Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Suizidioen harresia gainditzeko tenorea

Publizitatea

Gizartea

Suizidioen harresia gainditzeko tenorea

Suizidioei aurrea hartzea «posible» deritzote zenbait adituk; horren isla da Osakidetzak martxan jarriko duen protokoloa. Horretarako, ordea, ezinbesteko jo dute beren burua hil nahi dutenen jokabideei erreparatzea eta ikerketan indarra jartzea.
2013an, bi eguneko suizidio bat zenbatu zuten Hegoaldean; 222, orotara.
2013an, bi eguneko suizidio bat zenbatu zuten Hegoaldean; 222, orotara. I. Z. / ARP

2015-08-22 / Oihan Vitoria

Okerra da suizidioen aurka tutik ere egin ez daitekeen ustea. Tresnak jarriz gero kasu askotan atzera eginaraztea eta suizidioari aurrea hartzea «posible» dela deritzote asteon EHUko Udako Ikastaroetan gaiaz mintzatu diren hainbat adituk. Osasun sistemarekin nola, familiarekin hala. Suizidioen %60ren atzean depresioa presente dagoela argudiaturik, esku hartzeak sakona eta tentuz egina behar duela izan, azpimarra hori egin dute. Suizidioaren ideia, izan ere, «zertxobait erakargarria eta samurra» iduri dakieke sufrimendua edo ezinegona errotik moztu nahi dutenei; nerabeei, bereziki. Bestelakoa da, baina, barren-barrenean senti dezaketena, Psikologian doktore da Jose Martin Amenabar, eta hark gordin gaztigatu du: «Bere buruaz beste egin nahi duen orok salbatua izan nahiko luke uneren batean».

Adierazpen horiek ez dira salbuespena, ostera. «Suizidioa aurreko guztia amaitzeko modu eraginkorra da zenbaitentzat. Memoria kolektiboan luze irauteko, arrastoa utzi nahi dute». Andoni Ansean mintzo da, buruko eritasunen eta suizidioen prebentziorako Espainiako fundazioko kidea da, eta herrialde hartako elkartearen sortzailea. Beste batzuek, berriz, mendekua daukate jomuga, EHUko Psikologia irakasle Jesus Guerraren hitzetan: «Amei bizi osorako mina eragiteko, seme-alabak hilda, adibidez». Asko ari dira bide hori hartzen.

Era horretako kasuei aurre egiteko, neurri sorta bat prest dauka Osakidetzak. Kezkatzekoak dira datuak. Orain dela bi urte 222 suizidio zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian; bi eguneko, bat. Hori bai, bere buruaz beste eginda hiltzen den bakoitzeko, hogei saiatzen dira. Hildako gehienak gizonak dira, 50 eta 70 urte artekoak.

Osakidetzak hasitako proiektuak 1990eko hamarkadan dauka jatorria. Alemanian abiatu zuten aurrenekoz, eta bi urte eskasetan fruitu emankorrak lortu zituzten: suizidioen kopurua %24 apaltzea. Egitasmoaren arrakastaz jabetuta, hamaika herrialdetara hedatu zuten ondoren, eta Euskal Herrira 2013an ailegatu zen, buruko gaitzez arduratzen den sarearen eskutik, proba gisa. Areagotzeari ekingo diote orain. Andrea Gabilondo psikiatra donostiarrak hartu du protokoloa gidatzeko lema.

Besteak beste, osasun langileen prestakuntzan, gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzetan eta suizidio arriskuak detektatu nahiz kudeatzeko ikastaroetan ardazten da ekinaldi hori. Telefono bidezko jarraipena egiteari ere toki egingo dio protokolo berriak, bere buruaz beste egiten ahalegindu direnak berriz saia ez daitezen. Posible den neurrian, halaber, osasun beharginek banan-banan deituko diete suizidioaren ondorioz eri egondakoei. Dei laburrak izango dira, botikak hartu dituzten eta nola dauden jakiteko. Jarraipen horretan, 200 lagun artatzea da Osakidetzaren premisa. Horretarako, Mendaro eta Zumarragako ospitaleei (Gipuzkoa) Donostiakoa eta Arabako unibertsitarioa batuko zaizkie.

Borondatea errespetatu

Baina ospitaleen esku hartzea soilik ez; suizidio nahiak jotakoen hurbilekoek ere rol garrantzitsua dute. Horren haritik, «suizidio mehatxuak» aintzat hartu behar direla gogora ekarri du Amenabarrek, maiz oharkabean igarotzen direla iritzita: «Berandu baino lehen, ezinbestekoa da antzemandako susmo txikiena egiazkotzat jo eta, serioski, jaramon egitea». Ikuspuntu bera du Anseanek ere. Bere buruaz beste egitear direnen mezu ezkutuak ontzat jo eta ikertu beharko liratekeela dio. Baina, nola? «Pertsona horri konfiantza transmitituta, egoera iraultzeko eroso senti dadin», azaldu du.

Suizidioa, izan ere, ez da inprobisatutako zerbait. Aurretik pentsatutako ekintza bat denez, bere burua hiltzeko xedea duenak lantzean behin abisuak igortzen dituela adierazi du Guerrak: jarrera aldaketa bat, begirada bat... «Ez da txantxa. Orotarikoak izan daitezke: ezkorregi egotea, heriotzaz iruzkinen bat egitea, ahozko zein idatzizko agurrak, nork bere burua zauritzea...». Halakoetan, senideei ondoan egotea dagokiela dio Amenabarrek, ez gutxiestea.

Antzeko bidetik, bere burua hil nahi duenaren borondatea errespetatzearen alde da Guerra, beti arrazoia duelakoan. «Norbere bizitzaren jabe gara, eta inork ez du sekula hil nahi. Lur jota den batek hil nahi duela badio, nozitzen ari den egoeratik ihes egin nahi duela esan nahi du», zehaztu du.

«Icebergaren punta» besterik ez dira suizidioak, Gabilondoren arabera. «Erroko aldaketa behar da». Eta iragarpen bat egin du: suizidio arriskuen mapa bat sortzea gustatuko litzaiekeela. «Erabateko utzikeria» sumatzen duela-eta, Anseanek egoki deritzo horri, eta ados da erakundeek tabua hautsi behar dutela esatean. Gabilondo: «Aukera bat ez, osasun publikoaren lehentasuna da suizidioak saihestea, ikusezin izanikoa ikusgai bihurtzen hasiz».

«Neurri konstanteagoak»

Bai suizidioak eta bai hilketak ere osasun publikoko arazo izendatzeko «premiaz» ohar egin du Amenabarrek, aurrea hartzea posible izan dadin. Haren esanetan, urratsak falta dira oraindik esparru horretan. Komunikabideei leporatu die ardura Anseanek, uste duelako hedabideetan tokia egin arte instituzioek ez dutela aparteko kezkarik agertuko. «Nolabaiteko boom bat behar dute: suizidio masibo bat, demagun. Suizidioa ez omen da mediatikoa, eta, zoritxarrez, era horretako zerbait jazo beharko litzateke politikarien txipa aldatzeko». Guerrari, ordea, prentsaren menpe bizitzearen «ajeak» iruditzen zaizkio, eta, hilketa «sentiberak» diren heinean, arazoa mimoz jorratzea eta ikusaraztea falta dela deritzo: «Informatzeak ez dio inori kalte egiten; alarma pizteko balio du».

Horretarako, haatik, harago jo beharko litzateke, suizidioek dakarten arriskuak genero indarkeriaren edo errepideetako segurtasunaren pare ipinita. «Behintzat, zertxobait arinduko lirateke dolua eta sufrimendua», Amenabarren aburuz. Hori bai, unean uneko neurriak ez dira aski, uste hori du Anseanek. Zorrotz agertu da: «Alfer-alferrik da lantzean behin kanpaina xume bat egitea suizidioak eragozteko; ez du berebiziko eraginik». Eta horrekin lotuta, Amenabarrek erantsi du suizidioek esku hartze «etengabeak» behar dituztela. «Neurri konstanteak; noizbehinkako esperientziek ez dute balio», argitu du Guerrak.

Nafarroakoa suizidioen errealitatea «hobekien» islatzen duen protokoloa dela nabarmendu du Anseanek: «Bikaina da, arazoaren muinean eragiten duelako bete-betean». Protokolo hori beste toki batzuetan ere ezar daitekeela dio: «Eredu da».

Publizitatea

Sortu kontua
Oihan Vitoria Oihan Vitoria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak