Albistea entzun

«Juridikoki gaindituko dugu sakabanaketa»

Presoen eskubideak bermatzea Espetxe Zaintzaren ardura delako jotzen ari dira harengana EPPK-ko presoak.

Abokatuek esan dute Estrasburgora joko dutela Espainiako auzitegiek arrazoi eman ezean
Haizea Ziluaga eta Iñaki Goioaga abokatuak, atzean zenbait presoren senideak dituztela.
Haizea Ziluaga eta Iñaki Goioaga abokatuak, atzean zenbait presoren senideak dituztela. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2014ko azaroak 15

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek sakabanaketa amaitu nahian abiatu duten ekinaldiari buruz irmo mintzatu dira haien abokatuak; zurrun, eta uste sendoz: «Juridikoki gaindituko dugu sakabanaketa». Erronka horrekin jo dute auzitara, eta bide osoa egiteko prest daudela jakinarazi dute. Hala behar bada, Estrasburgora ere joko dutela, baina sakabanaketa amaituko dutela. «Gaur egun defendaezina da sakabanaketa, juridikoki zein politikoki», adierazi du Iñaki Goioaga abokatuak. «Defendaezina da, ez bada krudelkeria eta mendeku irizpideen pean egiten».

Presoek martxotik aurrera nork bere kartzeletako tratamendu batzordeetan aurkeztu zituzten sakabanaketa amaitzeko eskaerak. Estatuko zein nazioarteko lege, hitzarmen eta epaiak oinarri hartuta, ezartzen ari zaien urruntzea eskubideak urratzen ari zaizkiela ohartarazi zuten, banan-banan egindako txostenetan. Haien egoera pertsonalen berri eman, eta Zaballako espetxera ekar ditzatela eskatu zuten. Jaso dituzten erantzun guztiak ezezkoak izan dira. Abokatuek salatu dutenez, gainera, ez dira erantzun indibidualizatuak izan, behar lukeen moduan. Orokortuak izan dira, eta ezezkoak emateko arrazoiak erabaki politikoek baldintzatuak izan dira; ez diete oinarrizko eskubideei erreparatu ere egin. ETAko kide izateagatik kartzelatu zituztela, ETA ez dela desagertu eta EPPK-ko kide direla esanaz eman diete ezetza.

Erantzun horiek atzean gordetzen duten zio politikoa ikusita, bide horretan aurrera egiten saiatzea antzua litzatekeela iruditzen zaie presoen abokatuei. Eta beste bide bat irekitzea erabaki dute: presoen eskubideak bermatzeko ardura duenarengana jotzea.

Horregatik hautatu dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiko atea, haren betebeharra baita presoen eskubideak betearaztea. Hala egingo ez balu, legeek agintzen diotena urratzen arituko bailitzateke.

Hain zuzen, sakabanaketa zein eskubide urratzen ari zaizkion azalduko du preso bakoitzak auzitegira igorriko duen kexan: defentsarako eskubidea, osasunerakoa, kultura eta hizkuntzarakoa, berdintasunerakoa, eta arrazoi politiko edo ideologikoengatik diskriminatua ez izateko eskubidea, besteak beste. Eskubide horietako bakoitza nola murriztu zaion azalduko du bakoitzak.

Sakabanaketa politikaren bidez Espainiako Gobernua presoen eskubideak urratzen ari dela salatuko dute. «Ez konstituzioa eta ez kartzela legeak ez dira errespetatzen ari», salatu dute Goioaga eta Haizea Ziluaga abokatuek. Hain zuzen, Kartzelaren Lege Organiko Orokorraren arabera, presoek etxetik gertuen dauden kartzeletan egon behar dutela ohartarazi dute. Horixe bera diotela Espainiak sinatu dituen nazioarteko hainbat hitzarmenek ere.

«Presoak ez dira espetxe onurak eskatzen ari; oinarrizko eskubideak eta giza eskubideak errespetatzea besterik ez dira eskatzen ari», azaldu dute abokatuek. Hortaz, interpretazio okerrik ez egiteko galdegin dute. «Zaintza Epaitegiak eskubideak bermatuko baditu, kexak onartu beharko ditu; ukatzen baditu, eskubideak ez dituela errespetatzen erakutsiko du», azaldu du Ziluagak.

Hala, Espainiako Estatuaren beraren izaera jarri dute zalantzan: auzitegiek ematen duten erantzunaren arabera botere banaketa badela erakutsiko dela diote, edo agerian geratuko dela ez dela zuzenbide estaturik.

Ingeniaritza juridikorik ez

Presoen kexuei ezezkoa ematen badiete auzia Estrasburgoraino iritsiko dela ziurtatu dute, bai Europako Giza Eskubideen Auzitegiak eta bai Nazio Batuen Erakundeak azken urteetan Espainiari eman dizkioten abisuez ohartarazita: «Esan dute ingeniaritza juridikoek dagoeneko ez dutela lekurik. Garai hori amaitu dela». Hortaz, «juridikoki irabaztera» doazela ziurtatu dute Goioagak eta Ziluagak, beste abokatu batzuen babesarekin eta eskakizunak Zaintza Epaitegian aurkezten hasi diren zenbait presoren senideen laguntzarekin egindako agerraldian. Bertan izan da, irailean bisita batetik bueltan istripu larria izan zuen Jone Artola ere.

Gaixotasun larriak dituzten, 70 urtetik gorakoak diren eta espetxean 20 urte baino gehiago egin dituzten 50 bat preso hasi dira kexak aurkezten Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta EPPK-ko gainerako presoek ere aurkeztuko dituzte gero. Espainiako presondegietan dituztenek Zaintza Epaitegira joko dute, eta Frantziakoetan dituztenek Zigorrak Bermatzeko epailearengana.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

«Ez da irreala instrukzio epaileak ez auzipetzea»

Ekhi Erremundegi Beloki

Egoitz eta Josu Urrutikoetxearen abokatuak Frantziako Justiziak euskal militanteei eman dien trataera gaitzetsi du, eta prozedurei buruzko argibideak eman ditu.
Beatriz Artolazabal, herenegun, Elgoibarko Memoria Ibilbidearen aurkezpen ekitaldian. ©IREKIA

Artolazabal: «Parot ez da sekula gudari bat izan; hiltzaile odoltsu bat da»

Maddi Ane Txoperena Iribarren Paulo Ostolaza

Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Elgoibarren erraniko hitzek haserrea sortu dute memoria elkarteetan
Francis Gonzalez Bokaleko auzapeza, artxiboko irudi batean ©Isabelle Miquelestorena, IPARLA

Francis Gonzalezek Bokaleko auzapez izaten jarraituko du

Oihane Puertas Ramirez

21 bozengatik nagusitu zaio Dominique Lavigneri. 2020ko ekaineko bozak ezeztatu ondoren egin dituzte hauteskundeak.

Maria Txibite PSNko idazkari nagusia ©Idoia Zabaleta, FOKU

Maria Txibitek PSNko idazkari nagusi izaten jarraituko du

Oihane Puertas Ramirez

2014. urtean «hasitako bidean jarraitzea» du helburu. Urriaren 23an PSNko zuzendaritza berria berretsiko dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Aitziber Laskibar Lizarribar

Informazio osagarria