Albistea entzun

Sexu abusuak Eliza katolikoan

Kasuari sinesgarritasuna eman dio Munillak, eta salatzera dei egin du

Sexu abusuak «azaleratzeko» deia egin du Donostiako Elizbarrutiko gotzainak: «Egia ona da guztiontzat». Mendizabalen aurkako neurri gehiago hartu ditu azken kasuaren ostean
Jose Ignacio Munilla, Donostiako Elizbarrutiko gotzaina, atzo, hedabideen aurrean egindako agerraldian.
Jose Ignacio Munilla, Donostiako Elizbarrutiko gotzaina, atzo, hedabideen aurrean egindako agerraldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2017ko urtarrilak 13

Gehiago izan daitezke sexu abusuak, eta horiek «azaleratu» egin behar dira. Mezu hori eman zuen atzo Donostiako Elizbarrutiko gotzainak, Jose Ignacio Munillak, Juan Kruz Mendizabal apaizaren kasuan salaketa gehiago daudela jakinda. Azkenari, gaur BERRIAk dakarrenari, sinesgarritasuna eman dio apezpikuak, eta neurri gehiago hartu ditu apaizaren aurka; besteak beste, monasterio batean ixteko agindu du. Ezkutuan egon daitezkeen abusuak azaleratzeko «aukera paregabea» da oraingoa, haren esanetan. «Egia ona da denontzat». Ohartarazi du sexu abusuei buruz «gogoeta sakona» egin behar dutela Elizan.

Presako agerraldi bat egin zuen atzo arratsaldean Munilla gotzainak Donostian. Goizean bulegoan hartua zuen Mendizabalen abusuak salatu dituen azken gizona, eta jakinaren gainean zen BERRIAk horren berri emango zuela gaur. «Gertakariak gainera etorri zaizkigu», aitortu zuen. Apezpikuak kazetarien aurrean azaldu zuen gizonak «zehaztasun handiz» kontatu zizkiola Mendizabalen abusuak, eta «egiantzekotasun handia» duela haren testigantzak.

Hori ikusita, apaizaren aurkako neurri gehiago hartzea erabaki du. Lehen zeuzkanez gain —Elizako epaian ezarriak—, behin-behineko gehiago jarri dizkio: monasterio batean egongo da, eta ezingo du umeekin erlaziorik eduki pertsona heldu bat aurrean ez bada.

Hiru kasu, eta bat airean

Gaur-gaurkoz honela dago Mendizabal apaizaren kasua. Batetik, jada Elizan epaitutako auzia, bi gaztek 2001ean eta 2005ean jasandako erasoena; gotzaindegiaren arabera, apaizak aitortu zuen bi umeez abusatu izana, eta hiru urteko zigorra dauka. Bestetik, bi gazte horiek asteon plazaratutako gutunean aipatutako kasua: adierazi dute «beste kasu posible baten» berri jakin dutela, eta horregatik erabaki dutela ezagutaraztea beren testigantza. Gotzainak esan du eskutitzean aipatutako biktimarekin ezin izan dela harremanetan jarri oraindik, baina daukan informazioa bidali diola fiskalari. Hirugarrenik, gaur BERRIAk dakarren kasua: 1994an Mendizabalek abusatu zuela kontatu du gizon batek. Azken kasu horren berri fiskaltzari eman dio Munillak berak; Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuarekin egon da.

Ez zuen berdin jokatu lehenbiziko salaketa egin zuten bi gazteekin. Horri buruz galdetuta, gotzainak erantzun du gazteek eurek eskatu ziotela gaia isilean edukitzeko —hala esan dute gazteek gutunean: eurena «kasu isolatua» zelakoan, «ahalik eta diskretuena» eraman nahi zutela—. Izatez, ez zuten jakinarazpenik egin jendaurrean; gotzainak orain azaldu du uztailean jaso zuela Elizaren zigorra Mendizabal bikario ohiak. Ez zuten horren berri eman, eta, are, esan zuten «urte sabatikoa» hartu zuela Mendizabalek. Galdera eginda, Munillak erantzun du apaizak esan zuela hori.

Denbora honetan guztian, kasua jendaurrera atera gabe zegoela, itxuraz bizitza normala egin du Mendizabalek —Elizan zituen mugak kenduta—. Izatez, Eguberri aurretik harekin egindako elkarrizketa bat kaleratzekoa du gaur Puntua aldizkariak. Sexu abusuei buruz mintzo da apaiza: «Uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez diola behar bezala heldu». Urruneko adibideak jarri ditu sexu abusuen inguruan: «Guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen». Elkarrizketa egin zutenerako, zigortua zegoen apaiza.

Gazteen aldaketari esker

Isilean zegoen kasua, harik eta bi gazteek iritzia aldatu zuten arte. Eguberrietan gertatu da, gotzainaren esanetan. Mendizabalek gaztetxo gehiagori eraso ote zien jakin zuten bi gazteek, eta beren kasua jendaurrera ateratzea erabaki zuten, «ezkutuan dauden biktima posibleak argitara atera daitezen» —hori diote gutunean—. Behin gazteek hori egingo zutela jakinda, gotzaindegiak ere ohar bat ateratzea erabaki zuen. Astearte arratsaldean atera zuen. Zer asmo zuen galdetuta, argi aitortu du gotzainak: gazteek iritzia aldatu izan ez balute, gotzaindegiak isilik gordeko zuen gaia —«isil-gordean ibiltzeko eskatu ziguten»—.

Mendizabal eliz zuzenbidearen arabera epaitu izana defenditu du Munillak. Batetik, azaldu du ohiko justiziarekin bateragarria dela Elizarena, eta, bestetik, delituen iraungitze datak luzeagoak direla. Izatez, orain arteko datuen arabera, litekeena da ohiko justizian apaiza epaitu ezin izatea, delituak iraungita leudekeelako. Diligentziak zabaldu ditu fiskalak, halere.

Munillak «barkamena» eskatu du abusuengatik: «Ez dut etsiko adingabeen aurka egindako abusu guztiak justiziaz eta zuzentasunez tratatzeko nire ahaleginean». Abusuen gaiari gizarte gisara heltzeko ere eskatu du: «Inor ez dago libre arazo honetatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Txertaketaren aurreko urratsak

Txertaketaren aurreko urratsak

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Txertoak jarriko diren gunera eraman aurretik, Hernaniko Bexen Medical Oiarsok gordetzen ditu Pfizerren dosiak, ultraizozkailuetan, eta enpresa arduratzen da desizozteaz ere. Kontrol zorrotza eskatzen du prozesuak; era berean, ezinbestekoa da une oro tenperatura egokiari eustea.

Zarauzko moila zulatuta, iazko otsaileko denboralearen ondorioz. Golkoko itsaslasterra ahultzeak halako fenomeno bortitz gehiago eragingo dituela adierazi dute. ©FOKU

Euskal Herria epeltzen duen ur lasterra ez da egon horren ahul mila urtean

Edu Lartzanguren

Alemaniako, Erresuma Batuko eta Irlandako zientzialari talde batek Golkoko itsalasterraren azken 1.600 urteko historia berreraiki du. Ikertzaileek uste dute litekeena dela neguko ekaitza bortitzagoak ekartzea itsaslasterra ahultzeak.

Egunean 560.000 musuko egiteko gai
Neurriek

Egoiliarren eskubideak eta askatasunak «larriki mugatu» dituztela salatu du Bizkaiko Bioetika Batzordeak

Maria Ortega Zubiate

Bisiten kopurua eta maiztasuna handitzea eta egoiliarren arteko harremanak berriz ezartzea proposatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria