Albistea entzun

Aroztegira, busti gabe

Baztango Aroztegia jauregira bisitan joan dira Nafarroako legebiltzarkideak, hango hirigintza proiektua ezagutzeko. Ika-mika latza sortu da egitasmoaren aldekoen eta kontrakoen artean.
UPNko Sanchez de Muniain eta Garcia Adanero, atzo. Aroztegia bisitatu gabe itzuli ziren herriko ostatura.
UPNko Sanchez de Muniain eta Garcia Adanero, atzo. Aroztegia bisitatu gabe itzuli ziren herriko ostatura. JUANAN RUIZ / ARP

Ion Orzaiz -

2016ko urtarrilak 14 - Lekaroz

Joan bai, joan ziren. Baina lokatza zapaldu gabe. Nafarroako legebiltzarkideak Lekarozen izan ziren atzo goizean, Aroztegia proiektu urbanistikoaren nondik norakoak ezagutzeko. Parlamentari gehienak, ordea, bide asfaltatua bukatzen zen tokiraino iritsi ziren. Ezta pauso bakar bat ere harago.

«Ez dira etorriko?», galdetu zuen Lekarozko alkate Miren Meokik, gertatzen ari zena sinetsiko ez balu bezala. Meoki ari zen Aroztegia jauregiari eta han eraiki nahi duten turismo guneari buruzko informazioa ematen, eta harriduraz begiratzen zien legebiltzarkideei. «Bisita gidatua prestatu dugu, baina askok ez dute entzun nahi izan, antza», bota zuen azkenik, etsipenez. Haren alboan ziren EH Bilduko Adolfo Araiz eta Miren Aranoa, Geroa Baiko Jokin Castiella eta UPNko Luis Zarraluki. Baztango alkate Joseba Otondo (EH Bildu), Ruben Ziganda zinegotzia (Geroa Bai) eta Garbiñe Elizegi Lekarozko karguduna ere jauregiraino igo ziren. Gainontzekoak herrian gelditu ziren, Aroztegia jauregiraino doan bidexkan gora egiteko gogo handirik gabe. Egoeraren absurdoaz jabetuta, bisita bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek.

Hala eta guztiz ere, adierazpenak egin zituzten kazetarien aurrean denek. Bai jauregia bisitatu zutenek, baita herrian gelditu ziren guztiek ere. Diskurtsoa etxetik idatzia zeramaten gehienek.

Lekaroztarren borondateaz

Bisitaldia bainoago, ika-mika politiko gogor baten erakusleiho bihurtu zen atzoko saioa, Lekarozko karriketan eztabaidan hasi baitziren legebiltzarreko ordezkariak, inguruan ziren bizilagunen harridurarako.

Herriko alkatearen azalpen baten erdian piztu zen polemika. Proiektu urbanistikoaren kontra gogor hitz egin zuen Meokik, herriaren izaera goitik behera aldatuko duelakoan: «Gaur egun, 340 biztanle ditu Lekarozek, eta 238 etxebizitza berri eraiki nahi dituzte. Herriaren populazioa bikoiztea izanen litzateke hori, eta kontuan izan behar dugu, halaber, Baztan osoan 800 etxebizitza huts ditugula oraindik».

Etxebizitzez gainera, lau izarreko hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat ere eraiki nahi dute proiektuaren sustatzaileek. «Aroztegia proiektua Marina d'Or baten antzekoa izanen da; edo hobe esanda, Baztan d'Or bat», esan zuen alkateak. Adierazpen horien ostean, marmarka hasi ziren UPNko legebiltzarkideetako batzuk; baina marmarrak kexu bilakatu ziren Meokik 2009. urtean eginiko herri kontsulta aipatu zuenean. «Zuek ez duzue horretarako eskuduntzarik!», ihardetsi zion Luis Zarraluki UPNko parlamentari eta Sustapen kontseilari ohiak.

Herritarren borondatearen kontzeptua behin baino gehiagotan atera zen eztabaidan, egitasmoaren aldekoen zein kontrakoen ahotan. Baztango eta Lekarozko alkateen esanetan, herritarrek behin baino gehiagotan esan diote ezetz Aroztegia proiektuari. «Herri honetan, batzarren bitartez hartzen ditugu erabaki guztiak, eta batzar horietan adierazi dugu amarru honen kontra gaudela. Gainera, 2009an Lekarozko herritarrek argi eta garbi adierazi zuten, herri kontsultaren bitartez, lurren izaera aldatzearen kontra daudela». Izan ere, proiektuaren izaeraz gainera, hura aplikatzeko modua ere —PSIS udalerriz gaindiko eragina duen plan baten bidez— gaitzesten dute EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Dugu taldeetako ordezkariek. «Proiektuaren eragina pairatuko duen udalaren iritzia eta herritarren borondatea ez da aintzat hartu, eta, beraz, gure ustez, hau iruzur demokratiko bat da», azaldu zuen Baztango alkate Joseba Otondok.

Nafarroako Gobernuak, baina, oniritzia eman dio Aroztegia proiektuari. Baimena arrazoitzeko tenorean, «arrazoi teknikoak» aipatu zituen Uxue Barkos lehendakariak, baina atzoko saioan argi gelditu zen argudio teknikoez harago irizpide politikoak gailendu direla. Ruben Ziganda Geroa Baiko zinegotziaren aburuz, egitasmo «orekatua» da, eta «Baztan marka» hedatzeko balioko du, «turismoa erakarriko baitu».

Atzoko saioan, Zigandak gaineratu zuen Lekarozko herritar gehienak Aroztegia proiektuaren «alde» daudela: «Maiatzeko udal hauteskundeetan, gehiengoa lortu zuten proiektuaren aldeko indarrek [Geroa Bai eta UPN], eta horrek esan nahi du lekaroztar gehienek babestu egiten dutela plan hau».

Antzeko jarrera agertu zuen UPNko kide Begoña Ganuzak ere: «Eskuduntza kontua da hau. Lekaroztarren iritzia errespetagarria da, noski, baina hori besterik ez da; iritzi bat».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sexu eraso baten kontrako protesta, uztailean ©Andoni Canellada  / Foku

24 urteko gazte bat preso sartu dute sexu erasoa leporatuta

Berria

Astelehenean, Zumarragan emakume gazte bati sexualki erasotzea leporatzen diote gizonezkoari

Indarkeria matxistaren aurka iaz Zarautzen eginiko protesta baten irudia. ©Jon Urbe, FOKU

Gizonezko bat atxilotu dute Zarautzen, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Uxue Rey Gorraiz

Erasoa joan den igandean gertatu zen, goizaldean. Atxilo eraman zuten gizonezkoa, eta asteartean igaro zen epailearen aurretik. Zarauzko eta Zumaiako udalek elkarretaratzera deitu dute biharko.

EHUren Donostiako campuseko fakultate bat, artxiboko irudian ©Javier Etxezarreta / efe

ELAk azaldu du EHU zigortu dutela ikertzaile eta irakasle batzuek jasandako «soldata diskriminazioagatik»

Irati Urdalleta Lete

ELA sindikatuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoen eta Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programen bidez kontratatutakoei zuzenean kontratatutako ikertzaileei eta irakasleei baino 7.000 euro gutxiago ordaintzen zizkieten.

Gaur goizean datuak azaltzeko egin duten agerraldia. ©Bilboko Udala

Bilbon 2.100 etxebizitza baino gehiago daude hutsik, eta 6.000 eskaera etxebizitza bat eskuratzeko

Jone Arruabarrena

Gazteetan ageri dira etxebizitzaren arloko daturik kaskarrenak: 18 eta 34 urte bitarteko 37.000 gazte oraindik familiaren etxean bizi dira. Bilboko Udalak jakinarazi du «etxebizitzaren arloko bulego bat» sortuko duela datorren urterako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.