Noiz sortua: 2015-06-21 00:30:00

Gure Esku Dago. Elkarrizketa. Zelai Nikolas. Gure Esku Dago-ren bozeramailea

«Erabakitzeko, funtsezkoa da prozesua autozentratua izatea»

Gaur ere milaka lagun elkartuko ditu Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen alde. Hori garrantzitsutzat dauka Nikolasek, baina adostasunak josteko eguneroko lana azpimarratu du.
ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2015eko ekainak 21

San Mamesen izango da gaur Zelai Nikolas (Barrika, 1968), Gure Esku Dago dinamikaren eledunetakoa, erabakitzeko eskubidearen aldeko hango ekitaldia barru-barrutik segitzen. Bilboko futbol estadioko atarian elkartu da BERRIArekin. «Beteko dugu».

Iazko 123 kilometroko giza katearen ostean, orain beste indar erakustaldi bat egin nahi du Gure Esku Dago-k. Beharrezkoak al ditu halakoak?

Gure herri batzordeetako jendeak indar handia xahutzen du horrelako mobilizazio bat antolatzeko, oso ekinbide garrantzitsua baita, baina ondotxo dakigu hau egun bateko indar erakustaldi bat izango dela eta bihar lanean segitu behar dela, tokian-tokian.

Egunerokoak al du garrantzia?

Gauzak elkarrekin egiteko gai al ginen ikusteko sortu genuen Gure Esku Dago dinamika, duela bi urte. Ikusi da baietz, gaitasuna dugula erabakitzeko eskubidearen alde sentsibilitate desberdineko jendea batzeko eta, jakina, ekitaldi handiak egiteko ere bai. Kultura politiko berri bat ereiten ari gara, eta horrek eguneroko lana eskatzen du.

Bidea zenbateraino daukazue zehaztuta?

Erabakitzeko eskubidearen gauzatzea ez da egun bateko kontua, ez da galdeketa bat egin eta kito. Prozesu bat da. Gure Esku Dago-k bide orri bat egina dauka: borondateak josi; adostu zer erabaki nahi dugun, nola eta noiz; eta erabaki, kontsulta bidez.

Aldarrikapen hori urteetan luzatzeak ba al du arriskurik?

Gure Esku Dago ez da sortu erabakitzeko eskubidea urteetan eta urteetan aldarrikatzen ibiltzeko. Eskubide hori praktikara eraman nahi dugu, eta, horretarako, herriz herri eta herrialdez herrialde baldintzak sortu nahian gabiltza.

Eperik bai?

Geure buruari, behintzat, epe bat jarriko diogu. Barne prozesu bat abian dugu. Herri gisa sekulako aukera daukagu erabakitzeko eskubidea epe motzean gauzatzeko. Nafarroan gertatzen ari den aldaketarekin, Ipar Euskal Herrian lurralde antolaketaren inguruan dagoen eztabaidarekin eta EAEn estatus politikoa berritzeko dagoen asmoarekin, oso baldintza onak sortzen ari dira.

Hiru eremuak nola ezkondu?

Lurraldetasuna aipatzen da orain, berriro, baina lehen ere hitz egin izan da horretaz instituzioetan eta eragile politikoen artean: 1998an Lizarra-Garazin, 2004an Ibarretxe planean, eta 2006an Loiolan. Garrantzitsuena ez da egituraketaren forma; garrantzitsuena da hemen pentsatzea nola egin prozesua, irudikatzea etorkizuna, eta arloka daukagun harreman potentzialitatea martxan jartzea. Horrez gain, erabaki batzuk hartu beharko ditugu euskal herritarrek. Baina, erabakitzeko, prozesua autozentratua izatea da funtsezkoa. Katalunian halakoa da. Ez gaitezen horrenbeste ibili bi estatuei begira, haiek zer egingo. Guk nahi badugu, egingo dugu. Eta herri honetako aniztasuna antolatzeko gaitasuna badugu.

Aniztasuna antolatu, nola: erabakiaren ala proiektuaren inguruan?

Hemen galdeketa bat egiten bada, herritar bakoitzak ikusiko du zer bozkatu. Baina horrek esan nahiko du guztiek dutela bozkatzeko aukera. Erabakitzeko eskubidearen aldeko batasunaren bila gabiltza gu. Ondorioz, aniztasuna bilatzen dugu, baina ez bakarrik aniztasun politikoa. Euskal Herrian pluraltasun mota gehiago dago; adibidez, jatorri ugariko jendea bizi da gurean. Hernani aldean oso ondo ari dira lantzen hori, etorkinekin. Jon Maia bertsolaria eta Gemma Zabaleta politikaria egiten ari direna ere azpimarratzekoa da: sentsibilitate desberdinekoak dira biak, baina elkartu, eta etxe erregionaletara joaten ari dira erabakitzeko eskubideaz hitzaldiak emateko eta jendearekin sentimenduak partekatzeko. Enpatia sortzea da helburua, hemen bizi den eta lan egiten duen jendea eroso sentitu dadin. Denoi dagokigu erabakitzea.

1990ean Eusko Legebiltzarrean autodeterminazio eskubidea onartu zuten. Gero ere mahai gainean izan da erabakitzeko eskubidea: Ibarretxeren garaian edo Loiolan. Baina...

