Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Desarmatzea: NEB oinarri, euskal gizartea eta erakundeak sostengu

Publizitatea

Politika

Desarmatzea: NEB oinarri, euskal gizartea eta erakundeak sostengu

ETAren armagabetze «adostu, ordenatu eta nazioarteak egiaztatua» bultzatzeko txostena aurkeztu du Foro Sozial Iraunkorrak, euskal erakunde, alderdi eta eragileekin bildu ostean
Foro Sozial Iraunkorreko kideak Aieten, iazko urrian, ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri zueneko bosgarren urteurrenean.
Argazkia: JON URBE / ARGAZKI PRESS

2017-02-17 / Hodei Iruretagoiena

«Behin inbentarioa amaituta, [ETAren] armategiaren suntsiketa prozesuak monitoretza edo egiaztatze batzorde bat eskatzen du, Nazioarteko Egiaztatze Batzordean oinarrituta, eta euskal erakundeen, jendarte zibilaren eta nazioarteko komunitatearen sostengua izango duena». Halaxe proposatu du Foro Sozial Iraunkorrak Armagabetze adostu, ordenatu eta nazioarteak egiaztatuaren alde izeneko txostenean. ETAren armagabetze prozesuan 2011tik aurrera egindako bidea aztertu, eta irizpide eta proposamen zehatzak egin dituzte. Arma, lehergai eta munizioak erabilera operatibotik kanpo uzteko eta inbentarioa egiteko ETAk NBE Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin hartutako konpromisoak bete ondoren, nabarmendu dute orain armategien «suntsitze prozesuari» ekiteko ordua dela.

Ez da hutsetik egindako proposamena. Foro Sozial Iraunkorreko kideek jakinarazi dute «goi mailako bilerak» egin dituztela zenbait eragilerekin, Nafarroako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta EAEko eta Nafarroako legebiltzarretan ordezkaritza duten alderdi guztiekin —PPrekin eta UPNrekin izan ezik—. ETAren ordezkari David Plarekin ere eskatu zuten bilkura, baina ukatu egin zieten —Pla 2015eko irailean atxilotu zuten Baigorrin (Nafarroa Beherea), eta Frantzian dute preso geroztik—. Ondorio baikorrak atera dituzte: «Eragile guztien artean adostasuna dago armategien desegitearen bitartez ETAren armagabetze osoari dagokionez». Prozesua «arrazoizko epe batean», egutegi adostu batekin, eta nazioartean egiaztatuta egin behar dela nabarmendu dute.

Horretarako, hainbat neurri proposatu dituzte: EAEko eta Nafarroako erakundeek Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin «lotura mekanismoak» izatea, Ipar Euskal Herriko hautetsiekin ere antzeko batzorde bat osatzea, erakundeen eta gizarteko eragileen arteko bilguneak sortzea, eta Europako eta munduko erakundeei prozesuaren berri ematea.

«Gaur gertuago gaude»

Orain arte aurreratutakoari gainbegiratu bat egiten dio Foro Sozial Iraunkorrak txostenean: 2011ko ETAren adierazpenetik 2013ko aldebakarreko zigilatzeko prozesuaren hasierara, eta 2014ko aurreneko zigilatzea berretsi ondotik 2016ko Luhusoko gertakarietara. «ETAk Iparraldeko gizarte zibileko kideekin trukatutako gutunetan aditzera eman du desarmatzearen bideari heltzeko prest dagoela», nabarmendu dute.

Gogora ekarri dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek jarritako «oztopoak»: NEBko kideak Auzitegi Nazionalera deitzea, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian polizia operazioak egitea, eta gizarte zibileko pertsona esanguratsuen kontra egitea. Baina, adierazi dute zailtasun horien gainetik positibotzat jo beharreko mugarri batzuk egon direla: iazko azaroan ETAk gizarte zibileko kideekin izandako eskutitz trukean esandakoak, 2014an eta 2016an Eusko Jaurlaritzak armagabetzerako egindako proposamenak, iazko abenduan Ipar Euskal Herriko 600 hautetsik argitaratutako gutuna, Hego Euskal Herriko alderdi eta sindikatu ia denek aurkeztutako adierazpena... «Gaur gertuago gaude, arrazoizko epe batean, ETAren arma guztiak suntsitzearen ondorioz, armagabetze osoa burutuko den egunetik. Eta jendarte zibilaren inplikazioa da, hain zuzen, aurrerapen hau ahalbidetzen duena».

Era berean, ontzat jo dituzte nola Iñigo Urkulluk hala Jean-Marc Ayraultek ETAren desarmatzeaz esandakoak.

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena Hodei Iruretagoiena

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak