Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia ELAk EAJri egotzi dio Madrilen esku lagatzea aurrekontuen politikak

Publizitatea

Ekonomia

ELAk EAJri egotzi dio Madrilen esku lagatzea aurrekontuen politikak

Sindikatuak salatu du Mariano Rajoyk ezarritako gastu sabaia onartzeak bertoko gastu publikoa txikitzea dakarrela. Adolfo Muñozek uste du, gainera, autogobernuaren kontrakoa dela gastu araua
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Mikel Noval ELAko gizarte politikako arduraduna, atzo, Bilbon.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-07-27 / Jon Fernandez

«Autogobernuaren kontrako eraso bat» da EAJk eta PPk gastu sabaia adosteko lortutako akordioa, ELAk salatu duenez. Bertoko administrazioen erabakitzeko gaitasuna murrizten duen «kortsea». Jeltzaleen eta popularren arteko akordioa larritzat jo du sindikatuak, Eusko Jaurlaritzak «politika neoliberalekin, doikuntzekin eta murrizketekin» jarraitzea dakarrelako. Eta areago, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak kritikatu du «adar jotze hutsa» dela gizarteari «saldu» nahi izatea aldebikotasunaren ondorioz sortutako akordioa dela Madrilek erkidego guztiei ezarritako defizit muga berbera onartzea. «Agerian uzten du ustezko aldebikotasunaren mamia: Madrilek inposatzen duena onartzea. Honek berdinen arteko harremana baino gehiago, sumisioa dirudi».

Espainiako Kongresuak EAJren botoekin onartu zuen uztailaren 11n gastu muga, eta uztailaren 19an Gasteizek eta Rajoyren gobernuak Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan berretsi zituzten datozen urteetarako defizit mugak, datozen bost urteetarako kupo legearekin batera. Iñigo Urkulluren gobernuak hitzeman du datorren urtean bere defizitak ez duela gaindituko BPG barne produktu gordinaren %0,4ko muga; 2019an, BPGaren %0,1ekoa; eta, 2020an, ez duela defizitik izango: zero.

Sindikatuak azpimarratu duenez, «gastu muga onartzeak Espainiako Estatuko administrazio guztien erabakitzeko ahalmena baldintzatzen du, baita Hego Euskal Herrikoena ere».Espainiako gastu araua onartuta, Jaurlaritzaren aurrekontua gehienez %2,4 nominala handituko da datorren urtean.

Horrek esan nahi du, Muñozek azaldu duenez, aurrekonturako diru kopurua ekonomiaren hazkunde nominala baino askoz gutxiago gehituko dela —%5 inguruan kokatu du sindikatuak—, eta, ondorioz, jaitsi egingo dela gastu publikoaren pisua ekonomian. Izatez, gastuaren hazkundea %2,4 baino txikiagoa izango da: %2, hain zuzen.

Jaurlaritzak 2017-2018rako aurkeztutako Plan Ekonomiko Finantzarioan agertzen da hori. Baina sindikatuak salatu du gobernuak ez duela ezagutzera eman: «Planari buruzko aipamen ezagun bakarra Airef Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritzaren webgunean baino ez da agertu». Erakunde horrek aztertzen du ea adminstrazio publikoek gastu araua betetzen duten ala ez. Airefen agiriaren arabera, Jaurlaritzak aurreikusten du datorren urtean gastu publikoa %2 gehitzea, «Rajoyk ezarritakoa baino are gutxiago, beraz».

Egoera, «absurdora» iritsita

Egoeraren larriaz ohartarazi du Muñozek. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoak ogasunak espero baino gehiago ari dira biltzen: iaz baino ia %10 gehiago lehen seihilekoan. Alabaina, gastu arauak esan nahi du euskal erakundeek ezin izango dutela gastua gehitu, nahiz eta horretarako dirua eskuragarri izan.

Sindikatuak gogora ekarri du, gastu arauaren arabera, espero baino diru sarrera handiagoak izanda ere, zor publikoaren ordain aurreratura bideratu beharko litzatekeela, eta horrek galarazi egingo lukeela inbertsio soziala handitzea.

«Absurdora ere irits daiteke egoera: erakunde batek amortizatzeko zorrik izan ez arren, eta nahiz eta beharrizan sozialak edo inbertsioak egin beharrean egon, aurreztu egin beharko luke bildutako diru gehigarria», zehaztu du ELAk. 2011n PPk eta PSOEk Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan egindako aldaketa dago horren atzean, eta 2012ko aurrekontuen egonkortasunerako eta finantzen jasangarritasunerako legea.

Kontzertu ekonomikoaren kontrakoa da gastu araua onartzea, Muñozen aburuz, eta EAJren eta PPren arteko akordioa arbuiatzeko eskatu die «indar politiko progresistei», oposizio politiko eta soziala egitea ezinbesteko iritzita. «Ezin dugu onartu kupoaren inguruko eztabaida gainerako aurrekontu eta zerga politikekin nahastea, PPk eta EAJk beren posizio antisoziala finkatzeko; hala EAJk PP Madrilen babesteko, eta PPk EAJ-PSEren gobernua sostengatzeko».

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak