Zer den legezko, eta zer zilegi

Erabakitzeko eskubidearen legezkotasuaz eta legitimitateaz eztabaidatu dute zenbait adituk EHUn.

Kataluniako Diplocat diplomaziarako kontseiluak antolatu du mahai ingurua
Alba Nogueira, Mario Zubiaga, Jordi Sole, Jule Goikoetxea, Josep Maria Vilajosana eta Ramon Cotarelo, atzo, Leioan.
Alba Nogueira, Mario Zubiaga, Jordi Sole, Jule Goikoetxea, Josep Maria Vilajosana eta Ramon Cotarelo, atzo, Leioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2016ko otsailak 9

Zer gertatzen da legeak jasotzen duena eta herritarrek nahi dutena bat etortzen ez direnean? Legezko denak eta zilegi denak talka egiten dutenean, zein da nagusi? Erabakitzeko eskubidean oin hartuta, horretaz aritu dira zuzenbidean eta zientzia politikoetan aditu diren lau hizlari EHUren Komunikazio eta Gizarte Zientzietako fakultatean, Leioan (Bizkaia), Erabakitzeko eskubidea: legalitatea eta legitimitate demokratikoa izeneko mahai inguruan, eta denak etorri dira bat: legea ezin da aitzakia izan legitimitate demokratikoa ukatzeko.

Espainiako UNEDeko Soziologia eta Zientzia Politikoetako fakultateko katedradun Ramon Cotarelok esan du legezkotasunaren eta legitimitarearen arteko talka hori ez dela berria. Aitzitik, tentsio horrek ahalbidetu du gizarteen aurrerabidea: «Dena legean egongo balitz, gizakiak bere nahi eta asmoak legeak baimentzen duenaren baitan utzi izan balitu, oraindik Neolitoan egongo litzateke», esan du.

Tentsio hori emankorra suerta dadin, legezkotasunaren eta legitimitatearen arteko etengabeko elkarrizketa egon behar du, Cotareloren esanetan. Eta erantsi du gehiengoaren borondateak ematen diola legitimitatea arauari, baina dena ez dela aritmetika hutsa: «Gutxiengoek gehiengo bilakatzeko tresnak eduki behar dituzte eskura», esan du.

Arlo teorikoa albo batera utzita, Kataluniako kasuaz jardun du Cotarelok, eta esan du autodeterminazio eskubidea Espainiako konstituzioan ez agertzea ez dela ezeren berme: «Eskubideak ez dituzte legeek asmatu; legeek aintzat hartu dituzte eskubideak lehenagotik zeudelako». Iragarri du «lehenago edo geroago» bi legeriek, Espainiakoak eta Kataluniakoak, talka egingo dutela, «eta orduan nazioarteko bitartekaritzaren unea izango da».

Nazioek iraun ahal izateko beren buruari tresnak, egiturak eta instituzioak ematen dizkioneko prozesuaz aritu da EHUko irakasle Jule Goikoetxea. «Estatu bat hura osatzen duten nazioen eskakizunak integratzeko gai ez bada, estatu hori ez da nazioena, arrotz bilakatzen da», esan du. Haren ustez, hori ari da gertatzen Europako prozesu independentistetan: nazioek «subjektu politiko bilakatzen dituen guztiaz» erabaki nahi dute, «beraien estatua eduki, beraien demokrazia eraiki ahal izateko».

Alba Nogueira Santiagoko (Galizia) unibertsitateko irakasleak esan du 2010etik areagotu direla Espainian birzentralizazio saioak, eta Katalunian ezin dela «kontagailua hutsean jarri» eta 2006ko arora itzuli «ezer gertatu ez balitz bezala». Daborduko gehiengoaren nahia ordezkatzen ez duen legezkotasunetik legitimitatea izango duen legeriara igarotzeko moduak aztertu behar dira, eta, haren ustez, horretaz «eredugarria» izaten ari da Kataluniako prozesua.

Kataluniako Pompeu Fabra unibertsitateko katedradun Josep Maria Vilajosana bat etorri da legezkotasunaren eta legitimitatearen inguruko auziaz, baina esan du «arlo juridikoaren bataila» ezin dela galdutzat eman: «Nik uste dut argudio juridikoak daudela esateko Espainiako konstituzioak ez duela Katalunian galdeketa egitea galarazten», esan du. Onartu du Espainiaren bananezintasuna printzipio gisa jasotzen duela, baina «printzipio demokratikoa» ere.

Diplocat Kataluniako diplomazia kontseiluak antolatu du mahai ingurua. Horren izenean, Generalitateko Kanpo Auzietarako idazkari Jordi Solek esan du Kataluniak jarraituko duela kanpo politika egiten, «beharrezkoa delako eta legezkoa delako».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

18 kasatzeman dituzt azken ordueta Zangozan. ©Iñigo Uriz/FOKU

Beste neurri batzuk hartuko dituzte Zangozan

Berria

Azken orduetan, 18 positibo atzeman dituzte han. Hego Euskal Herrian, 234 positibo izan dira.

Karpak jarri dituzt basurto ospitalearen kanpoaldean, PCR probak egiteko. ©Javier Zorrilla/EFE

PCR proba egitera deitu ditu Jaurlaritzak Bilboko Fever diskotekan eta Erandiogoikoko batzokian egon zirenak

Berria

Bihar goizean hasiko dira testak egiten. Diskotekarekin lotutakoei, Basurtuko ospitalean, eta batzokian izandakoei, Urdulizkoan.

Kaltzda Zahar eguneko zenroa, Bizkaian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Eguneko zentroak irekiko dituzte gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Zahar etxeetako murrizketek abuztuaren 9ra arte jarraituko dute indarrean.

Hiru pertsona maskara jantzita ©Jon Urbe / FOKU

Gazte Kontseiluak sare sozialetan kanpaina bat hasi du maskarak erabiltzera deitzeko

Aloña Beraza Peña

Bi bideo egin dituzte eta sare sozialetan, telebistan eta komunikabideetan zabalduko dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna