Noiz sortua: 2016-11-03 00:30:00

«Beldurra ere indarkeria da»

Espazio publikoari beldur izatea transmititzen zaie emakumeei, ikerlan batean ondorioztatu dutenez. Indarkeriatzat jo dute egileek, askatasuna mugatzen duelako, besteak beste
Bi emakumezko, Basauriko tren geltokitik gertu zegoen pasabidean, 2002an.
Bi emakumezko, Basauriko tren geltokitik gertu zegoen pasabidean, 2002an. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2016ko azaroak 3
Generoak eragin zuzena du beldurrean. Hala ondorioztatu dute emakumeek espazio publikoan duten beldurraren inguruko ikerketa batean. Neskek mutilek baino arriskutsuago sentitzen dute espazio publikoa, eta horrek murriztu egiten die askatasuna. Hau da, kalearen bizipen mugatuagoa dute emakumeek. «Beldurra emakumeen aurkako indarkeriaren beste forma bat da», esan du ikerlanaren egileetako batek, Maria Rodo de Zaratek.

Espazio publikoari beldurra izatearen zergatiak eta horren ondorioak aztertu ditu Rodok, Jordi Estivill i Casanyrekin batera, Emakunderen laguntzaz. Horretarako, 15 eta 26 urte arteko 70 gazte elkarrizketatu dituzte, neskak eta mutilak. Elkarrizketetan, ondorioztatu dute espazio publikoari beldurra izatea transmititzen zaiela emakumezkoei, eta horrek zuzenean eragiten duela haien askatasunean. Hots, askatasuna mugatzen die.

Beldurraren transmisioa hainbat modutan gertatzen dela zehaztu du Rodok: familian jartzen dizkieten mugak, etxean esaten dizkieten gauzak, gizartetik jasotzen dituzten mezuak... Ildo horretan, bi jokabide kontrajarri salatu ditu: batetik, espazio publikoa arriskutsua dela esaten diete neskei, eta, horrekin batera, eskatzen diete ez dezatela «probokatu»; bestetik, mutilei ez diete helarazten «indarkeria errotik prebenitu ahal izateko» mezurik.

Beldurraren kontrako bidea

Gazteekin izaniko elkarrizketetan, beldurra denena dela ondorioztatu dute: emakumeek zein gizoneek beldurra dute, eta batzuek zein besteek gizonei diete beldurra. Neskak gehiegikerien beldur dira, baita sexu erasoen eta bortxaketen beldur; mutilak, lapurreta eta eraso fisikoen beldur.

Beldur horiek, ordea, bilakaera bat dute urteak bete ahala. Ikertzaileek antzeman dute 15 urteko neskek ez dutela beldur handirik, baina urteak bete ahala garatzen dela. «Elkarrizketatutako neska batek hausnartu zuen emakume sentitzen hasten zarenean zure sexualitatea deskubritzen hasten zarela, eta orduan pentsatzen duzula mutilak erakar ditzakezula», azaldu du Rodok. Mutilek kontrako bidea egiten dute; 15 urterekin beldurra dute, baina, rol maskulinoa barneratu ahala, beldur gutxiago izaten dute gero.

Emakumeei transmititutako beldur hori, gehienbat, espazio publikoari begira gertatzen da: publikoa arriskutsuagotzat jotzen dute pribatua baino. Ideia hori paradoxikoa dela zehaztu du Rodok: «Emakumeek diote beldur handiena kaleari, baina ez dira han eraso gehien sufritzen dituztenak; aldiz, eremu pribatuan indarkeria handia jasaten dute, pertsona ezagunen partetik».

Ikertzaileek paradoxa hori baliatu dute emakumeei transmititutako beldurraren ondorioa laburbiltzeko: «Egungo egoera betikotzea». Beldurrak baldintzatu egiten ditu emakumezkoen mugimenduak, eta, ondorioz, «diskriminatzailea da berez». Halaber, eremu pribatuan gertatzen diren indarkeriak ikusezin bihurtzen laguntzen dute. «Etxearen defentsa eta bertako gatazkei garrantzia kentzea egoera betikotzeko gakoetako bat da».

Kontzientzia feministak beldurraren pertzepzioan zer eragin duen aztertu dute ikerlanean. Bildutako datuen arabera, kontzientzia feministak ez du eragiten sentitutako beldurrean; bai, ordea, izu hori ulertu eta horren inguruan erantzuteko moduan. «Mugimendu feministaren partetik abiarazitako ekinaldietan ahalmen handia dago gizarte eraldatzeko».

Kaleko jazarpenari aurre

Beldurraren dinamikari mugak jartzeko, lehenik eta behin, kaleko jazarpenari aurre egiteko neurriak proposatu dituzte ikertzaileek: Kaleko Erasoen Behatokia sortzea, taldean egindako salaketak sustatzea, teknologia berrien erabilera, kontzientzia hartzeko kanpainak... Beldurrari aurre egiteko neurriak ere proposatu dituzte, eta, hein batean, orain arte egindako lana aintzat hartu: autodefentsa tailerrak, hirigintza ikuspuntua zaindu... Horrez gain, beldurrari aurre egiteko estrategiak ere proposatu dituzte, gizabanakoentzat zein taldeentzat.

Gizonezkoei ere iradokizunak egin dizkie ikerketan: gatazken ebazpena lantzea, indarkeriara jo gabe; enpatiak sorrarazitako ezinegonak baliatzea jokabide eraldatzaileak sustatzeko...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna