Xavier Domenech. En Comu Podem koalizioaren buruzagia

«Puigdemonten bide orriaren inguruan zalantza asko ditut»

Espainiako hauteskundeen «bigarren itzuliaz» baliatzeko deia egin du Domenechek, aldaketa «behin betiko» martxan jartzeko. «Bizilagunak askatzen diren heinean izango gara aske».
DANI CODINA

Saioa Baleztena -

2016ko maiatzak 14
Xavier Domenech (1974, Sabadell, Herrialde Katalanak) izan da En Comu Podem Podemosen Kataluniako markaren zerrendaburua Espainiako Gorteetan. Kataluniako alderdirik bozkatuena izan zen abenduaren 20an, eta ekainaren 26an berriz ere irabazteko erronka onartu du, Podemos eta IU elkarrekin joango direla adostu eta egun gutxi geroago.

Abenduaren 20an, inkesta guztiek iragartzen zutenaren kontra, zuen koalizioa izan zen bozkatuena Katalunian. Espero al zenuten?

Nik bai. Gogoratzen dut inkestek bosgarren tokian jartzen gintuztela hasieran, baina nik argi nuen botoen %25 lortuko genituela. Azkenean, %24,7 jaso genituen, programari zegokionez, ardatz sozialean eta nazionalean, proposamenik hoberena genuelako.

Espainiako Gorteen legegintzaldirik laburrena izan da. Nola marrazten duzu lau hilabete hauetako esperientzia?

Bi alderdiko sistema amaitu dugu, eta horrek sekulako eragina izan du Espainiako Gorteetan. Zoritxarrez, guk lortu nahi dugun hautabidea ez da orain gauzatu, baina hauteskundeen bigarren itzuliaz baliatuko gara aldaketa behin betiko martxan jartzeko. Seguruenik, 1970eko hamarkadaz geroztik ez da sekula egon abenduaren 20ko hauteskundeak bezain esanguratsurik.

Erabakitzeko eskubideari dagokionez, erreferenduma duzue helburu, baina, horretarako, ezinbestekoa da Espainiako Parlamentuan galdeketaren aldeko gehiengoa egotea.

Hala da, bai. Baina erreferenduma egiteko ez da konstituzioa erreformatu behar. Gure ikuspuntutik, aukerarik hoberena da konstituzioaren 92. artikulua eta 1980ko kontsulta legea hartzea erreferenduma egiteko. Erreforma hori egingarria da negoziazioaren bitartez.

Bitartean, Kataluniako Parlamentuan ari dira independentziaren oinarriak finkatzeko bidean. Zenbateraino da bideragarria AIA Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena?

AIA ez dago mahai gainean. Puigdemont presidenteak behin eta berriz adierazi du AIA ez duela legegintzaldi honetan aurreikusten, eta CUPek ere ukatu zuen irailaren 27ko hauteskundeen ostean.

Zein iritzi duzue aldebakartasunaren inguruan ?

Kataluniak bere prozesu eraikitzailea egiteko eskubidea du, eta hori askatasunean egin behar du, mendekotasunik gabe. Alegia, aldebakartasuna ulertzen dugu mendekotasunik ez dagoen bitartean; askeak izango gara, gure bizilagunak ere askeagoak diren heinean. Baina ezin ditugu kondenatu, sekula aldatuko ez direla esanda. Horregatik egin genuen anaitasun lotura duen hautagaitza, Espainiako beste mugimenduekin batera aldaketa erreala bilatzeko. Nazio orori aitortu behar zaio bere etorkizuna aukeratzeko eskubidea.

Zein eragin izango luke Katalunia independenteak Espainian indartu nahi dituzuen anaitasun loturetan?

Nire ustez, ez dago konfrontaziorik bi proposamenen artean. Gure hautagaitzan kolore guztietako jendea dago, baina herri guztien burujabetasuna funtsezkoa da, eta, noski, Kataluniak independente izatea erabakitzen badu, guk onartuko dugu.

Puigdemontek malgutu egin du independentzia lortzeko gehienezko epea. Zer gertatuko litzateke independentzia aldarrikatzeko oinarriak finkatuta baleude epe hori amaitzean?

Arazoa da epe hori amaitzean, hau da, hamalau hilabeteren bueltan ez dela, inolaz ere, independentziarik izango. Puigdemonten bide orriaren arabera, epe horren barruan izango dituzte konstituzio katalana idazteko ezinbestekoak diren hiru legeak: legezko igarokortasunarena, prozesu eraikitzailearena eta Kataluniako ogasunarena. Orduan, hauteskundeak iragarriko dituzte konstituzioa lantzeko. Gero, A-9 berrira deituko dute, prozesu parte hartzailea izango dena, konstituzioa berresteko, eta, orduan, hauteskundeak egingo lirateke estatu propioa izateko. Alegia, guztira, hiru edo lau urtez luzatuko litzateke prozesua. Beraz, parlamentuan oraintxe kudeatzen ari denaren inguruan zalantza asko ditut.

Azaroaren 9an, Bai-Bai bozkatu zenuen, Ada Colauk bezala?

Bai-Bai bozkatzeko asmoarekin joan nintzen, baina, errolda arazoak zirela medio, ezin izan nuen bozkatu. Horregatik, ezinbestekoa da erreferenduma, azaroaren 9koak bere hartan ez zuelako eztabaida sustatzen. Horregatik, erreferenduma da gaur egun Kataluniak behar eta merezi duen eztabaida sustatzea ahalbidetuko duen agertoki bakarra.

Ekainaren 26aren atarian, Podemos eta IUren bat egitea da bigarren hauteskunde hauetako berrikuntza. Zer espero duzue?

Desabantaila da, ez baikaude ohituta. Orain arte denek espero zuten atera ditugun emaitzak baino txarragoak izatea, eta orain denak dabiltza gure mugimenduak gertutik neurtzen. Tira, gure emaitzak zeharkakoak izan dira, Kataluniako herririk txikienean, Sant Jaume de Frontanyan, eta hiririk handienean, Bartzelonan, irabazi genuelako abenduaren 20an. Zeharkako erantzun honek erakusten du, nabarmenki, gainontzeko alderdi politikoen akidura. Leku berri bat dago betetzeko, eta lortuko dugu.

Zer aldatu da IU eta Podemosen artean adostasunera iristeko?

Alde batetik, Espainiako Gorteetan PSOErekin negoziatu dugunean batasuneko gobernua, bertan IU egotea nahi genuen, indar nahikoa genuelako elkarrekin aldaketa gorpuzteko. Bestetik, batuketa hau biderketa izan daiteke. Abenduaren 20an emaitzak ohiz kanpokoak izan ziren, baina garrantzitsuagoa da Espainiako Gorteetako hauteskundeak irabaztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna