Berpizten direnen kantua

Orain arte erreferentziazko izan duten brit-pop musikaren eraginetik aldentzen saiatu dira Ken Zazpi taldekoak 'Phoenicoperus' diskoarekin.

Sintetizadore eta programazioak baliatu dituzte horretarako
Ken Zazpi taldeko kideak atzo Bilbon egindako <em>Phoenicoperus</em> diskoaren aurkezpenean.
Ken Zazpi taldeko kideak atzo Bilbon egindako Phoenicoperus diskoaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

iñigo Astiz -

2015eko azaroak 21
Berpizkundeaz mintzo da Ken Zazpi bere estudioko seigarren diskoan. «Bada arrano espezie bat benetakoa hamahiru-hamabost urte bizi dena. Adin horretara iristean hegoak pisutsuegi egiten zaizkio hegan egiteko, eta mokoa ere higatu egiten zaio. Arrano gehienak hil egiten dira adin horretan horregatik, baina bakan batzuk habiara bueltatu eta banan-banan ateratzen dituzte luma guztiak, eta mokoa ere erauzi egiten dute gero harkaitzak joz. Prozesu mingarria da baina luma eta moko berria ateratzen zaie animalia horiei, eta hainbat urte gehiagoz bizi dira gero». Eta Eñaut Elorrieta taldeko abeslariak azaldu duenez, arranoek nola, Ken Zazpik ere hala Phoenicoperus lanarekin. «Lumadi zaharra kentzen saiatu gara».

Ezetz dio. Jon Fresko bateria jotzaileak, ez dela diskurtso soila. Mugan egon direla azken bi urteetan, eta pozarren daudela orain aurrera ateratzea lortu dutelako. «Egon gara laino beltz-beltz batean, eta orain atera egin gara. Horregatik, poza». Hala bizi izan dute taldekideek Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera sortutako ikuskizunetik orain arteko bidea. Bidegurutze moduko batean ikusi zuten Ken Zazpikoek beren burua, eta galdu xamar ibili dira iparra topatu arte. Agortuta igartzen zituzten ordura arte kantak sortzeko baliatutako bideak, eta modu berriak bilatu dituzte. Elorrieta: «Gure inertzia propioetatik atera nahi genuen. Jakin-mina genuen hainbeste kontrolatzen ez genituen uretan sartzeko». Azaldu dutenez, orain arte erreferentziazko izan dute brit-pop kutsua utzi, eta bestelako doinuak landu dituzte orain. «Bilatu nahi izan ditugu epikarako beste molde batzuk. Esaldi musikalak behin eta berriz errepikatzen lortu dugu climax hori».

Ez da alferrekoa epikari egindako erreferentzia. Igartzen da asmo hori single gisa kaleratu duten Oihu-loreak kantuan, adibidez, baita Heriotza eta Bizitza instrumentaletan ere. Sintetizadore eta programazioek laguntzen dute giro hori sortzen. Eñaut Gaztañagak eta Ruben Caballerok lagundu dituzte horiekin, eta protagonismo berezia dute diskoan. «Orain arteko diskorik homogeneoena da, baita efektismorik gutxiena duena ere», azaldu du Elorrietak. Izan ere, argi zuten diskoaren bizkarrezurra hasieratik: bere errautsetatik berpizten den fenix hegaztiaren metaforak bilduko zuen diskoa, eta heriotzaz eta bizitzaz arituko zen diskoa. Ordena horretan. Eta horregatik doa diskoan lehenik Heriotza izenekoa ere, eta azkenik Bizitza izenekoa.

Amildegitik behera

Ricky Faulkner ekoizlea izan dute gidari transformazioan (Standstill, Love of Lesbian, Berri Txarrak...). Haren eskutik pasatu dira kantak estudioan, eta berezia izan da horregatik grabazioa, Elorrietaren hitzetan: «Guk, joan behar genuen estudiora kanta guztiak oso ongi entseatuta, baina aldi berean oso zabalik. Konponketei kariño handirik gabe, baina era berean kantak oso ongi definituta». Deskribatu du bere lan egiteko modua ere. «Ausartago izateko aukera eman digu», laburtu du. «Amildegitik behera botako bagintu bezala zen, eta orduan errekurtso berriak bilatzera behartuta zaude. Baina prozesu osoa pasatzean ohartzen zara zuri amildegi bat zegoela iruditzen zitzaizun lekuan ez zegoela amildegirik».

Berpiztutako Ken Zazpi da disko honetakoa, eta, beraz, badu lehen Ken Zazpitik ere zerbait. Kanta berrietan ere igartzen dira, adibidez, taldearen orain arteko pop leloekiko zaletasuna (Phoenicoperus) eta tempo moteletarako joera (Libre eta Debeku berrien zerrenda). Eta badira gitarra rockeroagoa dutenak ere (Esadazu eta Big bang). Sortu ahala ikasiz joan direla dio Elorrietak. «Ez genuen gogorik diskoa inertziaz egiteko. Sorkuntza prozesua, ikasketa prozesu ere izan zedin nahi genuen».

Aldaketa giroarena ez da soilik taldeko kontua, halere. Gizartea ere aldaketa aldian igartzen dute Ken Zazpikoek, eta horri ere egin nahi izan diote erreferentzia kantetan. «Gizartea dago ez soilik krisi ekonomiko batean, baizik eta askoz ere krisi sakonagoetan; krisi sozial eta politiko batean ere badago murgilduta. Orain arte ezagutu dugun sistema erortzen ari da, eta horrek ateak irekitzen ditu aldaketetarako». Eta horrantz bideratu nahi luke bere bultzada taldeak ere. «Guretzat, musika da gauza bat bizia, eta, gizartean eragiteko aukera badu, aukera hori baliatu behar duena». Horregatik, singlean landutako errefuxiatuen gaia, edota baita mozal legearen aurka kantatzen duen Debeku berrien zerrenda izenekoa ere.

Kolaboratzaile berriak bilatu dituzte hitzak sortzeko ere. Izen ezagunak dira denak: Harkaitz Cano, Unai Iturriaga eta Amets Arzallus. Joseba Sarrionandiak idatzitako hitzak ere musikatu dituzte azken-aurreko abestian, bestetik, eta badira Eñaut Elorrietak Jon Maiarekin, Jon Mikel Arronategirekin, Lander Garrorekin eta Uxue Alberdirekin elkarlanean idatzitakoak ere. Aldaketa dute ardatz askok. Diskoa zabaltzen duen Phoenicoperus-ek, kasu: «Gaur dena fruitua, bihar da berriz hautsa:/ hegoak astindu, errautsak gorantz altxa!».

KONTZERTUAK

BIlbo. Urtarrilaren 8an eta 9an, Arriaga antzokian.

Donostia. Urtarrilaren 15ean eta 16an, Viktoria Eugenia antzokian.

Iruñea. Urtarrilaren 30ean, Iruñeko Zentral aretoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna