EAEko udalek lege bidez lehen aldiz izango dituzte eskumen propioak

Jaurlaritzak Udal Legearen proiektua onartu du, eta maiatzeko bozak baino lehenago jarri nahi du abian.

Gutxienez, PSEren babesa izango du.

Erkorekak dio finantzaketa «bermatuta» egongo dela
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Bizkaikoa, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta Ibone Bengoetxea Eudeleko burua, iazko maiatzean, Gasteizen.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Luis Bilbao Bizkaikoa, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta Ibone Bengoetxea Eudeleko burua, iazko maiatzean, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP

Enekoitz Esnaola -

2014ko azaroak 12
Eusko Jaurlaritzak legealdiko bere egitasmo nagusietako bat abian jarri nahi du datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeen aurretik: Udal Legea. EAEn udalerrien eskumenak legez zehazten dituen araudirik ez da onartu 1979tik hona, baina badirudi oraingoan onartuko duela Eusko Legebiltzarrak, Jaurlaritzak (EAJ) PSE-EEren babesa lukeelako —bien artean gehiengo osoa daukate parlamentuan—. Legearen arabera, udalerriek 37 eskumen propio zehatz izango dituzte, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez. Gobernu Kontseiluak atzo bertan jo zuen ontzat egitasmoa.

Aurreko legealdian Patxi Lopez (PSE) lehendakariaren gobernuak ere onartu zuen Udal Legearen proiektua, baina tramitea ez zuen bukatu, Arabako eta Bizkaiko aldundiek helegitea aurkeztu zutela medio. PSEk uste du Jaurlaritzaren proiektu hau haren oso antzekoa dela. EAJk eta PSEk, gainera, iazko irailetik erakunde publikoen egonkortasunerako-eta hitzarmen bat sinatua dute.

Espainiako Konstituzioak estatuaren eta erkidegoen arteko eskumenak finkatzen ditu; EAEko Lurralde Historikoen Legeak, aldundiena; eta udalena zehaztu gabe egon da. Espainiako Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legean orokorrean jorratzen dira udalen eskumenak, eta gertatu da urteen poderioz udalek hainbat esparrutako ardurak bereganatzen joan direla, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak izanik. Espainiako Gobernuak Erregimen Lokalaren Oinarrizko Legea berritu du, eta Jaurlaritza Udal Legea onartzeko pausoak ematen ari da. Iritzi dio estatuak «birzentralizaziorako gehiegizko neurriak» hartu dituela oinarrizko lege berriarekin, eta handik «aldenduta» osatu du Udal Legearen proiektua.

Finantzaketa, «bermatuta»

Udalen beste aldarrikapen historiko bat finantzaketa izan da, gehiegizko kostua ekartzen dielako hainbeste zerbitzu emateak. Erkorekak esan du udalek 37 eskumenak garatzeko finantzaketa «bermatuta» edukiko dutela. Proiektuan alde horretatik badago aldaketa bat. Hau da, gaur egun Finantzen Euskal Kontseiluak hiru partetan banatzen du dirua: kupoa estatuarentzat, ekarpena Jaurlaritzarentzat eta zati bat aldundientzat, eta, ondoren, aldundi bakoitzak erabakitzen du udalerriei nola banatu. Legea onartuz gero, finantzen kontseiluak udalei «gutxienez» eman beharreko dirua ezarriko du.

Horrez gain, aurrerantzean udalerriek eragiten dieten gaietan Finantzen Euskal Kontseiluan eta Zergak Koordinatzeko Organoan «hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea» izango dute, Erkorekak esan duenez.

Udal Legearekin EAEko erakunde sistema itxiko dela dio hark, eta azpimarratu du hiru aldundiekin eta Eudel udalen elkartearekin egindako «ahaleginaren, konpromisoaren eta lanaren ondorioa» dela egitasmoa. Jaurlaritzak uztailaren 1ean onartu zuen aurreproiektua. Arabako Aldundiak alegazio ugari aurkeztu zuen; Javier de Andres ahaldun nagusia gustura azaldu da haren erantzunarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna