Gaizka Sarasola. Antzerkigile eta aktorea

«Ez dut eserita idazten»

Azken urteetan taularatutako hiru antzezlanen testuak bildu ditu Gaizka Sarasola antzerkigile, aktore eta musikariak 'Erleak, satorrak, beleak' liburuan. Absurdotik edaten du maiz, dioenez.
JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2016ko abuztuak 25
Salbuespen izaten dira oro har testu formatuan argitaratzen diren antzezlanak, eta are salbuespen handiagoa izan ohi dira liburu gisa kaleratzen diren euskarazko antzezlanak. «Hau kasu berezi bat izan da», aitortu du horregatik Gaizka Sarasola antzerkigile, musikari eta aktoreak (Lesaka, Nafarroa, 1974). Berak idatzitako hainbat antzezlan bildu ditu Edo argitaletxeak Erleak, satorrak, beleak liburuan. Hiru, zehazki: 2013an Gilkitxaro antzerki taldeak estreinatutako Urak ttiki dire pieza, 2013an Cafe Bar Bilbao antzerki laburreko gidoi lehiaketa irabazi zuen Lur azpikoak lana, eta iaz Lesakan estreinatutako Talaka. Musikari eta aktore izanik, antzezlanaren doinua eta pertsonaien keinuak gogoan dituela idazten ditu beti testuak. Eskuak teklatuan, baina gogoan agertokia duela.

Beren buruei egiten ari direna antzerkia ote den galdetzen jarri dituzu pertsonaiak hiru antzezlanetan. Zergatik?

Antzerkia egiten dugunean, fikzioa egiten dugu, baina errealitatean oinarritzen gara. Nolabait ere, espazio eta denbora ezberdin batean kokatzen dugu antzezlana, baina, azken batean, errealitate zatiak dira. Horregatik kezka hori. Gainera, antzerkian dabiltzanak egiten ari direna antzerkia ote den galdezka jartzen dituzunean, ikuslea inplikatu egiten duzu. Esaten diozu ikusten ari den hori gure errealitatearen zati bat ere badela.

Hori da liburuko azken piezako pertsonaiaren azken esaldia: «Antzerkia da. Edo ez?».

Urak ttiki dire idatzi nuenean atera zitzaidan hori lehenengoz, eta Lur azpikoak idaztean pentsatu nuen hor ere sartzea, eta, azkenean, hiru piezetan sartu dut. Nolabaiteko hari bat da.

Musikaria ere bazara, eta presentzia handia du musikak ere hiru antzezlanen testuetan.

Antzerkia idazten duzularik, ez duzu liburuan nola geratuko den pentsatuz idazten; idazten duzu antzezpenean pentsatuz. Nire kasuan, behinik behin, bai. Anitzetan, burutan dut zer musika jarriko nukeen, eta nondik joko nukeen. Idazterakoan buruan dut zer-nolako isiltasunak egingo diren, nahiz eta hori dena ezin duzun idatzi. Eszenan pentsatuz idazten dut, ez literatur ariketa bezala, eta horregatik idaztean musikak ere presentzia handia hartzen du. Pertsonaiei ere nolabaiteko arnasa eta ibilera bat imajinatzen diet, eta, horretarako, musika erabiltzen dut.

Surrealismotik eta absurdotik asko dute hiru antzezlanek.

Gustatzen zaizkit, bai. Ezohiko egoerak erakusten ditu surrealismoak eta absurdoak, eta horrek laguntzen du anitz ohiko dena islatzen. Absurdoak errazago helarazten digu gure errealitatea nolakoa den. Hori da gustatzen zaidana; iruditzen zait baliagarria dela, eta, gainera, sortzen du eragina ikusleengan. Eta antzerkian nahi duzu nolabait ere eragin publikoan.

Zain edo geldi pasatzen dute zure pertsonaiek denborarik gehiena. Nahita bilatu duzu inmobilismo hori?

Egia erran, akzioak baino gehiago gustatzen zait egoerak planteatzea, eta ikustea pertsonaiak egoera horretan nola moldatzen diren, eta elkarrizketak nora eramaten dituen. Hori interesatzen zait.

Musikari gisa kaleratutako lanetan, pisu handia izan du esperimentazioak. Teatroan ere bilatu duzu esperimentazio hori?

Esperimentazioa? Anitzetan, esperimentazioa dela esaten da, eta gero aditzen ditut nire diskoak, eta iruditzen zait musika tradizionala bertzerik ez dudala egiten. Eta, bertze batzuetan, hasten zara musika tradizionala egiten, eta heltzen da urteroko festetako pieza, eta ohartzen zara hamar urtean aldatu duzula zerbait, eta joan zarela ez igual esperimentatuz, baina bai berrituz. Esperimentazioarena ez da hainbertze asmo bat, baizik eta pieza bakoitzak, egoera bakoitzak edo pertsonaiek eskatzen dizuten bideari jarraitzea. Ez da aurretik egindako hautu bat.

Aktore ere bazara, eta zuk zeuk oholtzaratu duzu, adibidez, liburuko azken pieza: Talaka.

Hasieratik nuen barneratua testua. Idazterako landu beharra dut pertsonaiaren arnasa eta ibilera. Gero beste aktore batek hartzen badu pertsonaia, gertatzen da beste arnas eta beste ibilera bat ematen diola, baina, idazten dudalarik, aktore ere banaiz; ez dut eserita idazten. Ez dut testuan soilik pentsatzen. Pentsatzen dut ekintza dramatikoaren momentuan. Eszenan pentsatzen dut.

Hitzen soinuarekin ere asko jolasten zara testuetan. «Zas! Zartada zas eta zas zartailu-dantzan... Zartailu-dantzan piztiak dantzari dantzari dira ari».

Gustatzen zait euskararen sonoritatearekin jolastea, eta uste dut ekintza dramatikoetan bere indarra ere baduela horrek. Hizkuntzaren baliabideak erabiltzea da hori, azkenean, publikoarengana ailegatzeko eta eragin bat izateko. Normalean bilatzen ditut jolas horiek; gustatzen zaizkit.

Asko aldatzen dira piezak sortze prozesuan?

Talaka, adibidez, 2006an idatzi nuen, eta zazpi aktorerentzat. Eta, azkenean, begira zer bilakatu den: bakar solas bat, eta 2015ean estreinatua.

Oier Guillan idazle eta antzerkigileak idatzi du hitzatzea. «Falta dena ez da merkatua; falta dena egon badauden ahots horien aldeko apustua egitea da». Hala ikusten duzu zuk ere?

Egia erran, ez dakit. Badabil jendea antzerkia egiten, baina uste dut ez garela ongi enteratzen benetan nor dabilen, bost-sei talderen izen horiez harago. Badago jendea, baina ez gara sobera enteratzen. Igual da ez garelako sobera mugitzen ere, eta nire antzerkiko pertsonaiak bezala inmobilizaturik gaudelako. Bakoitzak badugu gure esparrua, eta egiten duguna egiten dugu, eta, mugitzen bagara kasualitatez, bada, ongi. Baina antzerkiarena zure lanbidea ez denean, norbere antzezlanak sortzea da lan aberasgarria; gero horiek mugitzea eta mugitzeko lan egitea nekosoagoa egiten da.

Zu plazer hutsez aritzen zarela, alegia.

Hori da. Plazer handia da. Idaztean ongi pasatzen dut. Oso gustagarria da pertsonaien hitzak eta ibilerak sortzea.