Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Zamaketa liberalizatzea onartu dute, eta grebak hasiko dira portuetan

Publizitatea

Ekonomia

Zamaketa liberalizatzea onartu dute, eta grebak hasiko dira portuetan

EAJ, Ciudadanos eta PDECati esker, PPk aurrera atera du dekretua. Legeak ez du jaso portuetako langileen enpleguen subrogazioa, eta De la Serna ministroak esan die patronalarekin negoziatzeko
Zamaketarien ordezkari sindikal bat garrasika atzo, Espainiako Kongresuan.
Zamaketarien ordezkari sindikal bat garrasika atzo, Espainiako Kongresuan. CHEMA MOYA / EFE

2017-05-19 / Xabier Martin

Bilboko eta Pasaiako 550 zamaketariren enplegua kolokan dago atzodanik. Zamaketaren sektorea liberalizatzeko dekretua onartu du Espainiako Kongresuak, eta idatziak ez du jaso Iberiar penintsulako 6.000 zamaketarien enpleguen subrogazioa, sindikatuek eskatzen duten moduan. Orain bi hilabete PPren gobernuak jasotako porrot politiko eta parlamentario sonatuari buelta eman dio Rajoyren gobernuak, eta Europako Batasunak isunen mehatxuekin ere eskatzen ari den liberalizazioa martxan jarri du, ganberan jositako konplizitate politikoei esker. Zamaketariekin ez dago inolako akordiorik, ordea, eta portuetako langileak grebarako prestatzen ari dira. Zortzi eguneko lehen lanuzte sorta bat erregistratua dute, argi utzita azterketa parlamentarioa gainditzeak ez duela lan gatazka bera konponduko.

Eta ez du konponduko legeak ez duelako bermerik eskaintzen Sagep elkarteko zamaketariek beren enpleguei eusteko. Gobernuak dio Europako Batasunak ez zuela onartuko enpleguen subrogazioa jasoko zuen legerik, hain justu sektorea liberalizatzeko legea izanik, ezin duelako langile jakinen kontratazioa derrigortu. Horren ordez, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak eskaini du patronalak eta sindikatuek adostea enpleguen auzia, negoziazio kolektiboaren bidez.

Horrekin batera, pizgarri ekonomikoak eskaini ditu ahalik eta aurretiazko erretiro gehien egon daitezen zaharrenak diren langileen artean. Geratzen direnek enpresa jakinetako soldatapeko bihurtu edo langabeziara joatearen artean aukeratu beharko dute; kontratazioa librea izango denez, Sagep elkarteko kide izatea ez baita derrigorrezkoa izango enpresentzat portuetan jarduera egin ahal izateko.

Sektorearen liberalizazioak lehiakortasuna sustatzeko xedea ere badu, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako derrigortasunetik haratago, eta dekretuak soldaten %10 arteko jaitsierak negoziatzeko proposamena egiten die aldeei. Alegia, Sagep sistemaren teilatupean lan baldintza bikainak dituzten zamaketariei soldata jaitsi nahi die gobernuak, «dagoeneko ondo funtzionatzen duenak bikaintasuna lor dezan». Hilero, gutxieneko soldata halako hiru baino %5 gehiago irabazten dutenen soldata dauka miran dekretuak.

EH Bildu eta EAJ

Zamaketa liberalizatzen duen legearen alde bozkatu zuen atzo EAJk, PP eta Ciudadanosekin batera. PDECaten abstentzioak itxi zuen legea onartzeko akordioa. EH Bilduko kongresukide Oskar Matutek euskal zamaketariei kalte egin diela aurpegiratu zien EAJko parlamentariei. Hori ote den «euskal agenda» galdetu zien, eta EH Bildu haien «duintasuna defendatzeko erantzunaren alboan» egongo dela erantsi zuen. EAJko Iñigo Barandiaranek erantzun zion Bilboko eta Pasaiako portuentzat onuragarria zela dekretua, lehiakortasuna sustatzeak bermatzen duelako portuak bizirik irautea.

Greba hotsa gero eta ozenagoa den arren, CETM sindikatu nagusiak negoziazio mahaia zabaltzeko deia egin dio Anesco patronalari, lehenbailehen ikusteko enplegu guztiak salbatzea posible den edo ez. Alegia, grebaren mehatxua mahaian jarrita ere, CETMk ez diola uko egin patronalarekin negoziatuz auzia konpontzeko kartari. Edonola ere, Antolin Goya arduradunak garbi esan zuen «langileak alde batera utzita» idatzi duela dekretua gobernuak, «bere promesa hautsita», eta horrek bere ondorioak dituela, grebaren atarian uzten dituelako. UGTk iragarri du grebara joango dela Pasaian eta Bilbon. LABek bat egin du orain arte mehatxuetan geratu diren deialdiekin, eta oso litekeena da grebarekin bat egitea. Gaur bertan jakinaraziko du. Sindikatu horiek dira ordezkari gehien dituztenak euskal portuetan.

Espainiako Kongresuko osoko bilkuraren giroa termometro ona izan zen egoera nola dagoen erakusteko. Talde parlamentarioen azken txanda PPrena izan zen, eta Miguel Barrachinak gasolina bota zion sutan zegoen giroari. «Mendian ez, zuhaitzen adarretan dagoen ezkerra» egin zuen Europatik «edozein unetan irits daitekeen bigarren isunaren erantzule». Zamaketariei zuzenean hitz egin zien —gonbidatu gisa zeuden hemizikloaren goialdean— esateko «ezkerrak» azken bi hilabete hauetan ez duela ezer egin haien alde. Zamaketari taldea garrasika atera behar izan zuten handik. Tonu iraingarriko ekarpena bukatzean, PPko taldeak txalo zaparrada bat eskaini zion, eta eserlekura gerturatzean animoak eman zizkioten eskuak besagainetik pasatuta.

Multinazionalen interesa

Gaur arte, portuetako enpresek Sagep izeneko erregistroko langileak kontratatu behar zituzten zamaketa lanetarako, eta lan baldintza jakin batzuk errespetatu. Sagep horietan parte hartzera behartuta zeuden portuko operadoreak. Orain, berriz, aske izango dira zamaketa lanak sare horretatik kanpo kontratatzeko, eta langile horiek lan baldintza okerragoak izango dituzte, itun kolektibo berri bati jarraikiz.

Sektorea liberalizatu beharra Europaren exijentzia izan da. De la Serna ministroak dio 24 milioi euroko isuna zain dagoela jadanik, eta ez dagoela hori pagatu beharko ez den bermerik, nahiz eta legea aldatu den azkenean. Kontua da sektoreko langileen soldatak eta lanaldiak okertzeko interes pribatuak ere badaudela, zamaketarien sindikatuen arabera: multinazionalena. Luxenburgoko auzitegiaren ebazpena «aitzakia besterik ez dela» diote. Ebazpen hori 2014koa da, eta 2017ra arte ez da mugitu Madril. «Txinako inbertitzaileak iritsi dira, baita beste multinazional batzuk ere, tartean J.P. Morgan, eta esan die portuak bermatuko dituztela, baina garbi nahi dituztela; gu sobera gaudela, alegia», azaldu dio BERRIAri UGTko kide Jose Antonio Olaizolak.

Batera edo bestera, ez dago zalantzarik dekretuak soka luzea ekarriko duela, eta esportazioentzat oinarrizkoak diren portuetan blokeoaren itzala gero eta luzeagoa dela ere argi dago.

Publizitatea

Sortu kontua
Xabier Martin Xabier Martin

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak