Albistea entzun

Presoek auzitara joko dute sakabanaketa amaitu dadila eskatzeko

Nork bere espetxean egindako eskaerek ezezkoa jaso ondoren, bide judizialari heltzea erabaki dute EPPK-ko kideek.

Eskubideak urratzen ari zaizkiela argudiatuta ari dira salaketak aurkezten
EPPK-k hartutako bidea babesteko bitartekariek preso ohiekin urtarrilean egin zuten agerraldia.
EPPK-k hartutako bidea babesteko bitartekariek preso ohiekin urtarrilean egin zuten agerraldia. MARISOL RAMIREZ / ARP

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko azaroak 14

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) iazko abenduan iragarri zuen sakabanaketa amaitzeko erronkari helduko ziola, «etxeratzeko» bidean egin beharreko lehen pauso gisara. Bide horretan indar berezia egingo zuela jakinarazi zuen, eta legeak ahalbidetzen dituen «zirrikituak» baliatuko zituela hartarako. Martxoan hasi zen urrats praktikoak egiten: preso bakoitzak zegoen espetxeko arduradunari helarazi zion espetxez aldatu eta Euskal Herrira eramateko eskaera. Eskakizun gehienek, ordea, ezezko erantzuna jaso dute. Gainontzekoek ez dute erantzunik jaso ere egin. Eta presoek beste zirrikitu bat bilatzea erabaki dute: sakabanaketa ezarriz eskubideak urratzen ari zaizkiela argudiatuta, euren egoera auzitegietan salatzea erabaki dute. Abokatuek gaur goizean emango dute ekinaldiaren berri zehatza, hedabideen aurrean.

Auzitegi Nazionalera

EPPK-ko kideak hasita daude kexak aurkezten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegian salaketak egiten hasi dira, banaka. Nork bere egoeraren berri ematen duen idazkiak egiten ari dira. Sakabanaketak bakoitzari zertan eragin dion eta zein eskubide urratu dizkion azalduko dute idazkietan, eta urraketa egoera amaitzeko, sakabanaketa amaitzeko eskatuko dute. Jose Luis de Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako epaileak aztertu beharko ditu salaketak, banan-banan.

Presoen kolektiboko kideek martxoa eta ekaina bitartean lehen eskaerak egin zituztenean, nork bere espetxeko arduradunari eman zion sakabanaketak norbere inguruari eragindako kalteen berri, etxetik ehunka kilometrora ezarritako destinoa ez zela egokiena argudiatu eta etxetik gertueneko kartzelara eramateko proposatuz. Espetxeetako arduradunek proposamen horiei muzin egin dietenez, giza eskubideak bermatzeko betebeharra duten organoetara jotzea erabaki dute: auzitegietara.

Oraingoz, 50 bat presok hartuko dute bide hori, eta litekeena da, aurrerago, gehiagok ere hartzea. Kontuan hartu behar da EPPK-ko kideek eskaerak kartzeletan egin zituztenean ere txandaka aurkeztu zituztela proposamenak: gaixotasun larriak dituztenek eta 70 urtetik gorakoek zabaldu zuten bidea; EPPKren zuzendaritzarena eta kartzelan hogei urtetik gora daramatenena izan zen bigarren txanda; eta, ondoren, presondegian zeramaten denboraren arabera antolatu ziren eskaerak egiteko txandak.

Oso gaixo egonik kalean izan behar luketen presoek ezezkoak jasotzen hasi zirenean, helegiteak aurkeztuko zituztela eta «azken instantziaraino» joateko prest zeudela ohartarazi zuten abokatuek, eta ez zuten baztertu Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiraino joatea.

Sustatu beharreko bidea

Radio Euskadi irratiak zabaldu zuen, atzo goizean, Iñaki Goioaga eta Haizea Ziluaga abokatuek gaur goizean emango duten albistea. Eta aurrerapenak lehen erreakzioak eragin zituen; balorazio baikorrak.

«Konfirmatuko balitz, urrats positiboa izango litzateke» presoek auzitara jotzea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen hitzetan; «aurrerapausoa, EPPK-k duela hilabeteak hartu zituen konpromisoen bidean». Banakako eskaeren bidea egokia dela iruditzen zaio Erkorekari, eta, albistea sakonago aztertu beharra duela ohartarazi zuen arren, ona izan zen lehen kolpean jaso zuen inpresioa.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, ona da presoek gerturatzeko eskaera «judizializatzea». Are, EPPKren urratsak babestu eta laguntzeko deia egin du Arzuagak; bai konponbiderako «prozesu demokratikoa» gauzatzeko, bai «oraindik euskal presoek bizi baldintza gogorrak humanizatzeko» ere. Gauzak horrela, kolektiboaren ekinaldia babesteko deia egin dio «eremu politikoari».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko eleduna Arabako Batzar Nagusietan ©Jaizki Fontaneda/ Foku

Arabako EH Bilduk elkarlanerako eskua luzatu dio foru gobernuari

Edurne Begiristain

«Norabide aldaketa» aldarrikatu du Kike Fernadez de Pinedo eledunak, eragile sozial eta politikoekin akordioa oinarri hartuta.

Soraya Morla hautagaitzaren aurkezpenean, atzo goizean. ©BERRIA

Indar ezkertiarrekin itunak sustatzeko asmoz aurkeztu da Morla PSEko gidaritzara

Javi West Larrañaga

Basauriko zinegotzi ohiak alderdiaren «esentzia sozialista» berpizteko asmoz aurkeztu du bere burua idazkaritza nagusi izateko hautagai gisa

Naia Zuriarrain tortura lekukotza

Psikologoek sinesgarritasuna eman diete Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen tortura testigantzei

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Olatz Barrenetxea eta Haizea de la Llosa psikologoek 13/13ko auzipetuei Istanbulgo Protokoloa nola aplikatu zieten azaldu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Urriaren 29an segituko du epaiketak.

'Txiki'-ri egindako omenaldia, gaur, Zarautzen. ©Aritz Loiola / FOKU

Eskubide, biktima eta memoria «guztiak» aldarrikatu ditu Sortuk

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Memoria elkarteek eta senideek omenaldiak egin dizkiete Txiki eta Otaegiri, Zarautzen eta Nuarben. Kontakizun «inklusiboa» eskatu du Sortuk, Euskal Herrian «elkarbizitza demokratikoa» eraikitzeko. Protestak eginen dituzte iluntzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.