Ezustearen aldeko defentsa

Hogei kanta biltzen dituen disko hirukoitza kaleratu du Berri Txarrak taldeak, sortu zenetik hogei urte bete direnean.

Ekoizle banarekin prestatu dituzte musikariek lan bakoitzeko kantuak
Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez Berri Txarrak taldeko kideak, <em>Denbora da poligrafo bakarra</em> diskoaren aurkezpenean.
Galder Izagirre, Gorka Urbizu eta David Gonzalez Berri Txarrak taldeko kideak, Denbora da poligrafo bakarra diskoaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2014ko azaroak 25
Ezustearen alde mintzo da Gorka Urbizu. «Zaila da hurrena zer egingo dugun asmatzea, guk geuk ere ez dugulako jakiten-eta askotan. Baina taldeak hogei urte bete dituenean jakin-min hori bizirik mantentzea nik positibotzat dut behintzat. Gustatzen zait ezusteak emateko gorde edo landu dugun gaitasun hori». Denbora da poligrafo bakarra deitu dute azkenekoa, eta hirukoitza da ezustekoa. Izan ere, hiru diskok osatzen dute proiektua, eta Berri Txarrak-en aurpegi bat erakusten du haietariko bakoitzak. Hiru ekoizlerekin lan egin dute horretarako; bat disko bakoitzeko. Ross Robinson izan da metal kutsu argia duen lehen diskoaren ekoizlea (At The Drive-In, The Cure, Slipknot); Ricky Falkner izan da pop kutsu argia duen bigarren lanarena (Standstill, Lori Meyers, Love of Lesbian); eta Bill Stevenson eta Jason Livermore aritu dira punk-rock azkarreko sei kanta batzen dituen hirugarrena ekoizten (Black Flag, Desdedents, All). Nortasun arazorik ez, ordea. «Estiloen gerra hori amaitutzat ematen dugu. Hau da Berri Txarrak. Berdin zait zer den. Rocka da, baina hortik aurrera... Ezin da sinplifikatu».

Mezua argia dela dio Urbizuk. «Hogei urte egin ditugu bidean, bai. Atzera begiratzen dugula? Bai. Egindakoa baloratzen dugula? Bai. Inoiz inork amestutakoa baino zoragarriagoa izan dela lortutakoa? Bai. Bai, baina abiada hartzeko egin dugu hori dena. Hau da orain egiten ari garena; hori da mezua». Hitz horiekin laburtu du diskoaren oinarrian dagoen filosofia. «Ezin dut imajinatu taldearen 20. urteurrena ospatzeko modu hoberik. Hogei kanta ateratzeko itxi gara estudioan, eta proposamenarekin arriskuak hartzeko, gainera. Ondarea errespetatu eta zaindu behar da, noski, baina gai izan gara orain egin nahi duguna egiteko». Aspaldiko partez taldea egonkortuta dagoela dio Urbizuk. Hau da David Gonzalez baxu jotzailearekin eta Galder Izagirre bateria jotzailearekin batera kaleratzen duen bigarren diskoa, eta garai goxoan daudela dio abeslariak. «Askatasuna dugu oraintxe musikalki kasik edozer gauza egiteko».

Berezia izan da lan egiteko modua, musikarien hitzetan. «Lehenengoz jarri dizkiogu baldintzak gure sorkuntzari, eta, hasiera batean horrek eragozpena irudi lezakeen arren, ez da hala izan». Ekoizleak buruan zituztela aritu dira sorkuntzan, eta grabatzera heltzerako bazekiten disko bakoitzari zer giro eman nahi zioten. Eta, halere, grabatzen hasterako biluzi egin behar. «Estudioan sartu garenean, beldurrak eta aurreiritziak atearen beste aldean utzi ditugu», azaldu du David Gonzalezek. Dioenez, kantak landuta eraman dituzten arren, ekoizleek zer esango entzuteko prest joan dira. «Hazi egin dira kantak». Eta, musikarien hitzetan, bigarren diskoarekin hartu dute arriskurik handiena; pop doinu nabarmenak dituenarekin. «Gero eta aurreiritzi gutxiago izaten saiatzen gara».

Bestelako denbora bat

Klabea da denboraren ideia diskoan. Tituluan bertan dagoelako bai, taldeak hogei urte bete dituelako ere bai, baina ez horregatik bakarrik. Sakonagoa da Urbizuren gogoeta. «Gaur egun musika kontsumitzen den moduarekin eta denak duen abiadarekin disko hirukoitza atera izanak eta entzuleari lana entzuteko ordu eta erdi eskatzeak erakusten du jarrera bat. Beste denbora mota bat aldarrikatzen dugu. Lehen diskoek zeukaten beste denbora hori, eta kulturari eskaintzen zitzaion denbora hori. Gaur egun etengabeko zappingean bizi gara. Zerbaitek lehen bi segundoetan atentziorik ematen ez badizu, bazterrean uzten duzu».

Urbizuk berak idatzi ditu hitz guztiak, eta, azaldu duenez, disko bakoitzerako ildo bateko hitzak sortzen saiatu da. Sozialetik jo du lehen diskoan, autoerreferentzialagoak dira bigarren diskoko hitzak, eta kanten modura zuzenagoak dira hirugarren diskoko hitzak ere. Baina, dioenez, ilun samarra da giro orokorra. Disko hirukoitzeko lehen diskoaren titulua aipatu du metafora gisa: Sutxakurrak. «Sutxakurrak dira argi moduko batzuk ustelak sortzen dituenak, eta iruditu zitzaidan metafora ederra gaur egungo egoeraren alderdi batzuk islatzeko». Badira arnasgune gutxi batzuk ere, ordea. «Ez dago esperantzarako tarte handirik, baina badaude printza batzuk Etsia abestian, adibidez. Esaten dugu sormenak beharbada eduki dezakeela zer esanik gaur egun».

Zuzenekoak dira orain taldekideen kezka. Ez dakite diskoa nola taularatu, eta horrekin dabiltza. Ziur dakite kanta berriak joko dituztela emanaldietan, baina ez dakite zein, eta ez dakite nola. Denbora kontra dute, gainera. Urtarrilean dira bira hastekoak, Donostian, eta handia da ikusmina. Bi kontzertu antolatu zituzten hasieran han, baina, sarrera guztiak berehala saldu zirela ikusirik, beste bat ematea erabaki zuten. Hirugarren horretarako sarrera guztiak ere saldu, ordea, eta laugarrena emango dute, azkenean.

Diskoa kaleratu baino lehen ere izan da albiste diskoa, eta jadanik osorik ikus daiteke, adibidez, taldeari buruzko Iragana aurretik dokumentala, Badok atarian. Diskoa lantzen urtebete eman ostean, ordea, harreraren beldur handirik gabe mintzo da orain Urbizu. «Gure ibilbidean mugarri bat da lan hau».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna