Albistea entzun

«Prozesu eratzailerako» legea

EH Bilduk EAEko Kontsulta Legea aurkeztuko du aurki, datorren urtean galdeketa bat egin dadin «etorkizun politikoaz».

Arraizek esan du Nafarroan lehentasuna «aldaketa politikoa sendotzea» dela
Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua eta Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkidea, uztailean, Donostian, EHUko Udako Ikastaroetan.
Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua eta Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkidea, uztailean, Donostian, EHUko Udako Ikastaroetan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2015eko irailak 9

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean alderdiak aurki hasiko dira EAEko estatus politiko berriari buruz hizketan —orain arte adituen hitzaldiak entzun dituzte—, eta EH Bilduk nahi du legealdi honetan egin dadila Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako «etorkizun politikoaz» galdeketa. Haren nahien arabera, 2016an egin beharko litzateke, «prozesu eratzailea azkartzeko». Horretarako, Kontsulta Legea bultzatuko du legebiltzarrean, Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak Radio Euskadiko elkarrizketa batean jakinarazi duenez. «Hurrengo hilabeteetan» aurkeztuko dute proposamena. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bada garaia herritarrei galdetzeko gure etorkizun politikoaz».

Prozesuarekin lotu du ekinbidea Arraiz Sortuko presidenteak, Katalunia aitatuta. «Kataluniako prozesuak Espainiako Estatuan sortu duen egoera ikusirik, estrategia independentista azkartu egin behar da. Horretarako, Euskal Herrian prozesu eratzaileak martxan jarri behar dira».

Oraingoz, estatusaz erabakia hartzeko Kontsulta Legearen proiektua EAEra mugatuko du EH Bilduk. Joan den maiatzeko foru hauteskundeetan koalizioak azaldu zuen Nafarroako Kontsulta Lege bat bultzatuko zuela, herrialdeko herritarren «iritzia bideratzeko» tresna izateko. Beharrezkotzat jo zuen egitasmoa, «herritarren borondatea Nafarroan eta Espainiako Estatuan estalia, isildua eta ukatua izan baita urteetan eta urteetan». Kasurako, Nafarroako Foru Hobekuntza ez zen erreferendumera eraman. Arau berriaren bidez, «izaera orokorreko» eta erkidegorako «garrantzi politiko bereziko» gaiak jorratzeaz gain, zentsura mozio herritarrak, lege bati buruzko kontsultak edota udal esparrukoak ere bideratu nahi dituztela zioen apirilean Nafarroako EH Bilduk.

Maiatzeko hauteskundeen ondoren, Nafarroan aldaketa politikoa gertatu da, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren legealdiko gobernu akordioak dio Foru Hobekuntza «erreformatzeko» prozesu bat hasi nahi dutela. Dena dela, Arraizek esan du Nafarroan «orain» egin behar dena «aldaketa politiko hori edukiekin hornitzea» dela. «Garrantzitsua da aldaketa sendotzea».

EH Bilduk joan den urtarrilean aurkeztu zuen prozesu eratzailerako bere estrategia, euskal estatua lortzeko Euskal Bidea kaleratuta. «Euskal Herriko gaur egungo errealitatea kontuan hartu» behar dela dio (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria), eta, euskal estatuaren bidean, EAEn estatus politiko berria egitea proposatu du. Eusko Legebiltzarrerako 2012ko urriko hauteskundeetan koalizioak ez zekarren erkidegoko esparru politiko berriari buruz galdeketa egiteko proposamenik.

Bai EAJk, Arraizek irratiko elkarrizketan gogoratu duen bezala. Krisi ekonomikotik irteteaz eta bakea «betiko» finkatzeaz gain, «Euskadirentzat estatus politiko berria» sortzeko konpromisoa hartu zuen EAJk. Hauteskunde programak zekarrenez, legealdi honetan autogobernu lantaldeak testu artikulatu bat egin ostean, Eusko Legebiltzarrari bidaliko lioke onartzeko. «Prozesuaren emaitza, 2015. urtean, jendeari aurkeztuko zaio, eta horri buruzko erreferenduma egingo da», zioen EAJk 2012an aurkeztu zuen programak. Alderdi jeltzaleak irabazi zituzten bozak, eta hura dago Eusko Jaurlaritzan. Aurtengo apirilean ere EH Bilduk datorren urtean EAEn herri galdeketa bat egiteko akordiorako eskua luzatu zion EAJri. Eusko Legebiltzarreko hurrengo hauteskundeak 2016ko urrian izango dira, aurrerapenik ezean.

«Lehiarik ez» EAJrekin

Arraizek azaldu du galdeketaren arauaren proposamena aurkeztuta EH Bilduren helburua ez dela «EAJrekin lehiatzea independentistagoa zein» den frogatzeko, eta gaineratu du jeltzaleen partetik aipatutako legearen proposamenarekiko «erantzun baikorra» espero duela. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan prozesu eratzailea azkarrago joatea lortzea» da koalizioaren xedea.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak erantzun du EH Bilduk orain lege horren proiektu bat aurkeztea ez zaiola «logikoa eta koherentea» iruditzen, 2008an, lehendakari Juan Jose Ibarretxe zela, «babes urria» eman ziolako Kontsulta Legeari —EHAK-ren zazpi parlamentarietatik batek bozkatu zuen alde—. Urte bereko irailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen legea, eta ez zen galdeketarik egin, orduko urriaren 25erako finkatua bazegoen ere. Erkorekak gaineratu du halako beste proiektu batez hitz egiteko gunea autogobernu lantaldea dela, eta esan du ez dela zentzuzkoa haren lana amaitu aurretik Kontsulta Lege bat aurkeztea.

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, berriz, estatusaz erabakitzeko galdeketarako legeak «ez du [Espainiako Estatuko] gaurko legedian tokirik» eta, beraz, uste du «Euskadin lehengo oker bera» egingo litzatekeela egitasmoa aurrera eraman nahi izanez gero.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko udaletxea. ©Monika del Valle / Foku

Alonsotegiko auzipetuek ez dute kartzelara joan beharko, akordioa lortuta

Berria

Bi urteko kartzela zigorra, hamarreko inhabilitazioa, eta 881.000 euro ordaintzea onartu dute, prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra aitortuta. EAJko alkate ohia zegoen auzipetuen artean

Rodolfo Martin Villa: Forum Europako hitzartzea

Martin Villak aitortu du Martxoaren 3ko hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela

Jon O. Urain

Ministro ohiak ukatu du Espainiako trantsizioaren testuinguruan gertatutako hilketak plan baten parte izan zirela, eta memoria legeen aurka agertu da.

'“Bi arnas”: itxi gabeko zauria ama baten ahotsean' dokumentalaren trailerra

Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu dute 'Bi Arnas' dokumentala osatzeko

Berria

Bi Arnas torturari buruzko dokumental bat da, eta Iratxe Sorzabal euskal preso torturatua eta haren ama Maria Nieves Diaz dira protagonistak. Gutxienez 7.000 euro bildu nahi dituzte.

Javier Esparza izango da hirugarren aldiz eskuinaren lehendakarigai hurrengo foru bozetan. ©BERRIA

Esparza berriro izanen da hautagai foru hauteskundeetan

Joxerra Senar

Kontseilu Politikoko kideen %91ko babesarekin, aise irabazi dio lehia Juan Miguel Rubio beste hautagaiari, eta foru hauteskundeetan eskuinaren zerrendaburu izango da berriz ere

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.