Albistea entzun

Nor bere gorputzaren jabe

Euskal Herrira iritsi da Emakumeen Mundu Martxa.

Tafallatik sartu da karabana feminista; «harrera beroa» eskertu dute antolatzaileek.

Abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria egin dute Iruñean
Baratze feminista bat landatu zuten dozenaka lagunek Tafallan, Emakumeen Mundu Martxari harrera egin ostean.
Baratze feminista bat landatu zuten dozenaka lagunek Tafallan, Emakumeen Mundu Martxari harrera egin ostean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Maialen Belarra -

2015eko irailak 29 - Iruñea

Kurdistandik martxoaren 6an abiatu zen Emakumeen Mundu Martxa, eta atzo goizean iritsi zen Euskal Herrira. Tafallan (Nafarroa) egin zuen lehen geldiunea, eta bertan izandako harrera «beroa» nabarmendu dute antolatzaileek. Handik Garesera joan ziren, eta, «emozioz betetako» goiz baten ostean, karabana feminista Iruñera iritsi zen arratsaldean. Udaletxeko plazak kolore morea hartu zuen abortatzeko eskubidearen aldeko aldarria egin bitartean, baina betiere festa giroa alde batera utzi gabe, hara bildutako guztiak dantzan jarri baitziren zunbatoiarekin.

«Gu martxan gaude, eta martxan jarraituko dugu gure gorputzen eta gure lurraldeen eskubideen alde, denak aske izan arte. Gure borroka ez dago krisian, eta aurrera goaz. Ez zientziak, ez lege edo arau sozialek, ez erlijioek ez digute eredu bakar bat inposatuko, eta ez digute aginduko zer eta norekin egin behar dugun. Abortu libre eta doakoa hemen eta mundu guztian». Horiek izan ziren Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearen hitzak, nor bere gorputzaren jabe izatea ezinbertzekoa dela aldarrikatuz.

Kattalin Miner aktibista feministak argi dauka Iruñeko ekitaldia ezin zela bestelakoa izan. «Berezkoa da Nafarroan abortatzeko eskubidea aldarrikatzea. Badirudi orain bide hobean sartu garela, baina batek daki. Hala ere, Nafarroaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministak oso aldarri sendoa izan du abortuarena beti, eta presente eduki behar dugu. Lehen lege erreforma gelditzea lortu genuen, baina oraindik aldaketa asko lortu behar dira».

Nafarroako Gobernuarekin eta bertze hamaika eragilerekin elkarlana sustatzeko beharra ikusten du Minerrek, politika feministak martxan jartzeko «benetako ardura» hartzeko. Kontziente izateko eskatu du, gizartean errotiko aldaketak egin behar direlako, eta ez azalekoak soilik. «Emakumeen Mundu Martxa interlokuziorako aliatu gisa ikustea ezinbestekoa da. Guri entzuteko prest egon behar dute, boterea kudeatzen dutenek aplika ditzaketelako aldaketak».

Hezkuntzarekin ere arduratuta daude antolatzaileak, baina ez txikitako hezkuntzarekin bakarrik; heziketa afektibo-sexuala galdegin dute, baina bizitza osoan emanen dena. Alde horretatik, martxan hainbat ikastetxeren elkarlana lortu dute; esaterako, Tafallako eskolako haurrek parte hartu zuten atzoko baratze sinbolikoan. «Sekulako ongietorria izan dugu Tafallan. Martxa Euskal Herrian sartu berri da, eta ez genuen hain harrera berorik espero. Uste genuen hasiera hotzagoa izango zela, baina ez. Hitz hartzeen ondoren, landaketa bat egin dugu, inauguratu berri duten baratze feminista batean. Denok izan dugu aukera gure landaretxoa jartzeko. Hasieratik oso omenaldi polita izan da», gehitu du Minerrek.

Iruñean ere haritzaren hazia jarri zuten, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatuko dituen kutxa baten barruan. Herri bakoitzak bere alea jarriko du, emakumeen eskubideen alde. Argi utzi dute borrokak jarraitu eginen duela.

Horrez gain, gaur egun Europa osoan dauden beharrak mahai gainera atera behar dira, antolatzaileen ustez. Izan ere, aldarrikapen aterki berean egon arren, errealitate «oso ezberdinak» daude Europan, bai antolakuntza aldetik, bai beharren aldetik. Hori dela eta, txoko bakoitzean liburuxka bat egonen da, jendeak nahi duena adierazteko eta aldarrikatzeko.

Gaur, adibidez, Leitzan izanen da karabana feminista eguerdian, eta hainbat emakumeren artean ipuin bat idatziko dute liburuan, hilabeteak irauten duen martxa honetan oinarrituta. «Hiru herrialdetako emakume bana izanen dira protagonistak. Bakoitzaren egoerak besteenarekin zerikusirik izan ez arren, nazkatuta, karabana bat hartu eta Kurdistandik Europa zeharkatzen hasiko dira, euren eskubideak errespetatzeko eta parekidetasuna lortzeko bidean», azaldu du Oihana Iraola Leitzako Bilgune Feministako kideak.

Nafarroatik Lapurdira joanen da gaur karabana feminista, eta, astebetez Euskal Herriko txokoetan ibili ondoren, urriaren 4an eginen ditu azken kilometroak. Bilbon izanen da ekitaldi nazionala, arratsaldean, eta handik Galizia aldera abiatuko dira. Emakumeen Mundu Martxa Lisboan amaituko da, urriaren 17an, eta Euskal Herritik hainbat autobus joanen dira hara, asteburu pasa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko protes bat, 2021ean ©Guillaume Fauveau

NBEk azalpenak eskatu dizkio Frantziako Gobernuari hizkuntza gutxituei buruz

Ekhi Erremundegi Beloki

NBE beldur da Frantziako Konstituzio Kontseiluak 'Molac legearen' kontra hartutako erabakiak Frantziako gutxiengo linguistikoen giza eskubideei kalte garrantzitsuak eragiten ahal dizkiela

Etxean Zaindu eta Zaintel aurkeztu dituzte ©Jaizki Fontaneda / Foku

Eusko Jaurlaritzak familia zaintzaileak laguntzeko bi zerbitzu aurkeztu ditu

Isabel Jaurena

Mendeko pertsonak zaintzen dituztenen eguneroko bizitza erraztea da helburua

Errigoraren agerraldia joan den larunbatean. ©/ Errigora

Errigorak diru bilketa antolatu du Nafarroako suteengatik

Isabel Jaurena

Etorkizunean halakorik berriz ez gertatzeko erabiliko dira irabazi guztiak.

Miarritzeko ordainlekua, artxiboko irudian. ©Nicolas Mollo

Gizon bat hil da Miarritzen izandako auto istripu batean

Berria

Miarritzeko ordainlekuan gertatu zen istripua, atzo. Bi emazte Baionako ospitalera eraman behar izan dituzte, larri. Bi haur arinki zauritu dira, eta Baionako ospitalera eraman dituzte horiek ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...