Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Ez zaizkit natural ateratzen drama ikaragarriak»

Publizitatea

Kultura

Nerea Ibarzabal. Bertsolaria

«Ez zaizkit natural ateratzen drama ikaragarriak»

Adarra jo zioten lagunek Ibarzabali, 9 urteko ume baten rolean hain ondo moldatzeagatik. Markinarrak, ordea, puntuak ondo erantzun izana du benetako lorpentzat: «Amore emanda nengoen ariketa horrekin».
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2017-10-10 / Miren Garate

Tolosan argituko da, larunbatean, zein hemezortzi bertsolarik egingo duten aurrera Bertsolari Txapelketa Nagusian. Jakinekoa da Nerea Ibarzabalek Maule-Lextarreko (Zuberoa) finalaurrekoan abestuko duela, herenegun irabazi egin baitzuen Zumaiako (Gipuzkoa) kanporaketa. Sailkatzeko aukera dezente dituzte bigarren eta hirugarren egin zuten bi bertsolariek ere: Nahikari Gabilondok eta Miren Artetxek (661,5na puntu eskuratu zituzten). Biek zortziko handian elkarrekin egindakoa izan zen, hain zuzen, txalorik gehien jaso zituen bertsoaldietako bat. Hotel bateko garbitzaileak ziren, eta hamar minutu zituzten logela bakoitza garbitzeko. Lan baldintzez aritu ziren lehen bi bertsoetan, eta azkena honela amaitu zuen Artetxek: «Hotelekoak bukatzen dira/ eta etxekoak hasi». Eta Gabilondoren erantzuna: «Hemen gutxitxo kobratzen degu/ ta han askoz gutxiago».

Oro har, ona izan zen saioa, eta puntuetan beherago geratu ziren hiru bertsolariek ere utzi zituzten ale ederrak; esate baterako, kartzelakoan, besteak beste, bide originalak hartu zituztelako. «Zaborretara botatzera joan zara, baina azkenean gorde egin duzu», zuten gaia. Elikadurari lotutako arazoak zituen pertsona baten azaletik kantatu zuen Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, eta janaria zen azkenean bota ez zuena. «Baloia» esan zuten bertsozaleek Asier Otamendik berak puntua amaitu baino lehen, baina «hamalau urte nituenean/ lapurtu nuen Playboy-a» amaitu zuen arabarrak. Bazirudien umore errazera joko zuela, baina ideia politak bota zituen. «Rebista hontara mugatu baitzen/ gure sexu heziketa», azaldu zuen bigarren bertsoan, eta zehaztu zuen guraso elkarte batean ari zela lanean seme-alaben heziketa pluralago baten alde.

Hain zuzen, Otamendirekin hasi zen Ibarzabal, zortziko nagusian. Irakasleak ziren, eta oso gaixo egondako ikasle bat egun hartan itzuli zen eskolara, sendatuta. Ikasleak minbizia izan zuela esan zuen Ibarzabalek lehen bertsoan, baina Otamendik minbizia edo bullying-a izan ote zen zalantza zuela bota zion, ataka estuan jarriz markinarra. «Erantzutea erabaki nuen, eta ahal nuen bezala eutsi nion ariketa horri». Hortik aurrera, bertsoaldi guztietan oso fresko eta natural ibili zen.

Eskuak aurpegira eraman, eta «ez bazaitut ikusten/ ez zara existitzen» eta «umore txar horri/ emaiozu buelta/ pika-pika gehiegi/ jan dituzu eta». Zortziko txikian ederki moldatu zinen gozokiak lapurtzen harrapatu zuten umearen rolean.

Kuadrillakoek esan didate esanguratsua izan daitekeela 9 urteko ume baten rolean hain ondo moldatzea. Egia esan, oso gustura sentitu nintzen ariketa horretan. Gainera, Nahikarirekin [Gabilondo] kantatzea ere oso ederra izan zen; ondoan tokatu zitzaidan, eta asko lagundu zidan.

Puntuak erantzuten, orain arteko puntuaziorik altuena lortu duzu. Bereziki gustatzen zaizu ariketa hori?

Hori bai dela niretzat benetako lorpen pertsonala: puntuak ondo erantzutea. Amore emanda nengoen ariketa horrekin. Bizkaiko finalaurrekoetan, adibidez, desastre ibili nintzen ariketa horretan. Zumaian ondo, baina oraindik ez dugu esango Nerea puntuak erantzuten ona dela.

Bertsolarion helburua izaten da zeuenetik ematea edo zeuen estiloan aritzea. Zein unetan lortu zenuela esango zenuke?

Lehen aipatutako zortziko txikiko ariketan, adibidez. Hamarreko txikian ere akaso bazegoen umorera gehiago jotzeko aukera, baina aurretik adostu genuen doinua, eta triste samarra zen. Ez zaizkit asko gustatzen drama ikaragarriak, ez zaizkit natural ateratzen, eta ahalegintzen naiz pixka bat beste ikuspuntu bat ematen edo umorera jotzen.

Kartzelakoan ezkontzeko soinekoa gorde zenuen zuk, bikotea ez zelako agertu ezkontzara. Fikziotik hartu zenuen gaia. Hor ere umorera jo nahi izan zenuen?

Gaia entzun nuenean, asko gustatu zitzaidan, baina entrenamenduetan-eta ikusi dut denborarekin gaizki ibiltzen naizela. Hiru minutu-edo daude pentsatzeko, eta zeri kantatu erabakitzen denbora gehiago behar izaten nuen nik. Zumaian, soinekoaren ideia etorri zitzaidan aurrena, eta pentsatu nuen: «Ez dut denbora gehiago alferrik galduko zeri kantatu erabakitzen», eta soinekoarekin jarraitu nuen. Bestela ere ez dut uste drama handirik egingo nuenik, drama egiteko arazorik ez dut, baina ahal bada mezu bat emateko, ez drama-drama egitearren.

Beñat Gaztelumendi izango duzu kantukide Maulen, eta gainerakoen izenak larunbatean jakingo dira. Aldatuko dira zure asmoak edo helburuak?

Pozik nago han egokitu zaidalako, Maulera bizitzan behin joan naiz, eta hori ere txapelketari esker, ikusle moduan. Eta Beñatekin kantatzeak ere ilusioa egiten dit, gutxitan kointziditu baitugu plazan. Ez dakit lasaiago joango naizen edo urduriago. Batetik, lehen gutxi nuen galtzeko eta orain gutxiago, baina, bestetik, jende oso ona geratu da kanpoan, eta horrek ere sortzen dit presio moduko bat.

Zumaian, jendeak gogor jo zizun txalo, hasieratik.

Goizeko ordu bata arte egon nintzen mezuak erantzuten. Egundoko babesa sentitu nuen, halakoetan txapelketa guztietan izena emateko gogoa sartzen da, jendearen maitasuna sentitzeagatik bakarrik.

Publizitatea

Sortu kontua
Miren Garate Miren Garate

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak