«Irribarre erraldoi bat» Otegiri
«Soilik arrazoi politikoak» daude haren kartzelaldiaren atzean, ekitaldiaren antolatzaileek salatu dutenez

Atzerako kontua hasi da: 11 egun falta dira Arnaldo Otegi Logroñoko (Espainia) espetxetik ateratzeko. Martxoaren 1ean kalean izango da. Eta preso izan duten urteetan Otegiri babesa eman dioten hainbat lagun hasiak dira harrera ekitaldia prestatzen. «Berezia eta sonatua» izango dela aurreratu dute. Martxoaren 5ean izango da, Donostiako belodromoan, 17:30ean. Olibondo adarrarekin irten zenekoa da hango azken irudia. Orain, «milaka pertsonaren artean irribarre erraldoi bat» osatu nahi dute harentzat. «Horixe eskatu digu denbora honetan guztian, eta horixe eskaini nahi diogu guk ordainetan».
2004ko azaroan irten zen Otegi, Batasuneko hainbat kiderekin batera, Donostiako belodromora. Orain herria, orain bakea proposamena aurkeztu zuten orduan. Harekin, «bake, demokrazia eta justizia jokaleku bat eraikitzea» jarri zuen helburu ezker abertzaleak, eta «konpromisoak eta arriskuak» beren gain hartzeko prest zirela esan zuten, Otegiren ahotik. Bai hartu ere. Tarte batez, kartzelara ere sartu zuten Otegi ekitaldi hura aitzakia jarrita, eta epaiketa izan zuen Joseba Permach eta Joseba Alvarezekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Absolbitu egin zituzten azkenean. Prozesuak prozesu eta hausturak haustura, Zutik Euskal Herria ebazpena ekarri zuen eztabaida bultzatu ondoren, berriz sartu zuten preso Otegi. Sei urte eta erdi egin ditu; zigor osoa.
Atzo Arritxu Iribar kazetariak azaldu zuenez, «soilik arrazoi politikoak» egon dira Sortuko idazkari nagusia espetxean edukitzeko. «Kartzelaldia justifikatuko duen argudio judizialik ez da egon, bakar bat ere ez». Eta, ekitaldiaren deitzaileen esanetan, «mundu guztiak» ulertu du hala. Euskal Herrian nahiz nazioartean Free Otegi. Free Them All kanpainak jasotako babesa aipatu zuten horren erakusgarri. «Estatuburu ohiak, pentsalariak, kulturgintzako kideak... Denetarik ikusi eta entzun dugu hamaika hizkuntzetan, babesa eskaintzen». Esaterako, Desmond Tutu, Perez Esquivel eta Mairead Maguire bakearen Nobel saridunek, Angela Davis aktibistak, eta Ken Livingstone eta Pepe Mujika politikariek eman diote babesa Otegiri.
Tarda eta Fernandez bisitan
Bertsolariak, aktoreak, kazetariak, kirolariak, musikariak... Arlo ugaritako pertsona ezagunek deitu dute martxoaren 5eko ekitaldira. Aurrerago emango dituzte zehaztasunak, baina gauza bat ziurra da: Otegi han egongo da. «Arnaldo Otegi, Arnaldo bakegilea, Arnaldo herriko semea, bere herriari aurrez aurre begiratu eta zintzoki mintzatzen zaiona». Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Kalera irten baino lehen, David Fernandez eta Joan Tardaren bisita ere jasoko du Otegik. Igandean joango dira Logroñoko espetxera, CUPeko parlamentari ohia eta ERCko diputatua. PSE-EEko presidente ohi Jesus Egigurenek lagunduko die horretan. Hainbat urtetan zehar eskatu ondoren, Otegi irteteko egun gutxi falta direla eman diete baimena, azkenean, Fernandezi eta Tardari.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.