da. Urtez urte egon ziren une berezi edo eztanda moduko batzuk, eta hemen ere horrelakoak beharko genituzke, beste mota batekoak agian, baina subjektibitateetan eragingo dutenak. Hemen oraindik ez da independentziaren aldeko sentsazio hori gailendu. Independentismoak prestigioa berreskuratu behar du, eta, batez ere, nahi duen horretan sinetsi behar du. Katalanak dauden puntuan daude sinetsi egin dutelako. Sinesten dute herri bat direla, herri bat izan nahi dutela, erreferendumera joanen direla eta erabakiko dutela hala nahi dutelako. Guk ere sinetsi behar dugu independentzia eta estatu bat lortzea egingarriak direla.

Epe motzean horrelako prozesu bat abian jartzeko aukerarik ikusten duzu?

Beharbada, Kataluniakoak azkartuko ditu aukera horiek. Benetan uste dugu prozesua abiarazteko badaudela aukerak, herritarrek beste zerbait eskatzen dutelako, beste eredu bat. Gure ustez, bestelako herri eredu hori independentzia da, eta prozesu independentista bat abiaraztea da beste eredu ekonomiko eta sozial bat erdiesteko bidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna