Albistea entzun

Ezer ez duenari ordainarazi

Danimarkako Parlamentuak onartu egin du iheslariei ondasunak konfiskatzeko legea.

1.340 eurotik gorako jabetzak kendu ahalko dizkiete.

Senideekin elkartzeko baimena hiru urtera luzatu dute
Iheslari batzuk Danimarkako Thisted hiriko kanpalekuan, orain bi aste.
Iheslari batzuk Danimarkako Thisted hiriko kanpalekuan, orain bi aste. SARA GANGSTED / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Adrian Garcia -

2016ko urtarrilak 27

Tradizionalki asilo eskatzaileen eskubideak errespetatu dituen lurraldea izan da Europa iparraldea. Baina eskuin muturrak gora egin ahala, joera hori desagertu egin da. Danimarkak atea kolpez itxi die errefuxiatuei, haien eskubideak murrizten dituen lege batonartuta. Parlamentuak atzo onartu zuen iheslariei ondasunak konfiskatzeko eta familiarekin elkartzeko baimena luzatzeko legea. Aginteko Alderdi Liberalak zentro-eskuineko blokeko hiru aliatuen babesa jaso zuen —eskuin muturra barne—. Oposizioko Alderdi Sozialdemokratak ere neurria defendatu du. Aldeko 81 botorekin eta kontrako 27rekin onartu dute lege murriztailea.

Gerra eta hondamenetik ihesi jabetza ia guztiak galdu dituztenak estutuko ditu Danimarkako Gobernuak. Bitxien legea gisa izendatu dute neurria. 10.000 koroa danimarkarretik —1.340 eurotik— gorako ondasunak eta dirua konfiskatzeko ahala ematen die agintariei. Hasieran proposatutako langa 3.000 koroa danimarkar zen (402 euro). Halere, «balio sentimental bereziko» objektuak salbuetsita egongo dira; ezkontza eraztunak, esaterako.

Zalaparta franko eragin du neurriak, bai Danimarkan eta bai nazioartean. Giza eskubideen aldeko erakundeek gizagabetzat jo dute. Bada Alemania naziaren garaian juduen jabetzak konfiskatzeko neurriekin alderatu duenik ere.

Baina, errefuxiatuen eskubideen alde lan egiten duten eragileentzat, familiarekin biltzeko baimenaren atzerapena da kezkagarriena. Orain arte, urtebeteren buruan, asilo eskatzailearen familia herrialdera irits zitekeen. Hiru urtera atzeratu dute epea.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak salatu du legeak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Haurren Eskubideen Hitzarmena eta NBEren Errefuxiatuen Hitzarmena urratzen dituela. «Izugarri sufritu duen jendea da, eta gerratik ihesi ehunka milaka kilometro egin dituzte Mediterraneoa gurutzatzeko. Errespetuz tratatu beharko lituzkete», esan du Stephane Dujarric NBEko bozeramaileak.

Amnesty Internationalek salatu duenez, «ezinezko hautua» egitera behartuak daude iheslariak. Haurrak eta gertuko senitartekoak «bidaia arriskutsu eta hilgarrietan» eramatera, edo gerra eremuan «luzaroko banaketa» sufritzera.

Gastuaren aitzakia

«Ez genukeen inoiz nazioarteko hitzarmenen aurkako legerik proposatuko», defendatu du Inger Stojberg Integrazio ministroak. Ezkerreko alderdiak kritikatu ditu gobernuak, nazioartean Danimarkaren izena zikintzeagatik. «Gobernuak ez dizkie bitxiak kenduko», adierazi du Alderdi Liberaleko Jacob Ellemann-Jensenek.

Arrazoi bikoitza erabili du gobernuak legearen alde. Batetik, asilo eskatzaileen eta herritarren baldintzak berdintzeko beharra nabarmendu du. Diru laguntza publikoak jasotzeko, herritarrek ondasunak saldu behar dituzte lehenago. Bestetik, errefuxiatuek eragindako gastuari aurre egiteko neurritzat jo du. NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, BPGaren %0,47ko gastua izan zuen krisiak herrialdean iaz.

Edonola ere, Danimarkako ordezkariek beraiek aitortu dute soilik gastuaren zati txiki bat ordaindu ahalko dutela neurri horrekin. Izan ere, Europa iparraldera iristerako, dirutza ordaindu behar izan diete giza trafikatzaileei mugak igarotzeko.

Europako Batzordeak adierazi duenez, ondasunen konfiskatzea nazioarteko legearen araberakoa da «beharrezkoa eta proportzionala» denean. Stephen Ryan batzordeko Barne Saileko arduradunak esan du oraindik ez dutela legea «xehetasunez» aztertu. Halere, ohartarazi du Danimarkak errespetatu egin behar dituela nazioarteko giza eskubideen hitzarmenak, Europako asilo legeetatik salbuetsita egon arren. Suitzak eta Alemaniako Baviera eta Baden-Wurttemberg landerrek ere iheslariei dirua konfiskatzen diete.

Eskandinaviar penintsulako hiru herrialdek ezarri dituzte kontrolak mugetan, errefuxiatuei sarrera oztopatzeko: Danimarkak, Suediak eta Norvegiak. Gizartean eztabaida sutsua eragin du iheslarien aferak, eta eskuin muturrak politikoki baliatu du gora egiteko. Danimarkan 21.000 lagunek eskatu zuten asiloa iaz; Norvegian 31.000 izan ziren; Suediak jaso zuen gehien: 163.000.

Hain zuzen, Suedian are gehiago gaiztotu da eztabaida, herenegun gauean errefuxiatu adingabe batek ustez zentro bateko langile bati labana sartu eta hil eta gero. TT agentziaren arabera, 15 urteko gaztetxo bat atxilotu du Poliziak. Stefan Lofven lehen ministroak polizia baliabide gehiago agindu ditu krisiari aurre egiteko. Haatik, inkestetan hondoa jo du haren alderdi sozialdemokratak, errefuxiatuen krisiak eraginda bereziki.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manifestari bat, hautetsontzi erraldoi bat garraiatzen, atzo, Bartzelonan, urriaren 1eko erreferendumaren bosgarren urteurreneko ekitaldian. ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE

Independentisten frustrazioa plazaratu du U-1aren urteurrenak

Gorka Berasategi Otamendi

Puigdemontek U-1aren «agindu demokratikoa» betetzeko eskatu dio Aragonesi. Bete ezean, prozesua gidatzeko zilegitasuna aldarrikatu du. Forcadelli eta Rovirari txistu egin diete ekitaldian

Lularen jarraitzaileak, «Lula da irtenbidea» dioen kartel batekin. ©BRUNO ZANARDO / EFE

BI EREDU KONTRAJARRI

Arantxa Elizegi Egilegor

Elkarrengandik ezin urrunago dauden bi indar dira Luiz Inacio da Silva 'Lula' eta Jair Bolsonaro. Zentro-ezkerrean bata eta eskuin muturrean bestea, aurrez aurre egongo dira gaur Brasilen egingo dituzten presidentetzarako bozetan.
Emakume beltz bat haur batekin jolasten. ©BERRIA

Dena edo ezer ez

Cecilia Valdez

Emakume beltzak gutxiengoa dira Brasilgo Kongresuan, baina gehiengoa pobreziaren, desberdintasunaren, bazterketaren eta errepresioaren inguruko datuetan. Lularen garaipena beren eskubideak hobetzeko aukeratzat daukate.
 ©DANI CODINA

«Akordio bat behar dugu boterea nola ezarri argitzeko»

Gorka Berasategi Otamendi

Kataluniako Errepublikaren Kontseiluko kidearen esanetan, erreferendumaren bosgarren urteurreneko manifestazioaren helburua «herritarren mobilizazioa balioestea» izan da, eta gizartearen eta erakundeen arteko elkarlanari garrantzi estrategikoa aitortzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.