Albistea entzun

Eneko Llanos. Ironman probetako triatloilaria

«Ez gara supergizonak; ondo prestatuta, edonork egin dezake ironman bat»

Ez dela burdinazkoa dio behin eta berriro, baina 39 urte bete berritan, ez dauka oraindik erretiroa hartzeko inolako asmorik. «Urte batzuetarako erregaia badut oraindik. Gainera, azken urteak nire ibilbideko onenak izan dira», aitortu du.
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Julen Etxeberria -

2015eko abenduak 8

Gasteiz inguruan egindako mendi bueltak dira Eneko Llanosek (Gasteiz, 1976) dauzkan lehen kirol oroitzapenak. «Han joaten ginen etxeko guztiak: gurasoak —Jose Maria Llanos eta Rosa Maria Burguera— eta hiru anaiok elkarrekin —Hugo, Hektor eta Eneko—. Udan ere sekulako ibilaldiak egiten genituen Pirinioetan. Izugarri gozatzen genuen mendian», gogoratu du. Igeriketa eta judoa ere egin zituen gaztetan, baita pilotan jokatu ere. Hain zuzen ere, pilota utzi zuen 16 urterekin triatloian serio hasteko. Pilotari on bat geratu zen bidean? «Ez dut uste etorkizun handia izango nuenik. Pilota gogor jo bai, baina besterik ez nuen egiten», aitortu du barrez. Auskalo Euskal Herriak pilotari on bat galdu duen edo ez, baina argi dagoena da triatloilari bikain bat irabazi duela.

Hotza dago Gasteizen. Ez da garai aproposa entrenatzeko.

Bada, ez. Halere, lasai nabil oraindik. Apiril-maiatz aldera lehiatuko naiz denboraldiko aurreneko probatan.

Duela bi hilabete eskas amaitu zenuen denboraldia, Hawaiiko Ironmanarekin, Munduko Txapelketarekin. Halako proba gogor batean parte hartu ondoren, derrigorrez atseden hartu beharra dago.

Gutxienez, bi aste, eta Hawaiikoaren kasuan, sasoiko azken proba izanik, oraindik eta gehiago. Hilabete inguru egon nintzen ia ezer egin gabe, baina jada badaramatzat aste batzuk entrenatzen; hori bai, lasai, estutu gabe.

Kosta egiten da halako proba batek eragiten duen tentsioari eta nekeari buelta ematea?

Bai, kostatzen da. Lehen bi asteak pasatuta, uste duzu jadanik buelta eman diozula, baina mugitu bezain laster konturatzen zara ez duzula nekea oraindik gainetik kendu. Nik, adibidez, hilabete inguru behar izaten dut.

Zintzo erantzun: nola iritsi zinen helmugara?

Txiki-txiki eginda. Hala ere, iritsi izan naiz okerrago. Aurten, erritmo txikiagoan korritu zen maratoia, eta horrek izango zuen zerikusirik.

Hawaiikoa da ironmanik gogorrena?

Edozein ironman bete-betean eginda, oso gogorra da. Gainera, badira gogorrago egin dezaketen faktoreak: ibilbidea, eguraldia... Hawaiikoari dagokionez, izugarrizko lehia dago. Ez da harritzekoa, Munduko Txapelketa da, eta munduko onenak aritzen dira han. Hori gutxi ez, eta eguraldiak are gehiago gogortzen du egin beharreko lana: bero handia egiten du, eta hezetasuna ere oso handia da. Horregatik guztiagatik izan daiteke Hawaiikoa ironmanik gogorrena.

Hala ere, denok nahi duzue han lehiatu kosta ahala kosta. Hain da berezia?

Triatloilari bat handi egin dezakeen ironmana da. Gozamena da han lehiatzea.

Goza al daiteke igerian ia lau kilometro, bizikletan 180 eta korrika 42 pasatxo eginda?

Harrigarria badirudi ere, bai, goza daiteke. Baina, erne, geure gozamena ez da jendeak pentsa dezakeen gozamen hori.

Nolakoa da, bada?

Bada, zeure burua ahalegin betean, sufritzen, sumatzea, eta aldi berean oso azkar zoazela sumatzea. Agian, kirola egiten ez duen norbaiti oso arrotza egingo zaio sentsazio hori, baina benetan da ederra.

Ironmanak deitzen dizuete. Halakoak zarete, burdinazkoak?

Ez. Mito asko dago horren inguruan. Ironman baten helmugara joanez gero, lasai-lasai ikus dezakezu 18 urteko gazte bat, 80 urteko edadetu bat edo elbarritu bat. Bakoitzak bere erritmora lortzen du helmugaratzea. Proba gogorra da, noski, baina, ondo prestatuz gero, edonork egin dezake ironman bat. Ez gara ez supergizonak, ez superemakumeak.

Baina zuk zortzi orduren bueltan egiten duzu ironman bat. Hori ez dago edonoren esku.

Baina ni profesionala naiz, eta makina bat urte daramat honetan. Ezin da alderatu. Adibidez, nik egiten dudan prestaketa.

Zenbat entrenatzen zara?

Ez dut eguneroko zehatz bat, sasoiaren araberakoa da. Baina, normalean, egunero lau ordutik seira entrenatzen naiz. Hala ere, badira garaiak zazpi orduz entrenatzen naizela.

Eguneroko gogorra da hori.

Bai, eta motibazioa behar da. Gasteizen, neguan, adibidez, badira egunak leihotik begiratzen duzula eta zeure burua konbentzitu beharra duzula kalera irten eta egurrean hasteko. Hastea izan ohi da gogorrena, baina, behin hasita, eramangarria da.

Horregatik duzu bigarren etxea Lanzaroten (Espainia). Goxo-goxo entrenatzen da han, ezta?

Neguan egonaldiak egiten ditut han. Eguraldi oso ona egiten du, eta oso erosoa da entrenatzeko. Hango eguraldi onak aukera ematen dit prestaketa ez eteteko.

Entrenatzea bezain funtsezkoa da atseden hartzea?

Zalantzarik gabe. Entrenatzen gastatutako indarrak ez badituzu berreskuratzen, alferrik ari zara lanean. Nekea pilatuz doa, eta gero eta arrisku handiagoa dago min hartzeko. Gogor entrenatu beharra dago, baina ondo atseden hartu eta elikatu beharra dago ere.

Elikadura aipatu duzu. Arrautzak eta esnekiak jaten dituen barazki jalea zara zu.

Hala da, aspalditik, gainera, duela hogei urte baino gehiago.

Ohikoa da hori zure kirolean?

Ez. Badira kirolariak barazki jaleak direnak euren errendimendua hobetzeko. Ni arrazoi etikoengatik naiz barazki jalea. Aspaldi erabaki nuen ez nuela animaliarik jango, eta horregatik ez dut jaten ez haragirik, ez arrainik.

Erabaki horrek eraginik izan du zure errendimenduan?

Ez, gainera, triatloian serio hasi aurretik jada nintzen barazki jalea, eta nire kirol ibilbidean lortu ditudan emaitzek agerian uzten dute horrek ez didala inolaz ere kalterik egin. Aitzitik, sinetsita nago mesede egin didala. Horregatik, oso argi dut berdin-berdin jarraituko dudala. Oso kontsekuentea naiz hartzen ditudan erabakiekin, eta hau, niretzat, oso erabaki garrantzitsua da.

Halako proba gogor eta bakarti bat izanik, gorputza bakarrik ez, burua ere entrenatu beharra dago.

Burua funtsezkoa da. Ezer gutxi egin daiteke buruak ezetz badio.

Eta nola entrenatzen da burua?

Egia esan, nik ez dut espresuki arlo hori lantzen. Entrenamendu fisikoa egiten dudanean, aldi berean entrenatzen dut ere arlo psikologikoa: adibidez, nola kudeatu garai txarrak, nola gainditu... Psikologia liburuak irakurtzen ditut noiz edo noiz, edonon topa daitekeelako mesede egin diezazukeen zerbait. Espresuki landu ez izanagatik, garrantzi handia ematen diot arlo psikologikoari.

Bakarrik entrenatzen eta lehiatzen zara zu. Onerako edo txarrerako?

Onerako eta txarrerako. Taldean entrenatzea askoz erosoagoa da, ia ez duzu behar motibaziorik. Niri gustatzen zait taldeka aritzen zarenean sortu ohi den lehiarako grina hori. Bakarrik, ordea, kosta egiten da motibazioa topatzea, eta halakoetan oso garrantzitsua da diziplina zorrotza izatea. Nik oso argi dut lehiatzerakoan ez dudala inor ondoan izango, laguntzen. Egoera hori, entrenatu ezean, garesti ordain dezakezu gero.

Lehiatzen zarenean zertan pentsatzen duzu?

Lasterketan, beste ezertan ez: non sufri dezakedan, non erasoa jo...

Eta entrenatzen zarenean?

Orduan bai joaten zaidala burua, betiere entrenamendua oso berezia ez bada. Baina lan saio lasai eta luze batean edozertaz hausnartzeko astia duzu: iraganaz, orainaz, etorkizunaz...

Igerian, bizikletan ala korrika. Hiru diziplina horien artean non nabarmentzen zara?

Bakar batean ere ez [barrez]. Hori da nire indargunea: hiru diziplinatan moldatzen naizela ondo, ez dudala gorabehera askorik batean edo bestean arituta.

Urteekin presioa hobeto eramaten ikasten da.

Bai eta ez. Nik ikasi dut lehiaketatan lasaiago egoten, baina ezin dut saihestu lehiaketa garrantzitsu baten atarian urduri egotea. Presioa, nerbioak eta zalantzak beti daude presente. Ikasten duzuna da horiek guztiek kalte egin ez diezazuten.

39 urte egin berri dituzu. Noiz arte duzu asmoa lehiatzen jarraitzeko?

Ondo ikusten dut neure burua, orain hiruzpalau urte baino hobeto. Ez dut txakalaldirik nabaritu, eta ez dut lesio larririk izan. Garrantzitsuena da buruak agintzen dizunari kasu egitea, eta gaur-gaurkoz, neure buruak esaten dit jarrai dezakedala oraindik urte batzuetan lehian.

«Lehen gozatzen ez nuen gauzekin gozatzen dut orain». Zuk esana da.

Eta hala da. Hogei urte pasatxo daramatzat mundu honetan, eta jada gaztetan zirrara sorrarazten zizkidaten gauza batzuk jada ez didate zirrara sorrarazten. Aldiz, gehiago baloratzen ditut lehen ia garrantzirik ematen ez nien beste gauza batzuk. Adibidez, gaztetan, emaitza ona lortzea zen buruan nuen gauza bakarra, eta emaitza txarra lortuz gero, dena zen txarra. Orain, ordea, ikasi dut esperientzia guztietatik, onak edo txarrak izan, ikas daitekeela zerbait.

Aita izan zara duela bi urte eskas. Horrek aldatu zaitu ere bai?

Goitik behera. Egunerokoa aldatu zaigu etxean, pentsatzeko modua... Jada ez gara emaztea eta biok bakarrik, Jon ere dago, zaindu egin behar dugu, hezi... Bizitza aldatu zaigu, baina hobera, askoz hobera. Beste motibazio bat dugu orain etxean.

Bikotekidea ere puntako triatloilaria duzu: Ruth Brito. Horrek mesede egiten du?

Izugarri. Biok oso ondo ezagutzen dugu triatloiaren mundua, eta badakigu zenbat sakrifizio egin behar diren, noiz egon behar duen ondokoak lasai, noiz behar duen babesa... Gure kasuan, mesede handia da biok triatloilariak izatea. Ikusten ditut bikoteak, non bietako batek ez duen puntako kirola egiten, eta horrek tentsioa areagotzen du euren artean. Gurea, noski, ez da bikote perfektua, eta baditugu une ez horren onak, baina, oro har, mesede egiten digu biok triatloilariak izatea.

Txirrindulariek eta autoetako eta motoetako gidariek aitortu ohi dute seme-alabaren bat izatean gehiago ematen diotela balaztari. Zure kasua ere bada?

Bai. Arriskua ikusten dudan bakoitzean etortzen zait burura jada ez nagoela ni bakarrik munduan, etxean beste bi ditudala. Saihetsezina da. Zorionez, txirrindularitzarekin edo motor kirolekin alderatuta, triatloian ez dago horrenbesteko arriskurik.

Etxekoak aipatuta, zenbateko garrantzia izan du zure kirol ibilbidean Hektor anaiak?

Funtsezkoa izan da. Harengatik hasi nintzen ni triatloian, hura ikusita. Urte askoan eskutik joan ginen, entrenatzen, lehiatzen, berak erretiroa hartu zuen arte.

Gogoratzen duzu lehen triatloi hura?

Oso oroimen txarra dut, baina bai, gogoratzen dut triatloi batean lehiatu nintzen lehen aldia. Suancesen izan zen (Espainia), 1993an. Aurretik banituen duatloi batzuk eginda, eta inguruan banituen eskarmentua zuten lagun asko. Esperientzia polita izan zen, bestela ez nuen jarraituko.

Azkar hasi zinen nabarmentzen. Horrela iritsi zinen Sydneyko Olinpiar Jokoetara lehenbizi, eta Atenaskoetara gero. Zer-nolako esperientziak izan ziren?

Emaitzak ez ziren onak izan, bareak heldu ninduen bietan: Sydneyn, 23. postuan amaitu nuen, eta Atenasen, 20. postuan. Halere, Olinpiar Jokoetan egon ohi den maila kontuan hartuta, ez dira oso emaitza txarrak. Bien artean, Sydneykoarekin geratzen naiz. Lehen aldiz izan zen triatloia olinpiar kirola, eta niretzat ohorea da hor egon izana. Giro ederra izan zen, eta zenbait unetan oilo-ipurdia jarri zitzaidan.

Australian amaitu zenuen lehen ironmana ere, 2005eko azaroan. Aurreko hiru ahaleginetan, halere, ez zinen gai izan helmugara iristeko.

2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetatik bueltan erabaki nuen triatloitik ironmanera pasatzea. Eta horri begira hasi nintzen jo eta ke lanean. Hastapenak zailak izan ziren, kosta egin zitzaidan distantzia berrira egokitzea. Lehen hiru ahaleginak, gainera, ustelak izan ziren. Iritsi zen une bat pentsatu nuena ironmana ez zela niretzako proba. Baina Australian lortu nuen bigarren postu horrek konfiantza handia eman zidan. Mugarri izan zen.

Izango dituzu egun kutunak hogei urte pasatxoko kirol ibilbidean, ezta?

Zorionez, asko ditut. 2008an, Hawaiiko Ironmanean, Munduko Txapelketan, bigarren izan nintzenekoa da horietako bat. Urtebete lehenago Lanzaroteko Ironmana irabazi nuenekoa da beste bat. 2003an distantzia luzean Europako txapeldun izan nintzenekoa ere berezia izan zen, ezustea izan zelako. Baina guztietan bereziena 2012an Gasteizen jokatu zen Munduko Triatloi Txapelketa izan zen. Izugarria izan zen hiri osoa triatloira begira ikustea, milaka zale kalean... Pena izan zen bigarren postuarekin konformatu behar izana, baina oroitzapen bikaina dut egun horretaz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Shane Larkin eta Vasilje Micic, Efeseko bi izarrak, azken Euroligako finala irabazi berritan, elkar besarkatzeko prest. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Inoizko Euroligarik gogorrena

Beñat Mujika Telleria

Urtero maila hobetuz badoa ere, Europako izarren ligak gogoangarria izateko osagai guztiak ditu sasoi honetan. Hemezortzi talde lehiatuko dira gorenera iristeko asmoz.

Brais Mendez Realeko jokalaria, Omoniako jokalariez inguratuta, Europa ligako aurreko partidan. ©JON URBE / FOKU

Realak zigilua jarri nahi du

Jon Ander De la Hoz

Txuri-urdinek Moldavian jokatuko dute gaur Europa ligako hirugarren jardunaldian, Xeriffen aurka. Garaipena dute helburu, multzoko lidergoa indartzeko. Imanolek dio «lehia gogorra» izango dela

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Iñaki Berastegi

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.
Julen Lopetegi atzo, Sevillaren eta Dortmunden arteko neurketa bukatu berritan. ©Jose Manuel Vidal, EFE

Julen Lopetegik utzi egin dio Sevillako entrenatzaile izateari

Uxue Rey Gorraiz

Bart kargugabetu dute euskal teknikaria, taldearen bolada txarra dela eta. Klubak ez du iragarri Lopetegik utzitako hutsunea nork beteko duen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...