Gizarteak, orain arte, prozesuak delegatu egin ditu politikariengan, nolabait: Ibarretxerengan, edo Imazengan, edo Otegirengan, edo Egigurenengan. Bukatu da hori. Politikariek zeregin erabakigarria daukate, baina euskal gizarteak ere parte hartu behar du.

Estatuen ezezkoari erantzuna emateko berme handiagoa al legoke horrela?

Gizarte alorrean jo izan da aurrera halako kasuetan: komunikabidetan, hezkuntzan... Proiektuetan sinisten bada, aurrera. Denerako ere heldutasun handiarekin eta herri gisa hartu behar dugu erabakitzeko eskubidea. Demagun, Espainiako Konstituzioaren erreforma aukera zabaltzen dela, eta zer, herri gisa ariko gara ala alderdi bakoitza bere kasa? Konstituzio erreforma batean eragile politiko-instituzionalak beren esparruko herritarren erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta aritzen badira, gizartearen zeregina haiek babestea izango da.

Zuk uste Espainiako konstituzio berritu batean erabakitzeko eskubidea txertatu ahal dela?

Legelariok ondo dakigu hura txertatzeko ez dela zertan aldatu konstituzioa. Borondate kontu bat da. Kanadan ikusi da hori. Lehendabizi, ordea, hemen, gure artean lortu behar da adostasun handi bat. Gainera, berriro diot ez genukeela denbora galdu behar estatuarekin, utzi beti hari begiratzeari. Espainiak interes handiagoa du gu estatuan egokitzeko, guk han egokitzeko baino.

Zergatik?

Orain ez daukagu presa handirik. Hegoaldean dugun sistemarekin —zergak...—, orain arte bezala iraun dezakegu beste pixka batean. Funtsezkoena da erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari buruzko adostasuna lortzea, eta hori lortzeko borondateak josi behar ditugu, aniztasunetik. Egiteko historiko hori dugu.

BERRIAko aurreko elkarrizketan —joan den urrian—, jakinarazi zenuen herri galdeketetarako protokolo bat lantzen ari zinetela. Nola daukazue?

Udazkenean egingo dugu gure hurrengo batzar orokorra, hurrengo urteko lan ildoak onartuko dira han, eta ildoetako bat herri kontsultena izango da. Galdeketetarako oinarri bat izango dira protokoloak; baldintza politikoak, juridiko edo bermatzaileak, eta teknikoak edukiko ditu.

Gipuzkoako Goierriko Gure Esku Dago-ren ordezkariek iragarri dute 2016an galdeketa bat egingo dela han. Gure Esku Dago-k antolatuko du ala eskualdeko herritarren plataforma batek?

Goierritarrek erabakitzen badute datorren urtean galdeketa bat egitea, Gure Esku Dago-k babestu egingo du, eta haien esku utziko du protokoloa. Ez gaitu kezkatzen zer erabaki behar den, baizik eta nola erabaki behar den. Iaz Etxarri Aranatzen eta Arrankudiagan egin zituzten galdeketak. 2016an Goierriko 22 udalerrietan egin nahi dute; ariketa aberasgarria izango da. Eskubide hau praktikara eramaten hasiko gara.

Udalerri gehiagotan egingo al dira galdeketak 2016an?

Ikusiko dugu. Udazkeneko batzarrean aztertuko da gaia.

Edozein proiektu politiko gauzatzeko aukera jaso behar al da erabakitzeko eskubidea erabiltzean?

Bai, betiere bide baketsuak eta demokratikoak erabiltzen badira. Gero, gerta liteke une jakin batean, aniztasuna eta parte hartzea kontuan hartuta —oinarrizko balioak dira guretzat— instituzioetako eragileek, hala adostuta, kontsultara eramandako galderako proiektua ez izatea uneko ordenamendu konstituzionalaren haustura sor dezakeena.

EAEko estatutu berriak jaso behar al luke erabakitzeko eskubidea? Aurki hasiko dira hizketan.

Berez ez du zertan egon jasota, ez han, ez beste inon. Erabakitzeko eskubidearekin egin behar dena da erabili, eta hartarako baldintzak sortu behar dira. Horretan gabiltza. Garai historiko bat da hau eta ezin gara deszentratu. Garrantzitsuena da prozesua euskal herritarrok erabakitzea: zer, nola eta noiz.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 13.406 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 905 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.972 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Diputatuak saioren hasieran, minutu bateko isilunean. / ©Mariscal, EFE

Sanchez: «Ziur naiz, 15 egun barru beste luzapen bat eskatu beharko dut»

Berria

EAJk iragarri du bilera horretan egongo dela. EH Bildu, berriz, ez da joango. Konfinamenduan apirilaren 26ra arte luzatu dute Hegoaldean.

Gasteizko farmazia bat. / ©Endika Portillo, Foku

Egun beltzenetan bigarrena izan da atzokoa, hildako kopuruari dagokionez

Ekhi Erremundegi Beloki - Ane Eslava

Gutxienez 59 pertsona hil dira Euskal Herrian azken 24 orduetan koronabirusak jota. 900 hildakoen langa gainditu da. 462 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean.

350 diputatutik 43 joan dira Espainiako Kogresura ©mariscal / EFE

EAJk atea ireki dio Sanchezek proposatutako itunean parte hartzeari; EH Bildu ez da joango

Irati Urdalleta Lete

Apirilaren 26ra arte luzatu dute alarma egoera, eta Sanchezek aurreratu du uste duela hamabost egun barru berriro alarma dekretua luzatu beharko duela

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria