Noiz sortua: 2017-03-21 00:30:00

Rajoyk uko egin dio Puigdemonten eta Junquerasen elkarrizketa deiari

Eskoziako galdeketaren gisako egoera eskatu dio berriz Generalitateak Madrili, adostutako erreferenduma egiteko. «Ezin dugu negoziatu ilegala dena», erantzun die Espainiako presidenteak
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Mariano Rajoy Espainiakoa, iaz, Moncloan.
Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Mariano Rajoy Espainiakoa, iaz, Moncloan. PACO CAMPOS / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2017ko martxoak 21
Ultimatum gisa har daiteke, adostutako galdeketa bat lortzeko agintari independentisten azken deia. Hamaikagarrenez, Kataluniako Gobernuak elkarrizketarako deia egin dio Espainiakoari, erreferendumaren aferan. «Gu dagoeneko mahaian gaude eserita. Denbora asko behar dute beste gonbidatuek? Etorriko al dira?», galdetu dute Kataluniako presidente Carles Puigdemontek eta presidenteorde Oriol Junquerasek. Eta, hamaikagarrenez ere, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak uko egin dio deiari.

Eskozia eta Erresuma Batuaren gisako akordio baten alde egin dute berriz ere bi politikariek, El País egunkariari bidalitako Elkarrizketak irabaz dezala, hautetstontziek erabaki dezatela iritzi artikuluan: «Adostutako erreferenduma da Katalunian nahi dugun agertokia, hainbatetan proposatu duguna. [...] Desberdintasun politikoei irtenbidea bilatzeko era adosteak beti batzen gaitu». Artikuluan, gainera, Espainiako Gobernuari ohartarazten diote kataluniarrek bakarrik egingo dutela bidea, Madrilek orain arteko jarrerari eusten badio. «Eztabaidaezina dirudi esatea Kataluniako Gobernuaren eta Parlamentuaren jarrera eskoziarrena dela (hizketatzea eta erreferenduma adostea), baina Espainiako Gobernuaren eta Gorteen jarrerak ez duela antzik Erresuma Batuko Gobernuaren eta Parlamentuarenarekin. [...] Katalanak bazterrean utzi ditu estatuak».

Puigdemontek eta Junquerasek nabarmendu dute Rajoyren gobernuaren elkarrizketarako borondate falta «kezkagarria», kontrako bidea hartzen ari den bitartean: «Kereilak, politikaren judizializazioa, gerra zikina, mehatxuak, eta abar». Espainiako Gobernuak «harriduraz» hartu ditu akusaziok, uste baitu elkarrizketa falta izan dela Kataluniako Gobernuaren kudeaketaren parte. Horrez gain, salatu du «egin ezin daitekeen» galdeketa bat eskatu dutela bi agintari kataluniarrek: «Kasu honetan, Espainiako Gobernuak eta Parlamentuak ezin dute espainiar guztiena dena negoziatu. Ezin dugu negoziatu ilegala dena».

PP, PSOE eta Ciutadans

Espainiako Gobernuaz gain, Puigdemontek eta Junquerasek beste hiru alderdiren kontra egin dute: «Agian bidegabea da jarrera hori [elkarrizketa falta] egoztea soilik Rajoy presidenteari, bere gobernuari eta bere alderdiari. Penaz eta tristuraz ohartzen gara jarrera bera partekatzen dutela PPk, PSOEk eta Ciudadanosek».

Hain justu, alderdi horiek ere egin dute testuaren edukiaren aurka. PPC Kataluniako Alderdi Popularraren buru Xavier Garcia Albiolentzat, testua «bururik eta hankarik gabekoa» da, «zentzugabekeria bat»; ez dela galdeketarik egingo ziurtatu du gainera. PSC Kataluniako Alderdi Sozialistaren lehen idazkari Miquel Icetak, berriz, bi politikariak kritikatu ditu, aldi berean akordio bat eskatu eta legea ez dutelako errespetatzen. Ciutadans alderdia haratago joan da, eta Kataluniako Parlamenturako eledun Carlos Carrizosak hauteskundeak eskatu dizkio Puigdemonti.

Ara egunkariaren arabera, deskonexiorako legearen onarpena irailean egin ala ez eztabaidatzen ari da Junts Pel Si, galdeketaren egunetik «ahalik eta hurbilen» izateko. Carlos Ruiz katedradunak ABC-n azaldu duenez, Madrilek «egun batean geldiarazi dezake prozesua», Espainiako Konstituzioko 155. artikulua aplikatuz —autonomia estatutua etetea—; neurri hori aplikatzeko, Senatuaren baimena beharko luke —gehiengo osoa du PPk—.

Dena den, Puigdemontek eta Junquerasek argi hitz egin dute: «Esan ezin dena egingo dugu Kataluniako herritarrek 2017an bozkatzeko aukera izan dezaten».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna