Albistea entzun

Mikel San Jose. Athleticeko jokalaria

«Gabeziak ditugu, baina ez dugu ezer gordetzen zelaian»

Athleticek ezin du bihar Suedian kale egin, asko zailduko bailitzaioke sailkatzea. Lehiaren garrantziaz ohartarazi du San Josek. Erdilaria ez da ariko, azken uneko lesio arin bat dela eta.
CARSTEN KOALL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Haritz Gallastegi -

2017ko urriak 18 - Bilbo

Athleticen zutabe nagusietako bat da Mikel San Jose (Atarrabia, Nafaroa, 1989). Zelai erdian lan zikina egiteko ardura dauka. Egungo futbolean arrakasta lortzeko ezinbestekoa den ezkutuko beharra egiten du. Sasoi honetan euskarrian gehien jokatu duen futbolaria da. Hala ere, bihar ez da ariko. Min arina du, eta Kuko Zigandak nahiago izan du deialditik kanpo utzi. Horren berri izan aurretik hitz egin zuen BERRIArekin.

Zer eman dio taldeari Sevillari irabazi izanak?

Poza, eta lasaitasun apur bat. Oso ondo jokatu genuen.

Taldearen gorakadaren lehen urratsa egin al zenuten?

Horretan ari gara. Jokalariok uste dugu Valentzian eman genuela lehen pausoa. Galdu egin genuen, baina gauza asko egin genituen ondo. Nire ustez, Mestallan hartu genuen bide zuzena, baina futbolean emaitzek agintzen dute.

Zer falta izan zaio taldeari orain arte?

Gabezia bat baino gehiago izan dugu: batzuetan, defentsan egin ditugu okerrak; beste batzuetan, jokoa sortzean; eta, beste batzuetan, ate aurrean. Hori bai, taldearen jarrera ez dago ezbaian jartzerik. Jokalariok dugun guztia ematen dugu. Ez dugu ezer gordetzen.

Ligan irabazi izanak lasaitasun apur bat emango zuen, baina garaipenak ez du askorako balio Europa ligan. Asko daukazue jokoan Oestersundsen aurka.

Final txiki bat da. Ligaxka laburra da: sei partida baino ez dira, eta bi jokatu ditugu jadanik. Puntu bakarra irabazi dugu orain arte, eta badakigu ezin dugula huts egin. Hala ere, ez da erraza izango. Aurkaria oso ondo ari da. Talde sendoa da, eta une gozoan dagoela dirudi. Oestersund ez da talde ezaguna, baina lan ona egiten denean emaitza onak lortzen dira.

Beraz, Oestersunden kontra jarraian jokatu beharreko bi neurketetan erabakiko da Athleticek aurrera egingo duen ala ez?

Itxura hori du. Aurrera egin gura badugu, sei puntuak lortu behar ditugu. Guk ezin dugu kale egin. Badakigu zer dagoen jokoan, eta zelaian erakutsi behar dugu.

Belar artifizialean jokatu da lehia. Horrek eragina izan dezake?

Auskalo. Lezaman belar artifizialean entrenatu gara azken lan saioetan. Belar artifizialarekin egindako azken zelaiak oso onak dira. Ondo jokatzeko aukera eskaintzen dute. Ez dakit Suedian zer aurkituko dugun, baina aurreko urteetan ere egokitu zaigu belar artifizialean jokatzea. Horrelako zelaietan ere ondo aritzeko gai izan behar dugu.

Multzoko lehen bi postuetan sailkatzeko hautagai nagusiek puntu bakarra duzue, lehen bi jardunaldiak jokatuta. Izenak ez ditu puntuak ematen.

Ez Oestersund, ez Zoria ez dira Europako talderik indartsuenetakoak, baina ez dira makalak. Eta erakutsi dute. Orain arte, nahi baino puntu gutxiago irabazi ditugu, baina egoerari buelta emateko aukera daukagu oraindik.

Zoriaren kontra galdu ondoren, esan zenuen Europa ligaren zailtasuna ezagutzen ez duenak gutxi dakiela futbolaz. Norentzako mezua izan zen?

Partida amaitu berritan bero nengoen. Agian gogorregi mintzatu nintzen, baina mezua argia zen: esan gura izan nuen Europan ez direla partidak bost golen aldeaz irabazten. Taldearen inguruak argi izan behar du egun oso gaitza dela irabaztea Europan.

Beraz, Athleticek duen kirol maila kontuan hartuta, ez litzateke porrota izango ligaxkan kanporatua izatea?

Gaitasuna badaukagu bai ligaxka gainditzeko, baita askoz urrunago iristeko ere, baina esatea egitea baino errazagoa da. Zelaian erakutsi behar dute taldeek zer egiteko gai diren. Oraingoz, ez dugu gurea eman, eta, ez baditugu gauzak aldatzen, kanpoan geratzeko arriskuan egongo gara. Bide luzea egiteko ahala dugu, baina, oraingoz, ez dugu bide zuzena hartu.

Zu, hala ere, ez zaude askoz gehiago eskatzeko moduan. Gehien jokatu duen euskarria zara. Kuko Zigandak ere sinesten du zugan?

Hala dirudi. Pozik nago. Eskatzen didatena ondo egiten ari naizela esan gura du. Hala ere, bai taldeak eta bai nik hobera egingo dugu.

Euskarrian lehia handia daukazue. Sevillaren kontrako partidan, Beñat Etxebarria laugarren aukera izan zen entrenatzailearentzat.

Borroka handia dago gure postuan. Nik uste dut entrenatzaileak erdilari guztiongan duela konfiantza, eta, era berean, argi daukala inor ez dela ordezkaezina. Guztiok izango dugu aukera jokatzeko. Beñatek sekulako maila dauka, eta badaki konfiantza handia daukagula bere jokoan. Nire asmoa, berriz, ahalik eta gehien jokatzea da.

Erdiko atzelari postura itzuliko zara, edo zure oraina eta etorkizuna zelai erdian dago?

Ez dakit. Entrenatzailearen erabakia da. Kukok esan dit egunen batean atzelari jokatu behar badut konfiantza osoa daukala nigan. Eroso nago zelai erdian, eta, kontrakorik esaten ez duten bitartean, euskarrian segituko dut.

Taldeko beteranoen artean zaude jada. Bederatzigarren denboraldia duzu Athleticen, eta 322 jokatu dituzu jada. Taldean gero eta garrantzi handiagoa al dute zure esanek?

Bosgarren kapitaina naiz. Beraz, normala da gazteek guk esaten duguna adi entzutea. Hala ere, gure taldea oso ona da. Lagunak gara, eta nire iritziak bezainbeste balio dute Williamsek edo Cordobak esandakoek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Isak gola ospatzen, atzo, Sturm Grazen aurkako neurketan. ©CHRISTIAN BRUNA / EFE

Realak lehen garaipena lortu du Europa Ligan

Jone Bastida Alzuru

Realak irabazi egin du Sturm Grazen aurkako partida: 0-1 gailendu da. Isakek sartu du lehiako gol bakarra, bigarren zatian

 ©SEDIS BASQUET

«Momentuaz gozatzen ari naiz»

Jone Bastida Alzuru

Estatistikek erakusten dute Etxarri sasoi hasiera aparta egiten ari dela: Espainiako Lehen Mailako saskiratzaile nagusia da, partidako batez beste 19,2 puntu bilduta. Hazten segitu nahi du.
Osasunako jokalariak, <em>Chimy</em> Avila-k Vila-reali sartutako gola ospatzen. ©DOMENECH CASTELLO / EFE

Denak bat eginik, gorabidean

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bosgarren postuan iritsiko da Lehen Mailako hamargarren jardunaldira, hasiera itzela osatu eta gero. Miguel Flañoren ustez, oraingo emaitzak azken urteetan hartutako ildoaren segida dira: «Oso egina dago taldea». Gorritxoek onbidean jarraitu nahi dute gaur, Sadarren Granadari irabazita.

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Azken urte eta erdian asko sufritu dut; burumakur nengoen»

Mikel O. Iribar

Azken hamasei hilabeteak ez dira garairik samurrenak izan Zaratamokoarentzat, hainbat arrazoirengatik. Pixkanaka, sentipen «hobeagoak» ditu. Bihar, Lasoren aurkako partida erabakigarria jokatuko du, Zallan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.