Ignacio Vilar. Zinemagilea

«Zinema da herrialde bat mugimenduan jartzea»

Lepo bete ditu Galizian galizierazko 'A esmorga' filmarekin Ignacio Vilar zinemagileak. Bilbon izan da Eduardo Blanco Amor idazlearen nobela klasikoaren egokitzapena aurkezten.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko otsailak 3

Klasiko bat da Galizian. «Atzean utzitako ateen giltzak botako bagenitu bezala egiten genuen aurrera; ez itzultzeko». Tabernan gizon bat hil, eta hiru pertsonaiaren aurreranzko ihesaldi alkoholikoa kontatzen du Eduardo Blanco Amor idazle galiziarraren A esmorga eleberriak. Zinemara egokitu du orain Ignacio Vilar zinemagileak (Petin, Galizia, 1951), eta marka guztiak hautsi ditu. Orain hamabi aste estreinatu zuten, eta zinema areto komertzialak betetzen dihardu oraindik ere. Halakorik lortu duen galizieraz errodatutako lehen filma da, baita Espainiako Goya sarietarako hautagai izendatu duten bakarra ere. Bilboko Zinegoak jaialdian proiektatu dute lana orain, eta udaberrian helduko da areto komertzialetara. Baikor mintzo da Vilar bere herrialdeko zinemaren egoeraz. «Oraintxe, zinema galiziarra marka bat sortzera heltzeko puntuan dago».

Gonzalo Suarez zinemagileak ere zinemaratua zuen nobela. Asturiasera eraman zuen berak, ordea, eta gazteleraz errodatu.

Nik uste dut galiziarrok garenaren ispilu dela A esmorga. Eleberrian Ourensen egiten den ibilbidea errespetatu dut, adibidez, baita nobelan ageri den giro euritsu hotza ere. Funtsezkoa da hori. Oso-oso zaila da euripean errodatzea, baina funtsezkoa zen.

Eta hizkuntzarena ere hor dago.

Ezinbestekoa da A esmorga barrutik harrapatzeko. Ourenseko hizkera asko landu dugu. Horrexen falta sumatzen nuen nik Suarezen bertsioan. Oso zuzendari ona zen, baina A esmorga-k sakontasun handiagoa du.

Bost film dituzu, orotara, eta guztiak galizieraz errodatuak.

Galiziarra naiz, eta galizieraz errodatzen dut. Gainera, laguntza publikoa jasotzen dut, eta erantzukizuna dut nire herriarekiko eta dirua jarri duten herritarrekiko. Niri eta nire herriari intereseko zaizkionak lantzen ditut, agian baliagarri izan daitezkeelako.

Euskal zinema sasoika piztu eta apaltzen dela dirudi. Egonkorragoa al da Galiziako zinema?

Aurten, 25 urte dira galizieraz lehen film luzea kaleratu zutela; Chano Piñeirok zuzendutako Sempre xonxa. Talde tekniko eta artistiko ia guztia kanpokoa zen. 25 urteren ostean, A esmorga-n egon den taldearen %99 da Galiziakoa, eta aktoreen taldea ere osorik galiziarra, Karra [Elejalde aktorea] salbu. [Filmean galizieraz mintzo da]. Zinemak behar ditu azpiegiturak, teknikoak, aktoreak, baita finantzaketa sistemak ere. Oraintxe, zinema galiziarra marka bat sortzera heltzeko atarian dago, bere garaian zinema neoerrealista italiarra edo nouvelle vague frantziarra egon ziren bezala. Nik asko jarraitzen dut euskal zinema, Espainiako Zine Akademiako kide naizelako, eta aurten Lasa eta Zabala ikusi dut. Maisulana da. Hori ez da ezerezetik sortu. Zinema lan kolektiboa da. Baina ez soilik pelikula egiten duen lantaldearena, baizik eta baita herrialde osoarena ere, herri horrek ere aretora sartu eta bere zinema ikusi behar baitu.

Filma estreinatu zenuen asteburuan galiziarrak mobilizatzera deitu zenituen kasik.

Zinema da herrialde bat mugimenduan jartzea. Niretzat, zinema da esperientzia bat bizitzea, ez entretenimendua. Herri bati adierazteko aukera eskaintzen dio zinemak, eta zerbait adierazteak esan nahi du zeure buruaren kontzientzia duzula, eta munduari hori manifestatzeko gai zarela. AEBetan ongi dakite zer egin daitekeen zinemarekin, eta zinema eurek bakarrik egiteko moduan diseinatu nahi dute dena.

Hamabi aste daramatza zure lanak aretoetan. Marka da hori.

Lankide bakoitzari filma haiena zela sentiarazten saiatu naiz. Hamabost eguneko itxialdia egin genuen horregatik erresidentzia batean hiru aktoreekin. El resplandor deitzen genuen leku hura [barreak]. Bakartuta geunden, gidoia lantzen. Halakorik ez da egiten zineman, egun bat edo bi egun lehenago heltzen zaizu gidoia, eta errodatzera. Itxialdi hartan haserre galantak izan genituen, baina argi ikusi genuen zer film egin nahi genuen. Lan kolektibo bat izan zen, eta hori igartzen da pelikulan. Proiekzioak egin genituen gero han-hemenka, eta denek oso ongi hartzen zutela ikustean jakin genuen esku artean genuena zer zen. Lehen ere bagenekien, baina publikoarena beti da misterio bat.

Gogorra da filma, eta latza bukaera. Irudiak eta soinuak amaitu eta nobelaren amaierako testua proiektatzen da isiltasunean.

Erabaki gogorra izan zen. Musika pixka bat jartzeko esaten zidaten denek, baina konbentzitu nituen. Publikoak puntu horretaraino lagundu bagaitu, zergatik egin kontzesioak hor? Sekulakoa da isiltasun hori. Filmaren hasieran dagoen testua eleberrikoa da, eta bukaeran dagoen testua ere bai. Idazlearen izena dator gero: Eduardo Blanco Amor. Hor identifikatzen naiz ni egilearekin. Halakoekin zoaz deskubritzen zer den hilezkortasuna. Hilezkortasuna da lekukoa hartzea. Gu gara beste batzuk izan zirena, eta izango direnek izango dute gure zerbait. Horixe hilezkortasuna.

Bikoiztu egingo dute filma gaztelerara orain. Pena?

Lau bertsio prestatu ditugu: jatorrizko bertsioa gaztelerazko azpidatziekin; jatorrizkoa euskarazko azpidatziekin; jatorrizkoa katalanezko azpidatziekin; eta gaztelerara bikoiztutakoa. Bikoizketaren kontra nago ni. Nigatik balitz, debekatuta egongo litzateke, baina ez dut horretarako botererik. Guri ere interesatzen zaigu heltzea baldintza ekonomiko, kultural, eta politikoen ondorioz jatorrizkora heltzeko biderik ez duen publiko horrengana. Ongi legoke hori aldatzea, baina denbora behar da horretarako. Bitartean, moldatu egin behar, eta asko landu dugu gaztelerazko bikoizketa ere aktoreekin.

Diozunez, gune komun bat da A esmorga eleberria galiziarrentzat. Zergatik hautu hori?

Klasikoak leku komunak direlako dira klasiko. Funtzionatzen dute hemen eta edonon. Oso une gogorra bizitzen ari gara galiziarrok. Hizkuntza atzera doa, gure kultura ere bai, eta uste dut funtsezkoa dela gune komun horiek topatzea, bizirik iraun ahal izateko, eta gure arbasoek transmititu zigutenari eta garenari bizirik eutsi ahal izateko. Funtsezkoa da hori gureen moduko herrialde txikientzat.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Txagorritxuko erietxean, COVIDaren test serologikoak aztertzen. ©G. RUBIO / FOKU

Eritasunari buruzko lezio berrikusia

Arantxa Iraola

Asko falta da oraino, baina COVID-19aren inguruko ezagutzak egunero ari dira argitzen, osatzen; ondorioz, izurriaren hasieran gaitzaz esan ziren hainbat gauza zahartuta eta atzeratuta geratu dira guztiz. Etengabeko berrikusketa eskatzen du gai honek.

Angeluko hondartza. ©Guillaume Fauveau

Maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ere

Olatz Esteban Ezkati

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian: 224 kasu izan dira azken orduetan. Gipuzkoako tabernariak kexu agertu dira Jaurlaritzaren murrizketak direla eta

Emakume bat oinez Donostian, erosketen poltsak eskuetan, joan den apirilean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Zaurgarrienak, zaurgarriago

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Pandemiak emakume eta gizonen arteko desberdintasunak sakondu dituela ondorioztatu du Emakunderen txosten batek. Egoera hobetzeko gomendioak eman dizkie erakundeei

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna