Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Euskarara batzeko 2.535 kilometro

Publizitatea

Gizartea

Euskarara batzeko 2.535 kilometro

Taxutu dute 20. Korrikarako ibilbidea: martxoaren 30ean hasiko da Otxandion, eta Iruñean amaituko da apirilaren 9an. 'Batzuk' leloa erabiliko dute, 'bat' eta 'zuk' lotuta: batzeko deia
Infografia: BERRIA

2017-01-10 / Garikoitz Goikoetxea

Herriz herriko mapa prestatu dute. Martxoaren 30ean hasiko du bidea 20. Korrikak, eta apirilaren 9an amaituko du. Bizkaian abiatuko da lasterraldia, Otxandion, eta Nafarroan bukatuko da, Iruñean. 2.535 kilometro egingo dituzte hamar egunean. Batzuk leloarekin egingo dute bidea: bat eta zuk hitzak elkartuta, euskarara batzeko deia egingo dute. «Herritarrak gonbidatzea» da asmoa.

Ostegunarekin abiatuko dira Otxandion, arratsaldean, eta Gasteiz aldera joko dute. 19:00 aldera sartuko da Korrika Arabako hiriburura, eta 21:00 bueltan izango da erdialdean. Lizarratik barrena, Erribera aldera hartuko du ondoren, eta Nafarroa ekialdetik egingo du iparralderantz. Donibane Garazi izango da hurrengo hiriburua: apirilaren 2an, igandearekin, 11:00 aldera. Baionan izango da arratsaldean, 17:30ean. Maulen, biharamun goizean, 10:00etan.

Baigorritik barrena Nafarroara itzuliko da Korrika astelehen arratsaldean; 19:20an espero dute Elizondon. Doneztebera eta Ultzamara joko du, baina ez da Iruñerrira iritsiko —han amaitzekoa da—; Irurtzundik iparraldera joko du, Lekunberrira. Betelutik, Gipuzkoara sartuko da astearte goizean, apirilaren 4an: 08:00etarako Tolosan. Beterritik Irunera iritsiko da, eta Donostiara gero: 18:45ean sartuko da, baina 21:30 joko dute erdialdeko kaleetara heltzerako.

Urola Kosta inguruan egingo du gaua, eta kostaldetik sartuko da Bizkaira: hilaren 5ean, Ondarroan, 10:20an. Lekeition eta Gernika-Lumon ere izango da egun horretan. Bilbora biharamunean sartuko da, arratsaldean, Ezkerraldea pasatu eta gero. Arratsalde gehiena hiriburuan egingo du: 17:30ean sartuko da, eta 21:30ean irtengo da. Hegoaldera joko du handik, Arratian barrena, Amurriora eta Laudiora; ostiral goiz-eguerdian izango da leku haietan.

Durangaldetik Eibarrera, ostiral gauean Gipuzkoan izango da berriro ere Korrika. Bergara aldetik Goierrira hartuko du. Arrasate aldetik Arabara sartuko da berriro, eta Iruñerako bidean jarriko da lasterraldia orduan. Larunbat iluntzean Aguraindik igaroko da, eta Altsasun (Nafarroa) izango da 23:00 aldera. Sakanatik jarraituko du gauean Iruñerako bidean.

Iruñean goizetik

Goizaldean iritsiko da Iruñerrira: Berriozarren 05:00etarako. Iruñean eta inguruko herrietan sartu-irtenean ibiliko da lasterraldia goizean; Iruñeko alde zaharrean, adibidez, 10:30 bueltan izango da. Azkena 12:30ean izango du, Sarasate pasealekuan. Han irakurriko dute lekukoaren barruko mezua. Orain hurrena, 2007an amaitu zen Korrika Iruñean, eta Xabier eta Miren Amuriza aita-alabek egin zuten lekuko barruko mezua.

Batzuk leloa du 20. Korrikak. Bat eta zuk bildu dituzte mezuan: «Hizkuntza, kultura, mundu bat sendotzeko bidean, zuk ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza aberastasuna eta kultura aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz eta ahalbidetuz». Batzeko deia da. Horrekin batera, aurtengo Korrikako mezuetako bat berdintasunarena izango da: «Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditugu. Justizia kontua da: hizkuntza gutxitu baten iraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa». Euskarak eta euskal hiztunek pairatzen dutenez berdintasunik eza, ezinbestekotzat jo dute neurriak hartzea.

Ibilbidea zehazturik, kilometroen salmenta da hurrengo pausoa. Agendan badira seinalatutako egun gehiago. Aurki hasiko da Korrika Kulturala; hainbat herritan kultur ekitaldiak antolatuko dituzte Korrikaren bueltan. Hilaren 25ean emango dute egitarauaren berri. Otsailaren 11rako dute jarria beste ekitaldi bat. Hogeigarren aldia izango du Korrikak aurten, eta urteurrena ospatzeko jaia egingo dute Ficoba erakustazokan, Irunen (Gipuzkoa). 1980an egin zuten lehenbiziko Korrika, Zuk ere esan bai euskarari leloarekin, Oñatitik (Gipuzkoa) Bilbora. Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte aurten.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea