Pau Guillen. Zinegoak jaialdiko zuzendaria

«Aniztasuna kulturaren bidez lantzea da gure apustua»

Astelehenean hasiko da gaylesbotrans zinema eta arte eszenikoen Zinegoak jaialdia, Bilbon. Alor artistikoa eta alor soziala uztartzea da erronka, Pau Guillen zuzendariaren hitzetan.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2016ko otsailak 18
Astelehenean hasiko da Zinegoak Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia, baina hasita balego bezala da. Otsailaren 22tik 29ra egingo da berez jaialdia, eta ehun film baino gehiago proiektatuko dituzte guztira, baina aurten hitzaldi, argazki erakusketa eta proiekzio sorta bat ere prestatu dute jaialdi aurreko egunetarako. Jaialdiaren alde zinematografikoa eta alde soziala inoiz baino estuago uztartzea da asmoa, Pau Guillen jaialdiko zuzendariak azaldu duenez (Alacant, Herrialde Katalanak, 1976).

Handitu egin nahi zenuten jaialdia, eta lortu duzue.

Zinemari dagokionez, oso ongi dago jaialdia; sentsibilizazioaren, ikusgarritasunaren eta naturalizazioaren alorrean nahi genuen handiagoa. Gure berri dutenek badakite pelikula onak jartzen ditugula. Horrek funtzionatzen duela bagenekien, antolatzaileok Hegoak elkarteko kide izateaz gainera zinemaren profesionalak ere bagarelako, eta mimo handiz aritzen garelako. Azken urteetan aurrekontua handitu ahal izan dugu, eta proposamen zinematografikoaz harago jotzeko aukera eman digu horrek. Jaialdiak sentsibilizazio egitasmo modura ere funtziona zezan nahi izan dugu, horiek baitira jaialdiaren bi zutabe nagusiak: zinema eta sentsibilizazioa.

Alde sozialaren eta alde artistikoaren arteko oreka bilatzea izango da beti gisa honetako jaialdien erronka, ezta?

Guk geuk oso barneratuak ditugu bi alor horiek. Oso argi dugu LGTBren sentsibilizazioan aritzen den elkarte batean ez lukeela zentzurik izango huts-hutsean zineman ardaztutako jaialdi batek. Asko zaintzen dugu oreka horregatik. Eta horregatik ditugu programan Veneziako Mostran pelikularik onenaren Urrezko Lehoia jaso zuen Desde allá filma eta aniztasun funtzionala duen jendearen sexualitatea lantzen duen Yes, We Fuck dokumentala.

Urtero saiatzen zarete nazioarteko jaialdietan ibilbidea egina duten eta sarituak izan diren lanak biltzen.

Gure marka hori dela esango nuke. Beti izaten dugu hain ezagun izan gabe ere nazioarteko sariren bat jaso duten lanak. Aurten Oscarretarako hautatu duten Sangailés Vasara lituaniarra dugu, adibidez, eta baita Berlinaleko sekzio ofizialean izan den Bizarre ere. Beti saiatzen gara LGTBko zirkuituez harago jaialdien zirkuitu orokorretako filmak ere harrapatzen. Zinemazaleek izugarri gozatzen dute gure jaialdiarekin. Tira, zinemazaleek, eta baita publiko orokorrak ere, gure asmoa beti baita jaialdia zabal egitea. Ehun zinema ekitaldi baino gehiago ditugu, eta beti topatuko duzu intereseko zerbait, zinema edo aniztasuna edonola ulertzen duzula ere. Badaude pelikulak zinemazaleentzat, aniztasunaren alorreko militanteentzat, eta publiko orokorrarentzat ere bai. Programa begiratu behar da, eta hautatu. Horregatik banatzen ditugu doan 3.000 liburuxka baino gehiago hirian.

Zein da, orduan, LGTB zinema jaialdi on bat egiteko giltza?

Jendea entzun behar da, eta ulertu behar da mezu bera eman arren komunikazio bide ezberdinak erabili behar direla jende ezberdinarengana iristeko. Ergela litzateke umeentzako tailerrak antolatu eta bertan queer teoriak azaltzen hastea. Ulertu behar da badagoela jendea gaian murgilduago dagoena, eta jendea kanporago dagoena, eta asmatu behar da bakoitzari nola helarazi bere intereseko izan daitekeena.

Iaz galizierazko A esmorga filma programatu zenuten: aretoan, LGTB kolektiboko jendea eta galiziarrak.

Ikaragarri maite ditut uztarketa horiek. Bistakoa dena da zu gay bazara, edo lesbiana, edo trans, edo bisexuala, edo intersexuala...

...edo galiziarra...

edo galiziarra bazara, ba, gaiarekin identifikatuta sentitzen zarenetan errazago jotzen duzula zinemara. Eta horietariko bat ere ez bazara, pelikula on batez gozatzera joango zara aretora. Saio guztietan saiatzen gara sentsibilitate artistikoa eta sentsibilitate soziala uztartzen.

Rose Troche zinemagileak jasoko du aurtengo ohorezko saria. Zergatik hautatu duzue bera?

Zinema zuzendari emakumezko oso gutxi daude, eta Troche zuzendari, gidoigile eta ekoizle da. 1990eko hamarkadan lortu zuen sona, Go Fish filmarekin, ordura arte inori ez zitzaiolako bururatu ere egin emakumezko lesbianen bizitzaz modu erlaxatuan aritu zitekeenik ere. Eta hori egin zuen berak: melodramarik gabe, lesbiana batzuen bizitza kontatu zuen, eta hori ikustea liluragarria izan zen lesbiana askorentzat. Gero, global bilakatu zen The L Word telesaila sortu zuen, eta aritzen da ekoizle lanetan ere. Zaila da zineman hainbeste alor landu dituen eta lesbiana dela argi adierazten duen emakume militanterik topatzea. Ideia ona iruditu zitzaigun horregatik saria hari ematea; bere lanagatik, eta baita ikur gisa ere.

Kolektiboa ikusarazi eta ahalduntzea zen erronka hasieran.

Orain 13 urte, kolektiboa ikusgarri egiteko espazioak sortu behar ziren. Guk hori kulturaren bidez egitea erabaki genuen, ordurako bai baitzeuden ekintza zuzenean eta kontu legaletan aritzen ziren elkarteak. Oinarrizkoak dira lan horiek, horiek gabe ez dagoelako ezer, baina guk apustu egin genuen kulturaren bidezko ikusgarritasun hori lantzearen alde. Ahaldundu beharra zegoen orduan: «Ei, hau gure jaialdia da». Oraindik ere gure jaialdia da, baina mundu guztiari eskaintzen diogun tresna bat ere bada. Jaialdiak irauten duen bitartean aniztasunaren gaia erdigune bihurtu nahi dugu hirian eta hedabideetan. Aniztasun sexuala ez baita gizarte aniztasuna besterik.

Jaialdiko egitarau osoa ikusteko, bisitatu webgune hau:

zinegoak.com