Noiz sortua: 2014-11-05 00:30:00

Gosea asetzeko artefaktu bat

Joseba Sarrionandiaren testuekin eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artisten irudiekin osatu dute Gose taldekoek 'Gosariak' proiektua.

Hamaika kantako 'artefaktua' sortu dute elkarlanean
Ion Zubiaga <em>Osoron</em>, Ines Osinaga eta Iñaki Bengoa Gose taldeko kideak, beren estudioaren kanpo aldean, Arrasaten.
Ion Zubiaga Osoron, Ines Osinaga eta Iñaki Bengoa Gose taldeko kideak, beren estudioaren kanpo aldean, Arrasaten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko azaroak 5
Ez erabat disko, ez erabat liburu eta ez erabat artelan ere; artefaktu izendatu dute ezinbestean Gose taldekoek Joseba Sarrionandia idazlearekin eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artistekin elkarlanean sortu duten proiektua. Lana bada Goserena, baina ez Goserena bakarrik, eta horregatik asmatu diote izen propioa egitasmoari: Gosariak. Ines Osinaga abeslariak azaldu du aldaketaren arrazoia: «Lan hau elkarlanaren emaitza izan da; ez dira soilik hamaika hitzen gainean egindako hamaika kanta. Argi genuen ez zela izango Goseren seigarren diskoa, eta artistek lagundu dute hori borobiltzen». Sarrionandiak idatzi ditu hitzak, musika jarri die Gosek, eta artistek eman diote formatua hartu-eman horri. Testu, doinu eta irudiak uztartzen dituen kutxa moduko bat da azken emaitza. Esana dute: artefaktu bat. Elkarlanean sortua. Autoekoitzitakoa. Goserena izan gabe, Goserena ere badena.

Goseren aurreko diskoarekin hasi zen abian proiektua. Kanta bat idazteko egin zioten taldekoek proposamena Joseba Sarrionandiari, eta handira egin zuen hark kontra-proposamena: kanta bat ezetz, egitekotan, disko osoa egingo zutela elkarrekin. Gosekoek erronka onartu, eta orain argitaratu dute emaitza. Ion Zubiagak eman du azalpena: «Hasiera batean ipuin naif batzuen gainean lan kontzeptual bat egitea zen ideia, baina hasierako ideia hori beste leku batzuetara heldu da». Kanta bakoitzari arnasa propioa ematea erabaki dute azkenean, bai idazleak eta bai musikariek ere. «Testuak sentsazio batzuk pizten dizkizu, leloa zein den esaten dizu, eta batzuetan zer estiloko kanta nahi zuen ere iradoki digu Sarrionandiak». Hala, elektro-swing doinua du Zoroetxeko harresia kantak, punk-rock abesti zuzena da Anaren hiri arraora, habanera kutsua du Katuen kantua-k, itsasoari buruzko bals herrikoien eitea du Txalupa abestiak, eta arabiar aire bat du Bederatzi te kikara basamortu ertzean kantak.

Hasieran, hitza izan zen. Onartu dute hori musikariek: Sarrionandiaren testuak izan dira sorkuntza prozesu osoaren oinarri nagusia. Jasotako testuen arabera moldatu dituzte kanten giro eta doinuak gehienetan, baina bi norabidekoa izan da harremana. Hitzen doinura sortu dituzte kantarik gehienak, baina izan da alderantzizko bidea egin duenik ere. Erabat aldatu du horrek Gosekoen lan egiteko modua. Izan ere, musika izan da orain arte haien lan gehienen oinarria, eta melodiaren ostean sortu izan dituzte hitzak. Oraingoan irauli egin behar izan dute metodoa. Osinaga abeslariak zehaztu du oinarrizko ideia: «Beti esan dugu guk mikrofonoa erabiltzen dugula kontatzeko ditugun gauzak kantatzeko, eta hori dela gure arma. Kasu honetan, gure arma hori utzi dugu Sarriren eskuetan, abesti hauekin berak deserritik kontatzeko daukana bozgorailuetatik guk kontatzeko».

Errua izeneko kantak ematen du ariketa horren neurria, diskoko lehen abestiak. «Dena ez kendu: ez kendu niri errua. Niri errua besterik ez zaidalako geratzen./ Leporatzen zaidan errua eta, batez ere, gauzak aldatzen jakin ez izanarena». Idazlearen oharrez beteta jaso zituzten testuak Gosekoek, eta hitzak bezain interesgarriak zirela pentsatuz, haietariko batzuk liburuxkan txertatzeko baimena eskatu zioten Sarrionandiari. Berridatzi egin zituen apunte horiek, eta artefaktuaren parte dira egun. Erruari buruzko gogoeta labur bat dakar, beraz, Errua abestiaren azalpenak. «Gaur eguneko kontzientziaren kontrolatzaile eta manipulatzaileak ere, Barne Ministerio, Justizia Ministerio, Defentsa Ministerio eta Estatuaren indarkeria eta berriketa guztiarekin, lelo berdinekin nagusitzen dira. Bortxa kondenatzen dutela diote, bortxa baliatzen eta ospatzen ari diren artean, kondenatzen duten bortxa besteena delako bakarrik, betiko garaitu eta aldez aurretik kondenatuena».

Artefaktua nola taularatu

Zalantza handirik ez hor Gosekoek: diskoa zabaltzeko hautatu zuten kanta berehala. «Intentzio deklarazio bat da», dio Osinagak. «Kanta hori heldu zenean argi ikusi genuen hori zela lehenengo abestia. Hori entzun eta gero norbaitek ez badu entzuten jarraitu nahi, bere esku dago, baina hori da esateko duguna. Zerbait ukitu badizu, edo zerbait mugitu badizu, begiratu zer mugiarazten dizun. Hori da abesti bati eskatzen ahal diozun handiena».

Lehenago ere baziren Sarrionandiaren zaleak Gosekoak, eta horrek bultzatu zituen elkarlanera. «Konfiantza osoa izan dugu. Eragina izan dugu batak bestearen lanean. Josebak [Sarrionandiak] eragin du abestietan, guk eragin dugu artistengan, baina bakoitzak izan du beti bere esparruan azken hitza». Partekatua izan dela prozesua, beraz, eta partekatua dela sinadura horregatik: Gosariak. «Ego artistikoak ez dira izaten batere eraikitzaileak, eta are gehiago elkarlanean ari zarenean: zeure zilborrari begiratzeari utzi behar diozu, eta proiektuaren mesedetan aritu behar duzu». Ohi baino biluziago sortu dituzte kantak horregatik. «Orain arteko lanak baino organikoagoa da hau. Gordinagoa. Elkarlanaren emaitza izan da hori. Hau da Goseren disko akustiko batetik gertuen egon daitekeen lana. Izatekotan hau da».

Artefaktua oholtzara nola eraman pentsatzen dabiltza orain Gosekoak. Saio gutxi batzuk bakarrik egitea darabilte buruan, diotenez, eta udaberri ingururako prestatu nahi dituzte saioak. Durangoko Azokan Ahotsenean aurrerapen moduko bat ere eskainiko dute, halere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna