Albistea entzun

Auzipetuek onartu dute iazko sanferminetan ikurrina jarri izana

Nabarmendu dute ikurrina erabateko segurtasunez eskegi zutela, eta txupinazoa «arrazoi politikoen ondorioz» atzeratu zela.

Sinboloen Legea kentzeko eskatu dute
Bost auzipetuak eta Arantza Izurdiaga abokatua, atzo, Iruñeko epaitegira sartu aurretik.
Bost auzipetuak eta Arantza Izurdiaga abokatua, atzo, Iruñeko epaitegira sartu aurretik. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2014ko urriak 9 - Iruñea

Epaiketa hasi eta berehala, auzipetuek fiskalaren estrategia hankaz gora utzi zuten. Fiskalaren lekuko gehienak haien nortasuna berrestera bideratuta zeuden, baina auzipetuek beren lehen deklarazioan onartu zuten eurek eskegi zutela ikurrina. 2013ko sanferminak oztopatu eta desordena publikoak eragiteagatik auzipetutako bost iruindarren aurkako ahozko saioa hasi zen atzo, eta gaur amaituko da okerrik ezean. Fiskalak bost hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Mikel Valdivieso, Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso eta Iñigo Ramaiorentzat; Iruñeko Udalaren izenean, akusazio partikularrak bi urteko espetxe zigorra eta jai ekitaldietara joateko debekua.

09:30ean hasi zen epaiketa, eta aurretik auzipetuek agiri bat irakurri zuten. Hala, gogora ekarri zuten ikurrina urte luzez gizarte demokratikoaren aldarrikapena izan dela, eta frankismoaren urte ilunetan «askatasunaren sinbolo» izan zela. Diktadorea hil ondoren, Iruñeko udaletxean ikurrina 1977ko uztailean eskegi zen, Gasteizen eta Bilbon baino lehenago, eta oroitarazi zuten «normaltasun osoz» egon zen horrela 1981eko urrira arte. «Aurreko erregimenaren oinordekoek kendu zuten, gaurdaino».

Josu Graciaren ustez, testuinguru historiko horrek zerikusi zuzena du euren auziarekin, eta gogora ekarri zuen 2003an onartutako Sinboloen foru legearen pean epaituak izango direla. «Lege horren pean, makina bat herritar jazarriak izan dira hainbat sanferminetan». 2013ko festen hasiera gogoan, Enrique Maia alkateak TVEri eskainitako elkarrizketa azpimarratu zuen. Jaien hasiera ez zuen oztopatu ustezko segurtasun faltak, ikurrinak berak baizik: «Elkarrizketa hartan argi utzi zuen sobera zegoena ikurrina zela, eta ez orain erabili nahi diren beste arrazoi batzuk». Arazoa ikurrina debekatzen duen legea delakoan, Sinboloen Legea indargabetzeko eskatu zuten.

Jarraian, epaiketan sartu ziren. Auzipetuek euskaraz deklaratzeko eskatu zuten, baina epaileak uko egin zion eskaerari, epez kanpo aurkeztu zela arrazoituta. Mikel Valdiviesok hitz egin zuen lehenik. Fiskalari erantzunez, berehala aitortu zuen ikurrina eskegi zutenetako bat izan zela: «Gure asmo bakarra zen erakustea banderak udaletxearen balkoian egon behar lukeela herriaren borondatez». Valdiviesok nabarmendu zuen, eskalatzaileak direnez, esperientzia handia dutela eta ekintzaren segurtasuna ondo kalkulatu zutela: «Teknikoki ez genuen pentsatu suziria ezingo zela bota». Eskarmentua duten beste pertsonekin hitz egin zuten: «Suziria bota zitekeen lasai-lasai». Era berean, nabarmendu zuen ikurrina kentzeko operazioa «erraza» zela.

Ildo beretik jo zuen Iñigo Ramallok. Haren esanetan, ez zegoen inongo arriskurik: «Ezinezkoa zen ikurrin hori erortzea. Soka horiek ez dira hausten». Ramallo hogei urtean dabil lan bertikaletan eta Natxo Barriusok, berriz, 25 urte. «Inoiz ez zaigu ezer erori», esan zuen Barriusok. Ikurrina eraikinetik bereizi nahi izan zutela ere gogoratu zuen. Iker Garciak, berriz, aipatu zuen araudiaren arabera suziriak gorantz egin behar duela. Alkatearentzat arazoa bandera zela aipatu zuen. «Helburua ez zen desordenarik eragitea, baizik eta askatasun sinbolo bat presente egotea».

Akusatuek bandera jarri izana onartu ostean, fiskalak bere lekuko gehienak atzera bota zituen. Alta, udaltzain batek deklaratu zuen, baina bere nortasuna eta aurpegia ezkutatuta. Poliziak onartu du erabilitako soka segurua zela.

Ondoren, Jagoba Manterola Argazki Presseko argazkilariak deklaratu zuen, eta nabamendu zuen ikurrina eskegi ostean,ez zegoela «ez tentsiorik ez jende-olderik», nahiz eta plazan zeuden pertsona askok «ez zuten ulertzen zer gertatzen ari zen». Manterolaren esanetan, bere argazkiak «oso geldiak» dira, eta ez da indarkeriarik antzematen: «Ez nuen arriskurik ikusi plazan, bideoko irudiak geldirik daude, eta ni neu ez ninduten bultzatzen. Espazioa zegoen, eta mugikortasuna». Argazkilariak aipatu zuen txupinazo aurreko ohiko jai giroa zegoela plazan.

Arangurenen lekukotza

Ondoren, Eva Aranguren Bilduko hautetsiak bere lekukotza eman zuen. Aranguren, gainerako udal taldeetako ordezkarien modura, udaletxe barruan zegoen une hartan, eta azpimarratu zuen txupinazoaren atzerapena «arrazoi politikoen ondorioz» izan zela erabakia. «Une hartan, ez zen aipamen zehatzik egin ikurrinak eragindako arazo teknikoei buruz. Egun hartan ez zen hitz egin arriskuaz, ez nuen hitz bakar bat entzun, baina bai egon zen asaldura politikoa». Arangurenen arabera, balkoietan zeuden hainbat pertsonek ikurrina ikusi zutenean Bilduko hautetsiak iraindu zituzten.

Pedro Mari Rekarte Iruñeko Udaleko segurtasun teknikariak hitz egin zuen azkenekoz. 2012an txupinazoan hartu beharreko neurrien inguruko txosten bat egin zuen, eta ondorioztatu zuen ekitaldia berez dela arriskutsua. «Garapen normala baldintzatu dezakeen edozein ekintzak arriskua sor dezake». Haren esanetan, plazan metro koadroko lau pertsona egon daitezke, eta «arriskutsua» da izua eragin dezakeen edozein mugimendu. Hala ere, onartu zuen ikurrinak ez lukeela plaza hustea oztopatuko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostiako Renferen geltokia. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste geltoki bat aldiriko trenen transferentziaren lokarria askatzeko

Xabier Martin

Laster egingo dute Gasteizek eta Madrilek aldiriko trenen eskuduntza gerturatuko lukeen bilera

Beatriz Artolazabal eta Ramiro Gonzalez, gaur, Gasteizen ©L. Rico / Efe

Gasteizerako proiektu «kontinuista eta berritzailea» gidatuko duela esan du Artolazabalek

Edurne Begiristain

EAJren Arabako Lurralde Batzarrak Arabako hiru barrutietarako hautagaiak berretsi ditu gaur. EH Bilduk oniritzia eman die Arabako zortzi udalerrietako zerrendaburuei, eta Ahal Dugu-k hiriburuetako hautagaiak aurkeztu ditu.

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Senpereko herriko etxeko oposizioak ere dimititu egin du

Arantxa Iraola

Urrian hautetsi hainbatek utzi zuten kargua, auzapezaren kudeaketa ereduarekin kritiko

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.