Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Foruzaingoa epe luzera «buruzagirik gabe» gera litekeela ohartarazi dute

Publizitatea

Politika

Foruzaingoa epe luzera «buruzagirik gabe» gera litekeela ohartarazi dute

Torcuato Muñoz Foruzaingoko buru nagusiaren arabera, aginte postuetan defizita dago, eta postuok hornitzeko arazoak dituzte. Irailean dimisioa eman zuten goi kargudunak ez dituzte zigortuko
Argazkia: IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

2017-01-11 / Joxerra Senar

Blokeo egoeran eta oraingo beharrei erantzuteko baliabiderik gabe dago Foruzaingoa. Atzo, Maria Jose Beaumont Barne kontseilariak eta Torcuato Muñoz Foruzaingoko ordezkariak Poliziaren egiturazko arazoen berri eman zuten parlamentuan. Beaumontek azaldu zuen hamabi urtean ez dela barne araudia aldatu, eta Muñozek gaineratu zuen epe horretan sortu diren unitate berriek ez dutela lege estaldurarik. Era berean, egun aginte katean defizitak daude, eta orain arteko egituran behetik buruzagiak hornitzeko arazoak ditu Foruzaingoak: «Mugitzen hasten ez bagara, zortzi urteren buruan buruzagirik gabe geratuko gara».

Harrigarriki, egiturazko arazo horiek oharkabean igaro dira orain arte, eta iritzi publikoan bestelako gaiek piztu dute arreta: adibidez, irailean Foruzaingoko 30 goi kargudunek iragarritako dimisioak. Gobernuaren ekimenez urrian indarrean sartzekoa zen dekretu baten aurka egin zuten protesta goi kargudun horiek. Atzo, parlamentuan agerraldia egin zuen Beaumontek, Torcuato Muñoz eta Olga Artozki departamenduko idazkariarekin batera. «Garai hartan, komunikabideek erdi egiak edo gezur osoak argitaratu zituzten, eta ulertu nuen garrantzitsua zela hona etortzea errealitatearen berri ematera».

Beaumontek gogora ekarri zuen urrian indarrean sartzekoa zen dekretua «prozesu luze, konplexu eta parte hartzaile baten emaitza» zela. Haren esanetan, oraindik gobernuaren proposamenari alegazioak aurkezteko epea irekita zegoela, bat-batean dimisioa iragarri zuten 30 goi kargudunek, dekretuaren eta 2015ean onartutako legearen aurka protesta egiteko asmoz.

Zigorrik jaso gabe

Azkenean, ezerezean geratu da dena. Dimisioak inoiz ez ziren indarrean sartu, baina 30 buruzagiek ez dute zigorrik jasoko. Azterketa juridiko batek ondorioztatu du ez zutela legea urratu. Olga Artozkik landu du azterketa juridikoa. Haren ustez, ironikoki, aurreko legearen arabera bazegoen aukera goi kargudunak zigortzeko, baina haiek gustuko ez duten legearen arabera, ez: «Protesta egin zuten, eta gizartean alarma eragin. Lehenago, zigortuak izango ziren, eta orain, aldiz, ez».

Haren irudiko, ez zioten uko egin men egiteari edo legea betetzeari, eta, dimisioa iragarri ondotik, «normaltasunez» jarraitu dute lanean. Zigorrik jasoko ez duten arren, Artozkik aurreratu du haietako batzuek izendapen libreko karguak izateari utzi diotela, gobernuaren konfiantza urratu dutelako.

Protestak protesta, arazo sakonagoak ditu Foruzaingoak. UPNren agintaldian, hamabi urtez ez da barne araudia aldatu. Horren ondorioz, Torcuato Muñozen arabera, egungo egitura organikoa «zurruna» da, eta ez diote erantzuten egungo beharrei: «1.800 foruzainez osatutako errealitate baten arabera diseinatu zen egitura, baina foruzain kopurua handitu beharrean, murrizten ari gara». Muñozek gogora ekarri duenez, 2009tik ez da egin lan eskaintza publikoen deialdirik.

Horri lotuta, barne egituran, aginte kateak hornitzeko arazoak ditu Foruzaingoak, Muñozen esanetan. Gaur egun, hainbat goi postutan zuloak daude, eta barne sustapenerako prozesua blokeatuta dago. Batetik, Espainiako Gobernuak 2015eko Foru Poliziaren legearen aurka atal horretan helegitea aurkeztu zuen, eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren zain dago auzia. Bestetik, urteotan guztiotan Espainiako legediak debekatu egin du postuak ordezkatu ahal izatea. Blokeo egoera horri gaineratuz gero aginte katean gora egiteko prozesuek denbora luzea eskatzen dutela-eta, Muñozek ohartarazi du ezer egin ezean «buruzagirik gabe» gera daitekeela Foruzaingoa epe ertainera.

Hartara, urrian indarrean sartutako dekretuaren bidez, «baliabideak arrazionalizatu» eta langileria egungo beharretara egokitzea izan dute asmoa. «Aldaketok malgutasun apur bat ematen digute», zehaztu du Muñozek. Alde batetik, barne egituran egon daitezkeen zuloak azpiko aginte kateekin estali dituzte. Adibidez, Tutera, Lizarra eta Tafallaren aldean, biztanle eta, ondorioz, foruzain gutxiago dituzte Altsasu, Elizondo eta Zangozako komisariek; han, komisario baten ordez, inspektore batek zuzenduko du. Era berean, talde jakin batzuetan, kaboek zuzentzeko aukera jaso dute.

Azalpenok UPN eta PPren kritikak eragin dituzte. UPNko Sergio Sayasek Foruzaingoan «sorgin ehiza» bultzatzea egotzi dio Beaumonti, eta salatu du ez duela oraindik egin 2015eko legea aldatzeko proposamenik. EH Bilduko Adolfo Araizek, berriz, salatu du UPNk urte guztiotan ez duela plan estrategikorik bultzatu eta aurrera begira «polizia administratzaile huts bat» izatera kondenatu duela Foruzaingoa.

Plan estrategikoa, aurki

Horren aurrean, Beaumontek aurreratu du bere departamentua plan estrategiko baten inguruko proposamena lantzen ari dela eta datozen asteetan aurkeztuko duela parlamentuan. «Uste dut parlamentuari dagokiola eztabaidatu eta onartzea». Sayasi, berriz, erantzun dio «apirila baino lehen» 2015eko legea moldatzeko proposamenaren zirriborroa aurkeztuko duela.

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak