Une bakoitzari begira kantuan

Garik zortzigarren diskoa kaleratu du: 'Estutu'. Oraingoan, Maldanbera talde bilbotarrarekin lan egin du. Rock estilotik aldendutako hizkera «malenkoniatsu» baina «baikorra» darabil
Gari, disko berriko kanta bat abesten, atzo Bilboko Arte Ederren Museoan egindako aurkezpenean.
Gari, disko berriko kanta bat abesten, atzo Bilboko Arte Ederren Museoan egindako aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS

Alaitz Armendariz -

2016ko azaroak 11

«Naizena eta nintzena». Lelo hori kantatzen du Iñaki Igon Garitaonandiak Garik bere lan berriko abesti batean, eta ongi islatuko luke bere azken diskoaren edukia. Bilboko Arte Ederren Museoa aukeratu du musikariak Estutu aurkezteko (Elkar), bere zortzigarren diskoa. Zazpi abesti bildu ditu Maldanbera taldearekin batera egindako lanean. Hogeita hamar urteko ibilbidearen ondoren, «bestelako sonoritateak» bilatzen saiatu dela adierazi du abeslari gipuzkoarrak. «Rock estilotik aldentzeko gogoa nuen». Hori dela eta, diskoan rockaren hizkera «desagertu» dela onartu du Garik; orain, «malenkoniatsua da, baina oso baikorra».

Aurreko lanekin alderatuta, Garik disko «sendoagoa eta homogeneoagoa» eratu duela nabarmendu du. «Zer ginen eta zer garen aztertu dugu, eta ez dugu inolako arazorik izan horretaz barre egiteko». Diskoan bizitzaren inguruko hausnarketa egin duela adierazi du, betiere «bizitasunez» beteta. «Azken hamarkadan jolasten ibili gara, eta disko hau horren emaitza da».

Garik «betidanik» eskaini ditu kantu ederrak, Anjel Valdes Elkar argitaletxeko ordezkariaren esanetan. Oraingoan bildu dituen kantak, baina, «kantu ederrak baino gehiago» direla uste du, eta bere disko «pertsonalena» osatu du haiekin. «Garik bere bizitzan oinarritutako kantuak sortu ditu: bere pozak, tristurak, ilusioak...». Bi garairen arteko zubi baten emaitza da lan hau, Valdesen arabera: Gari & Maldanberari hasiera ematen dion proiektua. Estutu-n, Gariren estiloan pisutsuak izan diren bi ezaugarri mantendu direla dio: ahotsaren beroa eta abesti hurbilak.

Maldanbera taldearekin egindako lana hainbat «gorabeheren» ondorio dela adierazi du Garik. Halere, lantaldean aritzea «oso erraza» izan da, haren irudiko. «Zer eta nola nahi genuen ulertu dugu denok». Natxo Beltran, Miguel Moyano eta Oier Aldekoarekin batera grabatu du diskoa, martxotik abuztura bitarte. «Kimika baino gehiago, gure artean heldutasuna nabaritu da». Eta gustura bera horrekin. «Miguel [Moyano] eta biok sormen jolasean ibili gara azken urteetan, eta ondorio batzuetara heldu gara». Eta, dioenez, ateratako ondorio horiekin egin dituzte diskoko kantak.

Presarik gabe

Bere proiektu «bilbotarrena» dela ere nabarmendu du Garik. Osorik grabatu eta ekoitzi dutelako Bilbon. Azaldu duenez, proiektuarekin «oso gogotsu» aritu dira. «Bizitzaren inguruko hausnarketa egin dugu. Bizitza estutu beharra dago bizitzari probetxua ateratzeko», argitu du, diskoaren izenburuaz galdetuta. Momentuak duen garrantziaz ere aritu da: «Bizitzako momentu honetaz gozatu nahi dut, inolako presarik gabe».

Xumetasunaren aldeko apustua egin dute berak eta Maldanbera taldeko kideek, «buelta gehiegirik» eman gabe. «Ez naiz portu bat jaisten ari; badut gelditu eta uneez gozatzeko denbora». Maldanberarekin aritzea apustu «iraunkorra» izango dela adierazi du Hertzainak taldeko abeslari ohiak. «Banda formatuaren alde borrokatu dugu: gauza gutxirekin musika duina egiten saiatu gara».

Denboraren iragatea ere bada diskoaren ardatzetariko bat, eta Berlin izeneko kantua aipatu du Garik. «Hertzainak-en Alemaniako bira hasi genuenean, duela 30 urte, Ex deitzen zen taberna batean egon ginen. Egun Clash du izena». Eta hain justu, horri egiten dio erreferentzia abestiaren hurrengo pasarteak: «Iragan oker batetik nator,/ eta gaur nor nintzen ez dakit./ Kreuzbergera itzuli naiz/ orduko areto hartara./ Den-dena aldatzen da izenez,/dena; ni izan ezik». Duela hiru urte Berlinen zegoela Lou Reed artista hil zela gogoratu du Garik, harentzat «erreferente» bat izandakoa. Gainera, 1980ko hamarkadan Andy Warhol margolariarekin egon zen argazkilari batekin egoteko aukera eduki zuen han, eta nolabaiteko jai bat antolatu zuten, «denboraren iragatearen» inguruan hausnarketa bat egiteko. «Non geunden eta non gauden pentsatu genuen , eta zer izan garen eta zer garen orain».

Diskoaren ekoizpen artistiko eta grabazioaz Jon Agirrezabalaga arduratu da, eta haren ekarpena «oso garrantzitsua» izan dela gogoratu du Garik. Grabatzeko musika tresna «garaikideak» erabili dituzte. Bilboko Arte Ederren Museoan egindako aurkezpenean, esaterako, bi teklatu erabili dituzte. Xumea da abestien funtsa, halere: berak konposatu ditu etxean, gitarra akustikoarekin. «Egiten dakiguna ahalik eta modu duinenean egiten saiatzen gara». Oro har, bizitza beste «perspektiba» batetik begiratzen aritu dela azaldu du.

Zuzeneko emanaldiak

Oraingoz, bi zuzeneko prestatu dituzte hurrengo asteetarako. Lehena azaroaren 26an izango da, Garesko Vinculo etxean (Nafarroa). Nafarroan aritzeak «ilusio handia» egiten diola esan du Garik. «Gero eta musika espazio txikiagoetan mugitzen gara, baina sortzen dugun ikuskizunaren duintasuna mantenduko dugu». Abenduaren 26an ere zuzenean arituko da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Antton Valverde, Tere Irastortza, Anjel Lertxundi eta Mari Jose Telleria, atzo, Koldo Mitxelena Kulturunearen kanpoaldean, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Kantatu ez diren hitzen musika

Itziar Ugarte Irizar

Borda, Goikoetxea, Irastortza, Meabe eta Urretabizkaiaren zortzi olerki musikatu ditu Valverdek, eta 'Hitzak hots' liburuan jaso du emaitza. Txillida Lekun egindako emanaldiaren DVDak osatzen du lana
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Kultur langileen estatutu bat eratu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Aitor Biain

Zupiriak kultur sektorea profesionalizatzea jarri du legealdiko helburutzat. 'Euskariana' Euskal Kulturaren Atari Digitala ere sortuko dute, digitalizazioan sakontzeko tresna gisa
Horman Poster konpainiaren <em>Antigone edo ezetzaren beharra</em> antzezlaneko irudi bat. ©KULTURAZ

Hamar euskal antzezlan erakutsiko dituzte Azpeitiko 38. topaketetan

Ainhoa Sarasola

Gaur ekingo diete emanaldiei Soreasu antzokian, pandemiagatiko segurtasun neurriak areagotuta. Azaroaren 20ra arte, denetariko obrak izango dira ikusgai, erabateko estreinaldi bat ere bai tartean
Estibaliz Agirre, ARTgia aretoan aurkeztu duen <em>Zomorro-mozorro</em> erakusketan. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Mozorrotutako zomorroak

Jone Arruabarrena

Estibaliz Agirre artistak gizakiaren eta naturaren arteko harremana aztertu du bere lanetan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna