Albistea entzun

Urmeneta: «Marrazkiak saldu genizkion enpresari, ez pertsonaiak»

Iruñeko Merkataritza Auzitegiak Mikel Urmeneta eta beste lau marrazkilariri debekatu egin die «Kukuxumusu unibertsoko» marrazkiak egitea. Urmenetak iragarri du helegitea aurkeztuko dutela
Mikel Urmeneta, epaiketa baino lehen, bere jabetza auzitan dagoen Testis zezena ageri den platera eskuetan duela.
Mikel Urmeneta, epaiketa baino lehen, bere jabetza auzitan dagoen Testis zezena ageri den platera eskuetan duela. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Naiara Elola -

2017ko martxoak 15 - Iruñea

«Ikaragarria da. Gure sormena eta irudimena fagozitatu nahi dizkigute. Guk sortutako pertsonaiak kopiatuz eta distortsionatuz, gure egile eskubideak urratu dituzte». Mikel Urmeneta Kukuxumusu enpresaren sortzaile izan zenarenak dira hitzok. Atzo jakin zen Iruñeko Merkataritza Auzitegiak «Kukuxumusu unibertsoko» marrazkiak egiten jarraitzea debekatu diela Urmeneta eta beste lau marrazkilariri. Haserre dago artista, baina ez etsita. «Enpresari marrazkiak saldu genizkion, ez pertsonaiak». Epaia behin-behinekoa da, eta helegitea aurkeztuko du, ez dagoelako prest azken 27 urteetan egindako lana «zaborrontzira» botatzeko. «Ez dut inondik inora onartuko nire pertsonaiak lapurtzea».

Esther Fernandezek, Iruñeko Merkataritza Auzitegiko epaileak ez dio ezer Kukuxumusu marka horren ezagun egin duten pertsonaiez epaian. «Kukuxumusu unibertsoaz» mintzatzen da, oro har. Unibertso horretako parte diren marrazkiak egitea eta eraldatzea debekatu die Urmenetari eta beste lau marrazkilariei. Artistek 1994. eta 2013. urte bitartean egindako marrazkiak eta horiek «eraldatzeko» eskubidea enpresaren esku uzten zituzten kontratuak sinatu izana baliatu du Fernandezek debekua ezartzeko argudio gisa. Urmenetaren irudiko, «Kukuxumusu unibertsoa marrazkilariek enpresaren esku utzitako 15.000 marrazkiz osatutako funtsari deitzen zaio». Lan horiek «heterogeneoak» direla dio, ez dagoela marka identifikatzen duen estilo zehatzik.

Julio Bermejo, egun enpresaren akzioen gehiengoaren jabe dena, horretan bat dator Urmenetarekin. Joan den otsailean egin zen epaiketan mintzatu zen horretaz: «Marrazkilariek Kukuxumusuri emandako marrazki horiek guztiek osatzen dute Kukuxumusu unibertsoa». Hala ere, onartu zuen, Testis, adar horiak dituen zezen ezaguna, Urmenetak sortutako pertsonaia dela. Artistak berak azaldu du, Kukuxumusun aritzen zenean ere, Testis enpresatik kanpoko beste erabilera batzuetarako marrazten zuela; «enpresaren interesen aurka egin gabe, noski».

Horregatik, aurrerantzean Testis zezena edota Tetis behia margotzen jarraitzeko moduan izango delakoan dago, bere «eskubidea» delako. Baina ez da iritzi berekoa Kukuxumusu enpresa. Hedabideetara igorritako adierazpenean jasotzen denez, pertsonaia horiek enpresarenak dira, eta harena da horiek eraldatu eta moldatzeko eskubidea. Gainera, salatutako marrazkilariek orain arte bezala pertsonaia horiek margotzen jarraituz gero, auzitara jotzeko asmoa azaldu du, «enpresaren interesak babesteko».

Urmenetaren ustez, Kukuxumusurekin bere garaian sinatutako kontratuetan dago bere ideiak defendatzeko argudio nagusia; hala defendatu zuen bere abokatuak ere epaiketan: «Pertsonaien eskubideen kontratuetan, haien neurri eta koloreak aipatzen dira, besteak beste. Deskribatu egiten dira. Baina Kukuxumusuren kasuan, ez da horrela». Bermejok orduko hartan onartu zuen kasuistika ez zuela ezagutzen, baina argi zuela, epaileak orain berretsi bezala, marrazkien eskubidea enpresarena dela.

Krisiarekin, etena

1989ko sanferminen harira sortu zuten Kukuxumusu Mikel Urmenetak, Koldo Aiestaranek eta Txomin Dominguez de Bidaurretak. Urmenetak berak asmatu zuen izena. Artistak sortutako pertsonaiak, apurka ezagun egiten hasi, eta enpresaren ikur bilakatu ziren. Loraldi garaia berehala iritsi zen, eta ehun denda baino gehiago izan zituzten. Baina krisi ekonomikoarekin batera, 2008. urtearen ostean, loraldia eten, eta diru arazoak hasi ziren. Pilatutako zorrak ordaindu ahal izateko bankuek mailegurik ematen ez zietela eta, Aiestaranek eta Dominguez de Bidaurretak salgai jarri zituzten Kukuxumusun zituzten akzioak. Nafarroako Kutxaren komunikazioaz arduratzen zen enpresaren jabe zen Ricardo Bermejok erosi zituen akzio horiek. Hala, Kukuxumusuren akzioen %66ren jabe bilakatu zen.

Denbora batez elkarrekin lanean aritu ondoren, desadostasunak hasi, eta Urmenetak enpresa utzi zuen. 2016ko urtarrilean, Kukuxumusun aritutako beste marrazkilari batzuekin batera, Katuki Saguyaki eratu zuen. Lehen marrazkiak argitaratu eta gutxira, salaketa jarri zuen Bermejok, Kukuxumusu unibertsoko marrazkiak erabiltzen zituelakoan.

Katuki Saguyakin marrazten jarraitu nahi duela defendatu du Urmenetak. «Boterearen aurka borrokatu beharko dugu, baina askeak gara irudimena daukagulako». Alde horretatik, Bermejok Kukuxumusu enpresa langilerik gabe utzi duela salatu du. Antza, enpresaren aktibo moduan, 15.000 marrazkiz osatutako funtsa eta webguneetako domeinuak daude. «Nola da posible marrazkiak ustiatzen dituen enpresa batek marrazkilaririk ez izatea?», galdetu du.

Dena den, marrazkien inguruko auzibidea ez da amaitu. Urmenetak iragarri duenez, epaiari helegitea jartzeaz gain, Kukuxumusuren aurka salaketa bat ere aurkeztuko dute aurki, enpresari hainbesteko sona eman dioten Testis eta gainerako pertsonaiak norenak diren ebazteko; hori ez dela behar bezala argitu uste dute Katuki Saguyakiko marrazkilariek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Matxinbarrena artista, <em>Wild is the wind</em> erakusketan, Iruñeko Ziudadelako bolborategian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Argi leuna forma artistikoekin

Olaia L. Garaialde

Alvaro Matxinbarrenaren 'Wild is the wind' erakusketa irailaren 31ra arte ikusgai dago Iruñean
Harkaitz Cano eta Irati Jimenez idazleak eta Uxue Razkin editorea, atzo, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko atarian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Altxorraren giltzen bila

Gorka Arrese

Irati Jimenezek 'Ogia eta zirkua' saiakera idatzi du, Harkaitz Canoren 'Neguko zirkua' liburuko ipuinez. Unamuno saria jaso zuen. Erein etxeak argitaratu du
Jokin Campion Gaston, Saioa Alkaiza Guallar eta Ander Perez Argote, gaur, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak otsailera atzeratu dute Bertsoaroa

Ane Eslava

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari delako atzeratu dute zikloa. Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleen berri eman dute, eta Saioa Alkaizaren bertso sorta batean oinarritutako 'Biziraute saiakera' ikuskizuna aurkeztu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.