Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Euskal Sagardoa jatorri izena sortu dute, eta Gorenak publiko bihurtu

Publizitatea

Ekonomia

Euskal Sagardoa jatorri izena sortu dute, eta Gorenak publiko bihurtu

Sektoreak eta instituzioek elkarlana hasi dute, hamabost urte barru sagardo guztia oso-osorik bertakoa izateko asmoarekin. Guztira, 1,3 milioi litro bideratu dituzte jatorri izen berrira: ekoizpen osoaren %12
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta sagardoaren sektoreko ordezkariak, atzo, Donostian.
Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta sagardoaren sektoreko ordezkariak, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-01-10 / Jon Fernandez

Epe luzerako helburua argi daukate Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagardogileek eta instituzioek: 2032rako ziurtagiria daukaten sagardo botila guztiak oso-osorik euskal sagarrarekin eginak izatea. Norabide hori jorratzen hasteko, erabaki dute Euskal Sagardoa jatorri izena sortzea —%100 bertako sagarrekin—, eta Gorenak marka publiko eta ofizial bihurtzea —han-hemengo sagarrekin—; lehen aukera indartu nahi dute epe luzera. Hartara, adiskidetu egin dira urteetan zatituta egon diren sagardogileen bi joerak.

Eusko Label sagardoaren bideari lekukoa hartuko dio sor-marka berriak, eta bi ezaugarri nagusi izango ditu: osorik bertako sagarrez egina izango da, eta kalitate bermea izango du. Lehen botila zigiludunak udaberrian merkaturatuko dira, baina txotx sasoian dagoeneko zigiluaren marka izango dute jatorri izenera bideratutako sagardo upelek ere. Sagar gorri bat da logo berria, eta kirikoketa ere irudikatuta dago; hala, gogorarazi dute txalapartaren jatorria sagarra jotzean dagoela.

Guztira, Euskal Sagardora bideratutako 1,3 milioi litro egin dira, hiru lurraldeetako produkzioaren %12 inguru. 400 hektarea sagasti daude izena emanda, eta 35 sagardotegik egin dute bat zigilu berriarekin: Eusko Label sagardoak zituenak baino 11 kide gehiago dira; sagardogile berri gehienak Gorenak markan ere ekoizten dutenak dira. Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du marka, eta hor sagargile eta sagardogileen sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza. 115 sagar mota onartu ditu izendapenak.

Bestalde, Gorenak marka pribatua publiko bihurtuko da; lehen, hamahiru sagardogilek erabiltzen zuten, eta, orain, baldintzak betetzen dituen edonork erabili ahal izango du. Orain arte bezala, markaren pean han-hemengo sagarrak erabiliz egingo dituzte sagardoak. Bi marken kalitatea bermatzeko, Hazi fundazioak ziurtatuko du prozesua, eta botila sorta guzti-guztiek pasatu beharko dituzte kalitate kontrolak, Fraisoro laborategian.

Bi arlotan izandako elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuten jatorri izenaren atzoko aurkezpenean: batetik, sektoreko sagar eta sagardogileen artean; eta, bestetik, sektorearen eta instituzioen artean. «Ez dut esango arraroa denik elkarlana, baina oraingoan mugarri bat izan da», azpimarratu zuen Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak.

Sagarrondo falta

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak ere izan ziren ekitaldian. Hirurek agertu zuten sektorea laguntzeko konpromisoa. Lucia Isla Bizkaiko Diputazioko Nekazaritza zuzendariak azaldu zuen helburua euskal sagardoa nazioarteko merkatuan kokatzea dela, «txakolinarekin gertatu den bezala». Era berean, adierazi zuen xedea dela bertoko produkzioa sustatzea eta, pixkanaka-pixkanaka, sagarraren prezioa igotzea lortzea, negozioa bideragarri izan dadin nekazarientzat.

Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izenaren arduradunaren esanetan, datozen hamabost urteetan 250-300 hektarea handitu beharko litzateke sagasti kopurua, sagardo ziurtatu guztiak osorik bertako sagarrarekin egin ahal izateko. Asmo egingarria dela uste du Agirrek.

Erronka nagusia Gipuzkoan dago: Euskal Herriko sagardo produkzioaren %94 egiten da han. 1.100 hektarea sagasti ditu, baina gutxiegi dira; beste 310 beharko lituzke buruaskia izateko. Gipuzkoak 7,5 milioi kiloko hutsunea du sagardotarako sagarretan. Diputazioak eta sagardogile elkarteek iaz adostu zuten sagastiak handitzeko plana.

Publizitatea

Sortu kontua
Jon Fernandez Jon Fernandez

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak