Albistea entzun

Diru laguntzei eutsiko die EEPk aurten

Euskara sustatzeko, 1,6 milioi euro emango dituzte Euskararen Erakunde Publikoak eta Jaurlaritzak.

Iaz baino 20.000 euro gutxiago ditu Seaskak, 30.000 gehiago AEK-k.

Bederatzi eragile gehiago aurkeztu dira deialdira
Bernadette Soule, Frantxua Maitia, Patxi Baztarrika eta Jorge Gimenez, atzo, Baionan.
Bernadette Soule, Frantxua Maitia, Patxi Baztarrika eta Jorge Gimenez, atzo, Baionan. SYLVAIN SENCRISTO

Nora Arbelbide Mikel P. Ansa -

2014ko uztailak 16

Euskalgintzako eragile nagusiekin dituen hitzarmenak eta euskara pizteko ematen dituen laguntzak iazko hein berean eutsiko dituzte EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak. 1,6 milioi euro banatuko dituzte euskararen transmisioa eta erabilera bermatzeko jardueretarako, iaz banatu zuten kopuru bera. Hitzarmenak dituzten eragileen artean aldaketak badira, ordea: Seaskak iaz baino 20.000 euro gutxiago jasoko ditu (360.000 euro aurten); AEK-k, 30.000 euro gehiago (350.000 euro aurten); Euskal Haziak hezkuntza kristauko sarearen elkarteak, 5.000 euro gutxiago (15.000 euro aurten); Biga Bai sare publikoko guraso elkarteak, 5.000 euro gehiago (20.000 euro aurten); eta Ikas Bi sare publikoko gurasoen elkarteak, 10.000 euro gutxiago (20.000 euro aurten). Euskal Irratiek (285.000 euro), Uda Lekuk (145.000 euro) eta Bertsularien Lagunek (55.000 euro) iazko diru kopuru bera hartuko dute.

Frantxua Maitia EEPko presidenteak eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordeak atzo eman zuten diru funts horien banaketaren berri, Baionan, alboan zituztela Bernadette Soule EEPko zuzendaria eta Jorge Gimenez Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Ikerketa eta Koordinazio zuzendaria. EEPk eta Jaurlaritzak 2007an abiatu zuten euskara bultzatzeko proiektuetarako lankidetza funtsa. Urtez urte berritu dute konpromisoa. Orain sinatua duten akordioak 2016ra arte iraunen du. Iaz Jaurlaritzak 57.000 euro gutxiago eman zituen diru funtsera. Iazko ekarpen bera eginen dute aurten: EEPk 1,2 milioi euro emango ditu, eta Jaurlaritzak, 400.000 euro. Guztira 1,6 milioi banatuko dituzte, beraz.

Diru funts hori, aurreko urteetan bezala, bi ataletan antolatu dute. Batetik, Ipar Euskal Herriko aipatu zortzi eragile nagusiekin hitzarmenak eginen dituzte. Diruaren sail handiena haientzat izanen da: 1,25 milioi euro. Gainerako 350.000 euroak deialdi bidez banatuko dituzte.

56 eragile aurkeztu dira deialdi horretara, 86 proiektu diruz laguntzeko eskatuz. Iaz baino bederatzi eragile gehiagok aurkeztu dute beren burua deialdira, iaz baino 11 proiektu gehiagorekin. Diru laguntzen banaketa erabakitzeko, lau irizpide nagusi aintzat hartuta aztertu dituzte aurkeztu proiektu horiek: eskatzaileak Ipar Euskal Herrian duen «garrantzi estrategikoa»; proiektuak EEPren eta Jaurlaritzaren normalizazio planen helburu eta lan lerroekin duen lotura; proiektuak izan lezakeen eragina; eta proiektuaren autofinantzaketa.

Hedabideetan, urriago

Deialdi bidez banatutako laguntzetan doi bat jaitsi da hedabideentzako diru laguntzen funtsa: 10.000 euro gutxiago jasoko dituzte aurten —iaz %4 gutxitu ziren—. TVPIk izanen du jaitsiera, iaz baino 11.200 euro gutxiago hartuta (32.000 euro aurten). Baigura Communicationek 4.800 euro jaso zituen iaz, eta aurten ez du laguntzarik izanen. Aldiz, Mendililia irratiak 6.000 euroko funts bat jasoko du, egunero euskarazko hitzordu bat egiteko —lehen aldiz izanen du laguntza—. Aldudarrak Bideo proiektuak, Aztibegiak, Errobi Promotionsek, Herria-k, Iparraldeko Hitza-k eta Kazeta.info-k iazko kopuru bera hartuko dute. Guztira, zortzi komunikazio proiektu horientzat 227.600 euro emango dituzte EEPk eta Jaurlaritzak.

Beste era askotako ekintzak ere lagunduko dituzte dealdiarekin. Esaterako, Baionako eta Ziburuko Luma haurtzaindegien lau proiektu lagunduko dituzte, hezkuntzan, 3.514 eurorekin. Helduen euskalduntzeko beste 6.000 euro emanen dituzte. Bizitza sozialean euskara agertzeko 35.575 euro banatuko dituzte. Aisialdian, zirku sormeneko lantegiak, dantza lantegiak, sorkuntza artistikoko lantegiak, eta beste lagunduko dituzte, 29.620 eurorekin. 32 argitalpen egiteko laguntzak ere emanen dituzte: 47.691 euro.

«Baldintza kaskarretan»

Diruen banaketan xeheki sartu gabe ere, azken urteetako diru funtsa ez dela emendatu adierazi du Sebastien Castet-ek, Euskal Konfederazioko kideak: «Euskararen beharrak nabarmentzen dira gero eta egitura gehiagotan, eta EEPk eragile historiko deitzen dituen horiek duten rola ere, baina horiei ere ez zaie laguntza gehiago ematen». Euskalgintzako eragile asko «baldintza kaskarretan» ari direla lanean eta proiektuak zein funtzionamendua segurtatzeko «diru gehiago» behar dela adierazi du Castetek.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Amaitu da Euskaraldia

Ariketa sozialarekin jarraitzera deitu dute

Edurne Begiristain

Aurtengo Euskaraldian 161.099 lagunek eta 6.634 entitatek eman dute izena. Ariketa soziala gizartean «txertatua» dagoela nabarmendu dute
Euskalgintzaren Kontseiluaren manifestazioa Iruñean, merezimenduen dekretuaren kontra. ©Iñigo Uriz, Foku

Hizkuntza eskakizunetan katramilatuta

Julen Aperribai

Izan legedia aldatzeko prozedurengatik, hizkuntza eskubideen kontrako epaiengatik nahiz diskurtso politikoengatik, sarritan euskara hizkuntza eskakizunei lotuta egon da eztabaida publikoan azken ikasturtean. Bada motiborik datorrenean ere hala segiko duela pentsatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.