Albistea entzun

Cyrille Gallion. Sindikalista, eta etxeko langile ohia

«Etxeko langileen lana errespetatu beharra dago»

Frantziako legeak beste edozein behargini adinako eskubideak ematen dizkie etxeko langileei, baina Gallion kexu da haien lana ez dela aintzat hartzen, eta gutxietsita dagoela.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2017ko abuztuak 18 - Bilbo

Hamabost urtez etxeko langile aritu zen Cyrille Gallion (Paris, 1968). Gaur egun, etxeko langileei informazioa eta prestakuntza ematen die. Frantziako legeek babes handiagoa ematen diete etxeko langileei Espainiakoek baino, baina beharginek egiten duten lanari duintasuna ematen ez zaion bitartean gutxietsita jarraituko dutela uste du. «Ez diegu errespeturik adinekoei; hori horrela ez den bitartean, ez dugu etxeko langileen lana baloratuko». CNTko sindikalista ere bada.

Frantziako legedian, etxeko langileek gainerako beharginek adinako eskubideak dituzte. Hego Euskal Herrian langabezia sarirako ere ez dute eskubiderik...

Frantzian, estatua oso indartsua da, eta asko babestu zuen sektore honen negoziazio kolektiboa egitea. Baita sindikalismo indartsu bat ez zegoen garaian ere. Errealitatea da, hala ere, ez daudela langile asko sindikalizatuta sektorean. Langileen ituna oso zoru indartsua da egun, eta ez dago inongo langilerik gutxieneko soldatatik behera jasotzen duena. Arraroa ematen du, baina langile bat kaleratzen dutenean, enplegatzaileek enpresa batek bezala egin behar dute, etapa guztiak bete behar dituzte. Kotizazioa berdina da, beste langileena bezalakoa.

Estatua arduratzen da baldintza horiek bete daitezen, baina badago ikuskaritza bat?

Ikuskaritza badago, baina ikuskatzailea ezin da etxeetara sartu.

Eta nola kontrolatzen du?

Norbait kaleratzen denean. Gauzak ondo egiten diren kontrolatzen dute. Kontratua ondo etenda ere, ikuskaritzatik pasatu behar du.

Gehiegikeriak ere egongo dira. Nola kontrolatzen dira?

Ikuskaritzak telefono zuzen bat dauka etxeko langileek deitu ahal izateko. Han galdetu dezake euren eskubideei buruz, eta sindikatuak haien lan baldintzak bermatzen ditu. Ikuskaritzak euren eskubideen berri ematen die, eta, betetzen ez badira, sindikatura joan behar dute.

Enplegatzaileari bete beharreko baldintzen berri ematen zaio? Sektore horretan, istripuen tasa handia da Frantzian ere...

Bai, enplegatzaileari baldintzen nondik norakoak bidaltzen zaizkio. Gure sektorean dagoen istripu tasa Frantzia osokoa baino %10 handiagoa da. Gizarte Segurantzak interes handiagoa dauka horiek aurreikustean ondoren ordaintzean baino.

Eskubideak egon bai, baina horiek betetzeko garaian zailtasunak daudela esan izan duzu. Zein eratakoak?

Edozein langilek bezalako eskubideak dituzte, bai. Baina oso zaila da etxeko langile bat langabezian egotea. Sektore prekarizatua da, eskubideak eduki arren.

Zergatik diozu hori?

Eskaera handia dagoelako. Ordu gutxi batzuetarako kontratua bada ere, beti dago zerbait. Langile bati bere enplegatzailea hiltzen bazaio, akaso ez zaio interesatzen langabezian izen emateko prozesu guztia hastea, denbora gutxian berriz ere lana edukiko baitu.

Langabeziarako eskubide hori falta dute, esaterako, Hego Euskal Herriko etxeko langileek. Nola egin dezakete lan ildo horretan? Zein izan da Frantzian egin duzuen bidea?

Sindikalismoari buruz, ez da beste sektoreetan egiten den bezalakoa. Hasteko eta behin, familiak prestatu behar dira, etxeko langileek egiten duten lanari behar bezalako balioa emateko. Pertsona zaharrak zaintzeko lan egiten duen langile bat ez da sekula errespetatua izango baldin eta enplegatzaileak haiei errespeturik ez badie. Frantzian, oinarri gisa, errespetu gutxi zaie langile horiei, eta, ondorioz, sektoreari ere bai.

Eskubide gehiago lortzeko bidean, sindikalizatu gabeko sektorea da Hego Euskal Herrian. Sindikatuek ere aldatu beharko lukete ikuspegia?

Sindikatuek eragina daukaten lekuetan esan behar dute zaintza lanak ezinbestekoak direla bizitzarako, eta hor kontzientzia eduki behar dute. Mundu guztiak baitu ahaideren bat etxeko langilea duena. Frantzian, estatuak bere lana egin du, baina, berez, garrantzitsuena gizartea bera heztea da, jakitun izan gaitezela denok izango garela inoiz zaharrak, eta kontuan hartu beharrekoa dela. Hortik abiatu beharra dago.

Frantzian, ordea, sindikatuek lan egiten duzue etxeko langileekin. Nola egin zenuten bide hori?

Duela hamar urte, gure sindikatua zen etxeko langileak defendatzen zituen bakarra, baina, gaur egun, sindikatu denek daukate euren zati bat etxeko langileei begira. Bistan dago alde horretatik aurrerapausoak eman direla.

Hego Euskal Herriko sindikatuen arabera, sindikalizatzeko sektore zaila da, sakabanatuta dagoelako, eta eremu pribatuan egiten dutelako lan. Nola bideratu beharko litzateke?

Arazoa da sindikatuek ez daukatela garbi langile horiek gainerakoak bezalakoak direla. Sakabanatuta daude, bai, baina beste hainbat sektore sindikalizatu dira egoera berdinetan. Horregatik diot sindikatuak berak ez diola behar den garrantzia eman lan duina aldarrikatzeko garaian ere. Eta hori da arazoa. Denok ezagutzen dugu inor egoera horretan lan egiten duena; beraz, denok eduki beharko genuke kontzientzia handiagoa.

Alegia, lanbidearen beraren inguruko errespetutik abiatu behar dela aldaketa?

Noski. Sindikatuek badakite langile asko egoera txarrean daudela, eta, nahi izanez gero, egoera horien inguruan informatu ahal zara. Badaude komunikatzeko bideak. Ez da erraza izango, baina langile horiengana iristeko modua egon, badago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Urtarrilaren 30erako mobilizatzera deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Grebarik ezean, manifestazioa

Imanol Magro Eizmendi

ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek lan erreformaren aurkako mobilizazio bateratuak antolatu dituzte hilaren 30erako. Ezustekorik ezean, deialdiak bidea itxiko lioke lanuzte orokor bati

2020an galdu zuen erdia eskas berreskuratu du EAEko BPGak

Iker Aranburu

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia %5,5 hazi zen 2021ean. Jarduera ekonomikoa bizkortu egin da urteko azken hiruhilekoan
Teknologia konpainia handien jabeak dira aberatsenak ©Erik Lesser/Britta Pedersen/Christophe Petit/Pool/EFE

Munduko hamar dirudun handienek pandemiaren aurretik halako bi dute

Aitor Biain

Izurriak aberatsen eta txiroen arteko arrakala handitu du, Oxfamek gogorarazi duenez. Mundu osoko aberatsik handienen jabetza 5 bilioi handiagoa da orain.

Bilboko zabalgunean kokatuta dagoen Bizkaia dorrea, BBVAren egoitza izandakoa ©Juanan Ruiz (Foku)

Bizkaia dorrean 30 enpresa handik izango dute bulegoa

Jokin Sagarzazu

Aldundiaren BAT B Accelerator Tower ekintzailetza zentroan arituko dira eta, horretarako, beste lau solairu alokatu ditu. PwC aholkularitzak kudeatuko du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.