Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Aurrean ditudan elementuek ematen dizkidate aginduak»

Publizitatea

Kultura

Txiki Agirre, 'Keixeta'. Margolaria eta eskultorea

«Aurrean ditudan elementuek ematen dizkidate aginduak»

Eskultura eta pintura elkarreragin zuzena duten bi diziplina dira Keixetaren lanean. Azken 6-8 hilabeteetako lanak bildu, eta erakusketa jarri du Donostiako Ekain galerian.
Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-05-20 / Julen Aperribai

Ia sistematikoki ekiten dio sortze prozesuari Txiki Agirre Keixeta (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa, 1963) margolari eta eskultoreak, zuria lehenbailehen estaliz, pinturaren kasuan. Estaltzen duen horrek, ondoren, elementu berriak sortzera darama, edo elementu abstraktuak figuratibo bihurtzera, Donostiako Ekain galerian jarri dituen koadroetan egin bezala. Urteetan utzia izan duen diziplina artistikoa, zeramika, berriz hartu du, eta, koadroez gain, zeramikazko hainbat piezak ere osatzen dute erakusketa. Ekainaren 24ra arte izango da ikusgai.

Egindako lana estudiotik atera eta jendaurrean aurkezteko gogoa zenuen?

Bai. Gainera, Donostian, zehazki, bost urte neramatzan ezer erakutsi gabe. Kontua izan da aukeratzea zer erakutsi. Bi urte pasatu dira inon ezer era indibidualean erakutsi gabe; beraz, bi urte horietan egindako lanen artean aukeratu behar nuen. Erabaki dut azken 6-8 hilabeteetako obrak ekartzea.

Obrek euren artean koherentzia izan zezaten saiatu zara?

Nire kasuan, beti izaten dut arazo hori, orain egindakoak aurrez egindakoarekin duen koherentzia falta. Koherentzia denborarekin lortzen dut. Azken hilabeteetan egindako obrek badute lotura bat euren artean, eta, agian, ez dute zerikusirik orain dela 2-3 urtekoekin. Horregatik erabaki dut azkena egindakoak jartzea ikusgai. Aldaketak denborak markatzen dizkit. Batzuetan, elementua aldatzen duena zerbait nonbait ikusi izana da. Hortik abiatuta, elementu berri bat sortzen dut koadro batean. Horrek eramaten nau hurrengo koadroan beste elementu bat sartzera, eta, ondoren, beste bat, harik eta segida bat dudan arte. Konturatzerako, 3-6 hilabetera, multzo bat izaten dut, aurrez egindakoekin zerikusirik ez duena.

Aldaketa horiek zuk zeuk behartzen dituzu, proiektutik proiektura denbora tarteak hartuz?

Nahi gabe egiten dut, eta aldaketak bestelako arrazoiengatik gertatzen dira. Bidaia bat egiten duzunean, edo aste batzuk estudiora sartu gabe egoten zarenean, inkontzienteki gertatzen dira aldaketa horiek. Jarraian lanean denbora bat daramazunean, lanak beti izaten du lotura bat. Geldialdi bat egitean, edozein motiborengatik, orduan sortzen da lan berria.

Pinturan, abstrakziotik figuraziorako bidea hartu duzu. Nola gertatu da?

Nire hasierako eginbeharra izaten da mihise zuria estaltzea. Hor erabiltzen ditudan elementuak ez dira figuratiboak izaten: gehienbat, marrak egiten ditut, bai horizontalak eta bai bertikalak. Ahalik eta azkarren zuria estaltzen dut. Ondoren, koadroa bertikalera eramaten dut, eta, orduan, askoz gehiago pentsatu behar izaten dut. Komunikazioa sortzen da. Begira ari naizela, elementu desberdinak ikusten ditut, eta elementu horiek definituz joaten naiz.

Materialak iradokitzen dizunaren esku uzten dituzu hurrengo pausoak?

Irudiak. Egin dudan orbain batek eramaten nau elementu bat sartzera, eta horrek interbentzio bat egitera beste nonbaiten, eta hala sortzen dira segidak. Beste artista batzuek zirriborroekin egiten dute lan, eta saiatzen dira zirriborroan dutena koadrora eramaten. Nire kasuan, aurrean ditudan elementuek ematen dizkidate aginduak, eta eramaten naute elementu berriak sartzera.

Zeramikarekin prozesu berari jarraitzen diozu?

Zeramikan, teknikak gehiago agintzen du. Erabiltzen dudan teknikagatik, muga gehiago ditu. Tornu alfareroa erabiltzen dut, eta ahalegintzen naiz elementu perfektu bat egiten. Kasu honetan, hodiak egin ditut hasieran. Ondoren, horiek hautsi, desegituratu, eta, modu horretan, mugimendua irudikatzen saiatu naiz.

Pintura eta eskultura aldi berean lantzen dituzu?

Oiloaren eta arrautzaren kontua bezala da: ez dakizu zer gertatzen den lehenago. Garai berean eginak badira, zeramikak laguntzen dit pinturan. Alderantziz ere gertatzen da: egindako margolan bati bolumena ematen lagundu diezadake eskulturak. Etengabeko elkarreragina dute biek.

Denbora luzez izan duzu alboratua zeramika. Zergatik ekin diozu berriz?

Ez dago motibo jakinik. Garai batean egindakoa gogoratu, eta berriro buztinera bueltatzeko gogoa sartu zitzaidan. Baliabideak ere parean tokatu zaizkit. Zeramika lantzea ez da hain erraza; tresna aldetik, labeak eta beste behar dira. Egun baditut, eta aukera daukat buztina lantzeko. Gaztetan, zeramika eta pintura, biak egiten nituen. Hogei urtez zeramika ukitu gabe izan naiz, eta orain dela bost urte hartu nuen berriz. Buztina oso erakargarria da. Eskuekin ukitzea gustuko dut, eta espresiorako ere oso bizia da. Oso gustura nago buztinarekin, eta nire lanean mantenduko den elementu bat da.

Esan izan duzu behin obra bukatuta nabaritzen duzula inguru geografikoaren eta beste artisten eragina.

Gero izaten naiz kontziente, baina badakit eragin hori beti dagoela presente, bai inguru geografikoarena eta bai jendearena, izan artistak ala ez. Lanean ari naizenean ez naiz kontziente, baina gerora ikusten ditut erreferentziak. Baita nire inguru pertsonalarenak ere, bizi naizen ingurukoak. New Yorken biziko banintz, beste era bateko lan bat egingo nuke; agian grafitigilea nintzateke.

Donibane Garaziko kartzela izandakorako proiektu bat garatzen ari zara. Nola egokituko zara espazio berezi horretara?

Urrian izango da. Erdi Aroko etxe bat da, eta garai batean kartzela izan zen. Bertan, erakusketa aretoak daude. Espazio oso itxia da, eta ia argirik gabekoa. Ziega txiki bat ere badu. Tokia ezagutu nuen, eta zerbait egitera bultzatu ninduen. Eskulturak protagonismo handiagoa izango du, hala eskatzen baitit lekuak berak.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak