ELAk, LABek eta Steilasek ez dute bat egin Euskararen Eguneko testuarekin

Salatu dute EAEko erakundeek sustaturiko adierazpenean «maila berean» jarri dituztela «konpromiso indibidualak» eta «erantzukizun politikoa». Agiriaren beraren edukia «erabat lausoa» dela uste dute
Erdian, Leire Txakartegi eta Edurne Larrañaga, ELAko eta LABeko Euskara arduradunak, atzo, agerraldian.
Erdian, Leire Txakartegi eta Edurne Larrañaga, ELAko eta LABeko Euskara arduradunak, atzo, agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko azaroak 30
Babes zabala bai, baina erabatekorik ez du izango Euskararen Eguneko adierazpenak. EAEko instituzioek bultzatutako testuarekin bat egin du eragile andana batek —tartean euskalgintzako taldeak ere badira, Kontseilua buru—, baina ezezkoak ere jaso ditu. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek jakinarazi dute ez dutela testua sinatu. Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburua du adierazpenak, eta, sindikatuen hitzetan, «konpromiso indibidualak» nabarmendu dituzte agirian, «erantzukizun politikoa maila berean jarriz». Adierazpenaren beraren edukia «lausoa» dela ere salatu dute. «Jaurlaritzak ez du egiazko konpromiso politikorik hartzen». Beste era bateko hizkuntza politika galdegin dute ELAk eta LABek.

Larunbatean egingo dute ekitaldia, Bilbon, baina adierazpena bera joan den ostiralean aurkeztu zuten. Hakoba taldean bildutako erakundeak dira bultzatzaileak: Eusko Jaurlaritza, hiru aldundiak, hiru hiriburuetako udalak, eta Eudel eta Uema. Askotariko eragileek agertu diote atxikimendua adierazpenari —hezkuntzakoek, euskaltegiek, hedabideek, enpresari elkarteek...—, baita Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek ere. Testua bere egin du Nafarroako Parlamentuak ere —edukiari egokitzapen batzuk egin dizkiote—.

Aurkezpenean, Patxi Baztarrika sailburuordeak aitortu zuen balitekeela testuak ez gogobetetzea batzuk eta besteak. «Batzuentzat, apalegia da agian; beste batzuentzat, ñabardura batzuk behar lituzke gehitxo izan ez dadin». Ontzat jo zuen. «Adostasun dokumentu bat da. Denontzat da erosoa; denona da, eta ez da inorena».

Edukia eta harremanak

Testua motz geratzen dela salatu dute, hain justu, ELAk eta LABek. Eduki «erabat lausotua» duela adierazpenak, eta «egiazko konpromisorik» ez duela hartu gobernuak. «Euskararen Legeak 34 urte bete dituen honetan, normalizaziotik urrun egonik, euskarak konpromiso eta borondate politikoa behar du». Ohartarazi dute, gainera, harremanak etenak dituztela Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, «Lan Hitz akordioa apurtu eta diru laguntzen kudeaketa hutsera mugatu zuenetik». Gobernuak orain «argazkia» egin nahi duela uste dute.

ELAk eta LABek agerraldia egin zuten zuten atzo; elkarrekin azaldu ziren bi sindikatuetako euskara arduradunak, Leire Txakartegi eta Edurne Larrañaga. Bi sindikatuk sinatu dute Euskararen Eguneko adierazpena: CCOOk eta UGTk. Steilaseko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, haiek ere muzin egin diote dokumentua babesteari, beste bi sindikatuek emandako argudioen gisakoekin. Zehazki hezkuntza alorrari dagokionez, salatu dute euskararen kalterako neurriak hartu dituela gobernuak.

Beste salaketa bat ere egin dute ELAk eta LABek: herritarren gain jartzen dela erantzukizuna. «Ezin dugu maila berean kokatu instituzioen eta herritarron erantzukizuna, hizkuntza eskubideak bermatzeko orduan». Ohar hori testuaren sustatzaileetako batek ere egin zuen ostiralean: Uemak. Josu Labaka, presidentea: «Erantzukizuna ezin da jarri herritarren borondatean soilik. Erakunde publikook ardura handia dugu. Egiten dugun hizkuntza politikaren araberakoa izango da bihar herri hau».

Beste hizkuntza politika bat eskatu dute, hain zuzen, ELAk eta LABek. «Denen eskubideak bermatuko dituen politika». Adostasuna behar dela diote, «baina inori boto eskubiderik onartu gabe». Eta gogoeta hau egin dute: «Guztiok argazki batean kabitzeko garaiak dira, edo euskararen aldeko konpromisoa gehiengo zabal batek hartzeko garaiak?».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna