Noiz sortua: 2016-11-17 00:30:00

Beste lagun bat bidali dute espetxera Altsasuko liskarraren ondorioz

Bere borondatez deklaratzera aurkeztu zen arren, «ihes egiteko arriskua» dagoela uste du epaileak. Akusatutako guztiek identifikazio saioa izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean
JESÚS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2016ko azaroak 17
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak agindu du Altsasuko (Nafarroa) liskarra dela-eta beren kabuz deklaratzera aurkezturiko bi gazteetatik bat espetxera bidaltzea. Joan den astelehenean aurkeztu ziren Auzitegi Nazionalean Adur Ramirez de Alda eta Aritz Urdangarin, euren borondatez, baina atzo arte ez dute deklaratzerik izan. Deklarazioak entzun ostean, Lamelak erabaki du Urdangarin aske uztea, karguekin eta astean birritan epailearen aurrean agertzeko aginduarekin, eta Ramirez de Alda espetxera bidaltzea. Dagoeneko zazpi dira Altsasuko auzia dela-eta espetxeratutakoak. Bere autoan «ihes egiteko arriskua» aipatu du Lamela epaileak espetxeratzea argudiatzeko, nahiz eta Ramirez de Alda bere borondatez agertu haren aurrean.

Ramirez de Alda eta Urdangarini deklarazioa hartu aurretik, Altsasun bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egiteaz akusatutako hamar lagunek identifikazio saioa izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Carmen Lamela epaileak astelehenean espetxera bidalitako sei gazteak, baldintzapean aske utzitako biak eta beren kabuz deklaratzera aurkezturiko beste biak ustez erasoa pairatu zuten guardia zibilen aurrean agertu dira, auziarekin inolako zerikusik ez duten beste zenbait pertsonarekin batera nahasian, eta guardia zibilak saiatu dira eraso egin zietenak haien artean ba ote zeuden berresten.

Matute: «Basakeria da»

Oskar Matute eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen ordezkariak ere egon dira Auzitegi Nazionalean, auzipetuei babesa eskaintzeko. Matutek esan duenez, «proportziorik gabea» eta «basakeria» da auzipetuei terrorismo delitua egotzi nahi izatea. Matuteren ustez, Espainian demokrazia «agintarien interesen eta legeak bihurritzeko gaitasunaren menpe» dago; horri esker, «munduko beste inongo lekutan terrorismotzat joko ez lituzketen gertaerak terrorismo gisa hartzeko aukera» dago, EH Bilduren diputatuaren esanetan.

Matuteren ustez, atxiloketa hauek badute beste helburu bat: «eztabaida saihestea» eta arreta desbideratzea, Euskal Herria «polizia gehien duen Europako herrialdea» dela ezkutatuz. «Garaiotan zaila da horri azalpenik aurkitzea, eta, horregatik, gure lurraldearen desmilitarizazioari buruzko eztabaida gerta ez dadin lortu nahi dute horrelakoekin», salatu du.

Eleak mugimenduak ere deitoratu du Altsasuko aferaren inguruan gertaturikoa eta «salbuespen neurrien kateatze zoroa»: Altsasuko «okupazio militarra», hedabide eta politikarien «jazarpena», atxiloketak, «euren borondatez deklaratzera aurkeztu ziren gazteen espetxeratzea ihes egiteko arriskua dela eta», Ospa mugimenduaren eta Ahotsa.info atariaren «kriminalizazioa» eta abar.

Eleak mugimenduak gogoratu du duela bost urtetik hona «estatuena eta bestelako administrazioena» dela «Euskal Herrian dagoen ageriko indarkeria politiko antolatu bakarra», eta ez dela nahikoa «gatazka armatuaren urteetan salbuespen politikak ezartzeko garatu ziren bitartekoak ez aplikatzearekin edo horiek malgutzearekin».

Horregatik, lege antiterroristak, inkomunikazioa eta bestelako «salbuespen neurriak» desagertzearen alde egiten du Eleak mugimenduak, eta hor kokatzen du Guardia Zibilak Euskal Herritik alde egiteko eskakizuna, «absurdoa baita otsoa barazki jale bihurtu nahi izatea». «Elkarbizitza errespetuzkoa ez bada, hobe nor bere aldetik», ondorioztatu du Eleak-ek.

Sortuk ere salatu du Altsasun gertaturiko «razzia frankista». Bat egin du operazioa salatu duten eragile guztiekin, eta espetxeratuen «berehalako kaleratzea» eta «desmilitarizazioaren aldeko mugimendua kriminalizatzeko asmoz» zabalduriko sumarioa ixteko eskatu dute.

Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek bilera izan du Altsasuko alkate Javier Ollorekin, eta aukera baliatu du «elkartasuna eta babesa» adierazteko Altsasuko gizarteari.

Kongresuaren adierazpena

Espainiako Kongresuak Altsasuko auziaren inguruan egindako adierazpen instituzionala bertan behera uzteko eskatu dute EH Bildu eta ERCko diputatuek, eta idazki bat aurkeztu dute Kongresuaren erregistroan eskaera horrekin.

Orain arte, horrelako adierazpen instituzional bat egiteko beharrezkoa izaten zen erabakia aho batez hartzea. Ez zen hori Altsasuko auziari buruzko adierazpenaren kasua, EH Bildu eta ERCren kontrako botoak eta Kataluniako PDECren abstentzioa izan baitzituen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna